Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2006/10/12 21:00:37.500 GMT+2

Aste bukaera bikaina!!!

Pasa den aste bukaera oso ona izan zen niretzat. Oso ongi pasa nuen eta gauza asko ikasi nituen.

Larunbatean Amurrion izan nintzen. AVAFIEP elkarteak antolatu zuen atletismo jardunaldian. Bertan izan ziren Martin Fiz, Marta Mendia, Manolo Martinez eta Purificacion Santamarta besteak beste.

Gauza asko ikasi nituen atleta hauengatik, bakoitzak bere esparruan. Martinek maratoiari buruz hitz egin zigun, Martak saltoei buruz, Manolok indarrari buruzko hitzaldi txiki bat eman zuen (pare bat bideo ikusgarrirekin) eta Purik bere kemena eta adorea erakutsi zigun, paralinpiar atleta baten ikusten ez dugun aldea.

Beste bi pertsona ere izan ziren, hauek ez oso ezagunak beraien lana ez baita ikusten. Bata Pablo Mas izan zen, Amurrioko atletismo eskolako zuzendaria eta bestea Victor Clemente, Arabako federazioko zuzendari teknikoa. Lehenengoak atletismo eskola bat nola sortu herri txiki batean eta horrek dakartzan arazoei buruz hitz egin zigun eta bigarrenak nola jorratu atleta bat.

Esandakoa, gauza asko ikasi nituen eta eskertzekoa da antolatzaileek egindakoa dena ongi ateratzeko. Hamarretan hasi ginen eta zortzi erdiak pasata bukatu genuen, egun luzea izan arren oso entretenigarria iruditu zitzaidan.

Ea datorren urtean antzerako zerbait egiten den. Gustura bueltatuko nintzateke Amurrioko antzokira (hamar mila biztanleko herri batentzat oso antzoki ona dela deritzot).

Igandea ere izugarria izan zen. Askok dakizuenez Fernando Alonsoren jarraitzailea naiz. Orain arte bera izan da bakarra goizean goiz jaikitzeko gai izan dena. Australiako sari nagusian goizeko bostetan altxatu nintzen bera ikustera eta igande honetan antzerakoa gertatu da, goizeko seiak eta laurdenetan telebistari begira nengoen.

Emaitza honezkero askok jakingo duzue. Alonso garaile eta munduko txapelketan bigarren doana, Michael Schumacher alemaniarrak motorra apurtu zuen. Hau da, 22an Alonsok puntuatuz edo ez badu puntuatzen eta Michael-ek irabazi ez, bigarrengoz jarraian asturiarra munduko txapeldun. Azkar esaten da hori.

Goizeko momenturik onena, zortziak eta bostetan. Alemaniarraren kotxe gorritik ke zuria ikusi nionean. Sinestezina zen. Bazirudien orain dela bi aste dena galduta zegoela eta Michael-ek eskura zeukala bere zortzigarren txapelketa, eta momentu batean nola aldatzen den dena.

Nik banituen nire itxaropenak, Txinako saritik asko jaitsi zitzaidanak (mundu guztiari bezala) baina ez nuen espero emaitza hori. Lehenengo sari nagusitik nire itxaropen guztiak jarri nituen Alonsorengan eta ez dut amore eman.

Datorren urtean ere, lehenengo sari nagusia hasi baino lehenago apustu egingo dut Alonsok irabaziko duela bat formulako munduko txapelketa, McLaren taldean ariko da. Espero dut hirugarren munduko txapelketarengatik borrokatzea, eta ez bigarrena. 

Pozez betea abiatu nintzen Gasteizera. Eta oraindik igandea ez zen bukatu. Gabean Cuatro katean House telesailari buruzko berezi bat bota behar zuten: House unplugged.

Gustuko dut telesail hori. Barre asko egiten ditut hori ikusten eta orain orduak kontatzen ari naiz igandea iristeko eta bigarren denboraldiaren bukaera berriro hasteko irrikaz nago.

Nork: piban.2006/10/12 21:00:37.500 GMT+2
Etiketak: house purificacionsantamarta cuatro martinfiz amurrio 1f atletismoa manolomartinez | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Aupa Piban!!!

Ikusten doten moura a tope zabitz, e? Aspaldixan neuen zeure blogera sartu baik... baina kao, ia behin sartuta ze gutxiu idaztia baino, ez?

Kirolan munduan be buru belarri sartuta; pozten naiz lortuttuzun emaitzengatik, ta zeuri gustaitten xatzuna itten zabitzelako. Gustaitten xat zela idazten dozun, ze estilo dakotzun... ta badakitt beti gustau izan xatzula idaztian mundua ta kazetaritza, segi holaxe!

Eztaitt momentu honaittan ze gehixau kontau, hurrengo baten eongo gaielakuan agurketan naiz. Ondo ondo segi! Ta hurrengo baterarte!

 

Nork: Zuri.2006/10/13 21:24:33.578 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak