Aste bukaera hau askok gogoratuko dugu larunbatean egin zuen haizetearengatik. Zintia delakoak, ekaitz perfektua batailatutako izenez ezagutua, estatu espainiarreko probintzia ugari alerta gorrian utzi zituen. 140 km/h-ko haizeteak neurtu ziren gure lurraldean.
Aste bukaerako plan ugari bertan behera gelditu zitzaizkidan Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriengatik ostiral eguerdian. Larunbatean Mungian Euskadiko duatloiko zirkuituko lehenengo proba ospatu behar zen, herri honetako II. duatloia, baina bertan behera gelditu zen eta epaile lanak egin behar nituen. Beraz etxean gelditzea tokatu zitzaidan.
Ostiral gauen, larunbatean ez nintzenez goiz jaiki behar lagunen lokalera hurbildu nintzen. Han ordu pare batean eguneratu eta barre itzelak egin genituen. Larunbatean egun pasa Bizkaira joan beharrean Oñatin gelditu nintzen. Goizean kafea hartu eta egunkaria irakurri nuen, aspaldiko ohitura bat berreskuratuz. Arratsaldean familiarekin egoteko aprobetxatu nuen eta unibertsitateko etxeko lan gisa artikulu pare bat irakurri eta analizatu nituen. Egun honetako bigarren zatian izan zen haizearen indarra nabaritu genuenean. Gauean etxean argi gabe geratu ginen eta zorionez aitak irrati bat dauka pilekin doana. Bartzelonako partidua entzuteko erabili nuen (oraindik puntako teknologiak ez diren gailuak bizitzan aurrera egiteko balio digute).
Gaur goizean jarduna izan dut Bergarako igerilekuan Gipuzkoako igeriketa txapelketako epaile gisa. Baretuta zegoen jada haizearen indarra eta egun gozagarriaz gozatzeko aukera izan dugu kalera irten garenok. Zorionez igerilekuan goiz amaitu dut eta udatiar giro honetaz gozatzeko aukera izan dut.
Esaera zaharrak dio ekaitzaren ostean datorrela barealdia. Agintariek burututako prebentzio lanak nahiko onak izan dira haizeteak eragindako kalteak ikusita (ziur asko kasuren bat edo beste egongo da salbuespena izango dena, baina orokorrean lan ona egin dute oraingoan). Orain balantzea egiteko garaia da. Komunikabide digitaletan ikus daitezke balantze batzuk, ez dizkiet kasu askorik egin ez dudalako orain arte astirik izan baina ziurrenik bihar Asteleheneko Goienkaria hartuko dut eta bertan irakurriko dut gurean haizete honek eragindako kalteak.
Idatzi artikulu bat