Amaitu da jada 2009ko Frantziako Tourra. Hiru astez munduko txirrindularitzarik onenarekin gozatzeko aukera izan dugu beste urte batez zaleok. Azpimarratu behar dira momentu eta pertsonai ugari. Horra ba laburpen txiki bat.
Alberto Contador
Tourreko erregea. Bigarren garaipena lortu du Pintokoak. Berak aipatu bezala bi lasterketa izan dira, bata errepidean (erraz eta nagusitasun osoz irabazi duena) eta bestea hotelean (gogorragoa eta psikologikoki prestatuta joan zena).
Adituek diote Contador urte askotarako izango dugula Tourrean. Nire ustez dena ongi joaten baldin bada adierazpen horiek zuzenak dira baina esan beharra dago urte batean euri asko egiten duela eta edozer gerta daitekeela. Hala ere gauzak ongi badoaz ikuskizuna ziurtatuta dugu txirrindulari honekin eta etorkizunean arerioak ere izango ditu gauzak zail jarriko dizkiotenak (Andy Schleck gaztea eta datorren urtean Lance Armstrong amerikarra).
Euskaldunak
Atal honetan dudarik gabe aurtengo Tourrean etapak irabazi duten bi txirrindulari euskaldunak aipatu behar dira: Mikel Astarloza pasaitarra eta Juanma Garate irundarra. Bost urte ziren euskaldun batek etaparik ez zuela irabazten Tourrean (azkena Aitor Gonzalez-ek 2004ean) eta berriro gure herrialdeko bat podiumaren goian ikustea zirraragarria izan da.
Bi garaipenak izan ziren ikusgarriak. Biak ihesaldi batean ostean eta lan asko egin ostean. Biek zituzten aukera gutxi helmugara lehenak iristeko baina azkenean errepideak bakoitzari dagokion tokian uzten dio eta merezitako garaipenak lortu zituzten. Pena Mikelek ezin eutsi izana sailkapen nagusian lehenengo hamarren artean egoteari, baina etapa garaipenarekin gustura izango da ziur gipuzkoarra.
Ikusgarritasuna
Aurtengo Tourrak gora behera asko izan ditu ikusgarritasunari dagokionean. Lehenengo bi asteak aspertzekoak izan ziren. Etapa batzuk salbu (Monakoko erlojuz kontrakoa, taldekako erlojuz kontrakoa eta Pirinioetako lehenengo etapa) beste guztia aspergarria izan da.
Tourmaletari ezin zaio egin aurten egin zaiona. Etapako azken mendatea izatea eta helmuga 70 kilometrotara kokatzea. Alde batetik txirrindulariek gero eta ausardia gutxiago erakusten dute (salbuespenak beti egongo dira) eta beste alde batetik pertsonak dira eta erronka zail eta gogorren aurrean patxadan jokatzen dute.
Azkeneko astean kontzentratu zuten antolatzaileek zailtasun handienak Alpeekin eta Mont Ventoux-arekin. Izugarria izan zen azken honetako aldapak jendez lepo ikustea telebistatik larunbatean. Portu bat horrela igotzea inoiz bizi izan den bizipenik politenetakoa izan behar da.
Azpimarratu hemendik Juanjo Orozen hitzak. Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean aipatu zuen taldeak lan handia egin zuela lehenengo bi asteetan etapa baten bila eta beraiengatik ez balitz Tourra oso aspergarria izango litzatekeela. Gaineratu zuen Euskaltel-Euskadi taldea izan zela ihesaldietan gehien sartu zen taldea. Agian, nire ustez, hitz gogorrak dira horiek eta txirrindulari batek egin behar ez dituenak oraindik ezer lortu ez duen momentuan eta gainera guztiok jakinda Tourra ez zela ari izaten ikusgarria inorentzat.
2010eko edizioa
Faborito nagusia dudarik gabe Alberto Contador. Nork kenduko dion erregearen tronua batek daki. Hautagaiak hamaika izando dira: Schleck anaiak, Armstrong, Sastre, Evans, Menchov, Wiggins... Baina oraindik asko falta da eta txirrindularitza denboraldia oraindik ez da amaitu. Aurretik proba garrantzitsu eta politak izango ditugu: Donostiako klasikoa larunbatean, Espainiako itzulia irailean eta munduko txapelketa besteak beste.
Segi gozatzen kirol eder honekin!!!
Idatzi artikulu bat