Txapelketa egingo den ingurua
Gasteiz izango du gune nagusitzat ekainaren 26an ospatuko den Distantzia luzeko Europako triatloi txapelketak. Ez da sekretu bat hiri honetan bizi izan dudan denboran maitemindu egin naizela. Bere handitasunean zerbitzu eta azpiegiturek daukaten hurbiltasunaz, hiriak inguratzen duten paisaiez, unibertsitate inguruan bizi den giroaz... Onartu beharra daukat Gasteizek unibertsitate lehenengo urtean harrapatu ninduela eta ezin izan naizela korapilo horretatik askatu.
Igeriketa Landa lakuan izango da. Hiruki formako ibilbide bati bi bira eman beharko diogu. Agian gune hau izan da Gasteizen bizi izan ditudan urteetan gutxien zapaldu dudana, hiritik 25 kilometrora baitago eta horra heltzeko azpiegiturak oso eskasak dira kotxerik ez izanez gero. Baina hala ere leku oso erakargarria udaberriko edo udako egun bat igarotzeko dituen zerbitzuengatik eta dagoen tokiarengatik.
Bizikletako ibilbidea oso laua da. Arabar lautadatik igaroko da. Landatik irten eta Zalduondoko herrira joango gara, hortik Agurainera eta nazional zaharretik Gasteizera. Hiriburura sartu gabe Buesa inguruan bira egingo dugu eta Landara berriro bigarren bira hasteko. Bigarren bira horretan bizikleta Buesa Arenako inguruetan utziko ditugu eta korrikako zapatilak jantzi korrikako azken sektoreari aurre egiteko. Bizikleta zirkuitua eginda daukat eta esan dezaket oso laua dela. Bataz besteko abiadura altuak lor daitezke haizeak errespetatzen badu eta zailtasun teknikorik gabekoa. Probako zatirik “errazenak” dudarik gabe igeriketa eta bizikleta.
Korrikako ibilbidea Salburua parkean izango da. Hamar kilometroko hiru bira eta Buesa Arena pabiloitik barrenetik igaroko da. %50 pista eta % 50 asfaltoa. Bertan korrika saioren bat edo beste eginda ditut. Eguzkia egiten badu badaude itzalguneak baina ez dira ugari hauek. Jendearen animoak inoiz baino beharrezkoagoak izango dira probako zati honetan. Amaiera benetan polita izango da, Europa mailan dagoen saskibaloi talderik onenetakoaren etxean eta hainbat gau magiko oparitu digun lekua.
Idatzi artikulu bat