Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/11/29 21:11:45.162 GMT+1

Denboraldi berri bat jaiotzera doa

2009 urtea amaitzeko hilabete inguru falta da. Triatloi munduan dihardugunontzat notizia ona da hori. Horrek esan nahi duelako 2010eko denboraldia hasteko gero eta gutxiago falta dela (agian azken urteetan denboraldien arteko mugak difuminatu egin dira neguko triatloiek ere garrantzia hartu dutelako, baina hori beste gai bat da eta ziurrenik aurrerago izango dut horri buruz hitz egiteko aukera).

Esandakoa beraz. Gero eta gutxiago falta da denboraldi berri bati hasiera emateko. Komunitate bakoitzeko proben antolatzaileak bilduz doaz eta egutegiak finkatzen.

Euskadiko triatloi, duatloi eta akuatloi zirkuitua

Urte honetako azaroaren 15ean Eibarren lasterketak antolatu nahi zituzten erakunde et atalde desberdinetako kideak bildu ziren Euskadiko Triatloi federazioak deiturik. Bertatik irten zen 2010erako behin-behineko egutegi bat.

31 proba!!! Lehen aldiz ikusi nuenean egutegi hau oso luzea iruditu zitzaidan. Bai proba kopuruarengatik, baita iraupenarengatik (otsailaren 20an hasi eta urrian bukatu – Arriaran-eko Duatloi krosa). Nire laugarren urtea da federatuta egingo dudana eta ez dut gogoratzen hain denboraldi luzea inoiz.

Bigarren irakurketa batean nobedade ugari ikusi nituen: Usurbil, Barakaldoko Distantzia Luzeko duatloia, Zornotza eta Ermua. Hori horrela izanda ezbairik gabe esan dezakegu kirol hau urtetik urtera haziz doala eta berri nahiko positiboa mundu honetan gaudenontzat.

Denboraldiko helburuak

Oraindik goiz da ezer esateko baina argi eta garbi daukat disfrutatzeko denboraldi bat izan behar dela. Kategoria aldaketa dakarren ondorio bat da, 23 urtez azpikotik absolutuetara. Jada ez naiz iaz bezain lehiakorra kategoria berri honetan horregatik mentalitate aldaketa sakona izango da (lehengo urteetan nire helburuak ez ziren postuak lortzea, ahalik eta ondoen egitea jardunak baizik, bain kategoria hartan lehian egoteak pixka bat motibatzeko laguntzen zuen).

Argi daukat baita ere aurten triatloietan zentratu nahi dudala denboraldia (maiatzetik abuztura) eta denboraldiko lehen zatian, duatloiak direnak nagusi, epaile lanak egin. Horregatik orain argien daukadan helburutako bat Alpe d´Huez-eko triatloia burutzea da. Lagun batekin batera esku artean dugun proiektu bat da eta esperantza asko ditut berau gauzatzeko.

Denboraldiko beste helburu bat Distantzia Luzeko Triatloi bat izango litzateke, jartzen diodan baldintza korrikako sektorea azkena eta 30 km. ingurukoa izatea. Mota honetako triatloia ekainean edo irailean egingo nuke.

Oraindik goiz da esateko ze distantzia luzeko triatloi egingo dudan baina lagunak esan dit Tristar Andaluzia izan daitekeela aukeratua. Niri gustatuko litzaidake Gasteizko Europako txapelketan parte hartzea baina ez dakit zelan egingo duten parte hartzaileen aukeraketa.

Alde batetik antolatzaileekin egoteko aukera izan genuen eta azaldu zuten negoziatzen ari zirela ITU-rekin partaidetza herrikoi bat izateko helburuarekin edadeen taldeetan. Beste alde batetik federazioko arduradunek esan didate aurreko aukera oso zaila dela gauzatzea aurreko urtetik sailkatu egon behar delako. Hori guztia kontutan izanda proba hori airean dago eta Andaluziakoa berriz azken aukera edo alternatiba bezala hartu dut.

Uste dut denboraldia oso polita izango dela.

Nork: piban.2009/11/29 21:11:45.162 GMT+1
Etiketak: bat doa jaiotzera berri denboraldi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak