Txapelketa bikaina aurtengoa ere!
Bikain joan zen lehengo azaroaren 27an Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa. Laugarren edizioa genuen eta inoizko jendetsuena gertatu zen guztiz ere.Giro eta umore ederrean bildu zen jendea, eta aspaldiko lagunekin batean, hantxe azaldu ziren lehiakide berri batzuk ere. Pozgarria datua, pittinka-pittinka aitzina goazela erakusten diguna. Hogeita zortzi lagunek ekin zioten lanari eta bost akats baizik ez zituen egin hogeigarrenak, finalaurrekorako sailkatu zen azkeneko lehiakideak, berea eskatzen zuen taulari aurre egin ondoan! Bikaina lehiakideek erakutsi zuten maila!

Finalaurreko saltsa eta komeriak
Finalaurrekoak ez du barkatzen eta gero eta urduriago sumatzen ziren hartan lehiatu beharreko lagunak. Sendo ekin zioten halere lanari, aurrekoaren aldean aparteko zailtasunik ageri ez zuen egitekoari. Ezustekoak izan ziren ordea.
Mayi Iza izan zen lehendabizikoa lana entregatzen, akatsik gabeko lana hain xuxen ere. Horra lehenengo finalista! Hiru minuturen buruan bukatu zuen Ainhoa Arregi bilbotarrak, baina lauki bat behar bezala bete gabe. Zain egon behar. Haren ondotik etorri zen Xabier Dorronsoro eta Ibon Zaldua donostiarren txanda. Finalistak izanak ziren 2009an eta akatsik ez zieten erreparatu epaileek haien lanei. Finalean ziren berriro ere… ustez. Ondoren bukatu zuten Beñat Intxauspe zarauztarrak eta Iker Zarraga zaratamoztarrak, akatsik gabe berauek ere. Finalean zen beraz Beñat, laugarren finalista!
Hantxe genituen lau finalistak eta, hori ustekabe handia, finaletik kanpo zeuden ordurako Txipi Ormaetxea, aurreko bi urteetako txapelduna, eta Oier Zulaika gasteiztarra, iazko finalista. Bitartean, xuxen eta akatsik gabe entregatu zuen lana Txema Garcia-Vianak... ustez oraingoan ere.
Proban aurrera egin arau entregatu zituzten gainerako lehiakideek beren lanak, akats bakarrarekin haietako askok. Eta horretan geundela hona non antolatzaileengana jo duten Xabier Dorronsorok eta Ibon Zalduak esanez berek ere akats bat eginak zirela eta egoera hura zuzendu beharra zegoela. Lanak berriro zuzendu eta epaileen hutsa egiaztatu zenean, honako lehiakide hauek genituen finalean: Mayi Iza, Beñat Intxauspe, Iker Zarraga eta Txema Garcia-Viana. Halaz ere, lanak badaezpada ere berriro zuzendu eta Txemak adierazi ez zitzaion oker bat egin zuela ohartu ziren epaileak. Horrenbestez gertatu zen finalean Ainhoa Arregi bilbotarra. Ez ziren, ez, finegi ibili epaileak, baina zuzentasuna nagusitu zen azkenean Xabier Dorronsoro eta Ibon Zalduaren portaera jatorrari esker. Bestalde, gogoan edukiko dute lehiakide askok “baketuak” madarikatu hura.
Mayi Iza garaile
Finalari ekin eta urduritasuna sumatu ahal izan zen kubo berdearen inguruetan. Aurrera jo zuen ordulariak, finalistek kanpokook oso garbi dauzkagun hitz horietara iristeko dituzten zalantzek eta ezinek tenkaturiko giroan, eta pixkana-pixkana ohartu ginen bi emakume finalistak aiseago moldatzen eta lana ari zirela bi gizonak baino. Ordu erdiaren hegian bukatu zuen Mayik lana, bikain, eta bukaeraraino eutsi zioten gainerako hirurek, lanari fin eta zuzen ekinik.
Giro aparta bazkaritan eta bazkalondoan
Gauza askori buruz hitz egiteko aukera izaten dugu txapelketa egun guztian zehar, baina bazkalondoa da inolaz ere une aproposena horretarako, bertsoek, musikak eta jai-giroak alaitutako emanean. Momentu hunkigarriak bizi izan genituen sarien banaketan, aurren gelditu zirenen dohainak txaloen artean aitortzen genituen bitartean, eta une laxoagoak etorri ziren ondotik, mahaiaren inguruan betiere.
Bestalde, egokiera polita izaten dugu egun horretan antolatzaileok txapelketako gorabeherei buruz hitz egiteko. Iradokizun ugari eta zein baino zein interesgarriagoak jaso ditugu aurten, eta oraingoz hauxe baizik ez dezakegu aurreratu: aldaketa garrantzitsuak, hoberako jakina, bideratuko ditugu heldu den urteko saioan. Iragarriko.
Esker mila txapelketan lehiatu zinetenoi eta, oro har, lumazale guztioi. Zuek gabe ez dago LUMArik, ez eta txapelketarik ere. Mila esker anitz!
SAILKAPENA
1. Mayi Iza
2. Ainhoa Arregi
3. Beñat Intxauspe
4. Iker Zarraga
5. Xabier Dorronsoro
6. Ibon Zaldua
7. Mikel Agirresarobe
8. Oier Zulaika
9. Beñat Muguruza
10. Txema Garcia-Viana
11. Josu Zabalo
12. Idoia Genua
13. Txipi Ormaetxea
14. Xabier Azkue
15. Erruben del Cura
16. Erlantz Ibargurengoitia
17. Olga Genua
18. Mertxe Calafel
19. Ander Epelde
20. Joseba Lizeaga
21. Beñat Elosegi
22. Arantxa Iraeta
23. Xabier Ormaetxea
24. Patxi Beltran de Heredia
25. Miren Irigoien
26. Ander Agiriano
27. Egoitz Larrañaga
28. Gotzon Aizpiolea
Idatzi artikulu bat