2011/11/15 09:51:53.501 GMT+1
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketa "Ele-alea" irratsaioan
Nork: Luma.2011/11/15 09:51:53.501 GMT+1
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/09/13 10:38:06.213 GMT+2
Hemen da EUSKAL HERRIKO HITZ GURUTZATUEN V. TXAPELKETA

EGITARAUA
Bitan banatuko da Txapelketa eguna. Goizean, eguerdiko ordu biak arte, izango dira lehiaketa-proba guztiak, baita finala ere, eta bazkalondoan egingo da sari-banaketa. Egun guztian, arratsaldeko 18.30ak arte, luzatuko da beraz jardunaldia.
2011ko azaroaren 26aren goizeko 9.30etarako bilduko dira lehiakide guztiak Ola Sagardotegian (Meaka auzoa, Irun), eta goizeko 10.00etan hasiko da saioa, lehiakide guztiak aretoko mahaietan egokitu eta gero. Ikasleak azterketetan bezala ariko dira lehiakideak eta hiztegi-liburuak erabili ahal izango dituzte. Ez da ordenagailurik onartuko. Lehiakideen esku jarriko dute antolatzaileek lehiaketarako behar duten guztia. Lau ekinaldi izango ditu lehiaketak: kanporaketako bi saioak, finalaurrekoa eta finala.
TXAPELKETAK EGITURA BERRIA
Txapelketa Ola Sagardotegian
2007. urtean hasi zenetik, Irungo ‘Bidasoako E.K.T.’ elkartean jokatu dira Txapelketaren aurreko edizio guztiak. Aurten, ordea, Ola Sagardotegian jokatuko da, Irunen betiere. Jokalekuaren egokierak eta edukierak bultzatu gaituzte erabaki honetara. Aurkientza zoragarri batean dago, XIV. mendeko burdinola batean, eta lehiakide gehiago zabal eta behar bezala hartzeko aukera eskaintzen digu.
Txapelketako jokoak, hiru beharrean lau
Orain arte, hiru joko bete behar izan dituzte txapelketako lehiakideek, finalera iristeko. Bosgarren edizio honetan, ordea, lau taula bete beharko dituzte: 10 x 10 laukiko taula kanporaketako I. saioan, 11 x 11 laukiko taula kanporaketako II. saioan, 12 x 12 laukiko taula finalaurrekoan, eta 15 x 15 laukiko taula finalean. Kanporaketako bigarren saioaren ondoan egingo da aurreneko bereizkuntza, hamasei lehiakide igaroko baitira finalaurreko saiora. Beti bezala, lau lagunek hartuko du parte finalean.
Txapelketako jokoen iraupena
Hiru ordu laurden, 45 minutu, iraungo du txapelketako txanda bakoitzak. Halarik ere, orain arte bezala, ordu beteko aukera izango dute finalera iritsitako lehiakideek lana betetzeko. Orain arte, ordu beteko epea zuten lehiakideek joko bakoitzari ekiteko.
Aldaketa esanguratsuak sarietan
Berritasun egiaz garrantzitsuak bideratu ditugu arlo honetan ere. Hona hemen:
Finalera iritsi diren lehiakideak
1. postua. Txapela, 350 € eta oroigarria.
2. postua. 225 € eta oroigarria.
3. postua. 120 € eta oroigarria.
4. postua. 60 € eta oroigarria.
Finalaurrekoan parte hartu duten beste lehiakideak
5. - 16. postuak. 20 € eta oroigarria.
Kanporaketan parte hartu duten beste lehiakide guztiak
17. postutik aurrera. Oroigarria.
Irungo Udala babesle ofiziala
Irungo Udala izango da Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketaren babesle ofiziala. Berealdiko garrantzia duen albistea da hori, Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketaren ezagutza ofizialaren bermea agerian uzten duen aldetik.
V. Txapelketak laguntzaile bereziak
Goi mailako eta omen handiko etxeen laguntza jasoko du Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketak bere bosgarren edizioan: Euskadiko Kalitatea Fundazioa, eusko labelak bideratzen eta koordinatzen dituen erakundea, eta Irungo Ola Sagardotegia, Bidasoalde guztian ongi ezaguna den marka. Euskarri ezin hobea eskainiko diote bi etxeek gure txapelketa xume honi.
IZEN EMATEA
Hala nahi duten zale euskaldun guztiek har dezakete parte Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen V. Txapelketan.
25 euro ordainduko ditu txapelketan parte hartu nahi duen lehiakide bakoitzak (txapelketa + bazkaria). 20 euro, LUMA hilabetekariaren harpideduna bada. Bazkaritan gelditzeko aukerarik ez duen lehiakideak izen emateko kuota baizik ez du ordainduko.
2011ko azaroaren 23an bukatuko da izena emateko epea.
Bertan, txapelketa egunean eta lekuan, ordainduko dira izen-emateari eta bazkariari dagozkien kuotak.
Lau modu nagusi izango dituzte hala nahi dutenek izena emateko orria eskuratzeko: LUMA aldizkariaren bitartez, Interneten www.xedera.com helbidean, eta honako helbide hauetara jorik:
Postaz, e-postaz, web gunean edo telefonoz emaizkiguzu datuak:
Tel. 943630883 / 943629564
E-posta: xedera@xedera.com | www.xedera.com
Luma Aldizkaria / Txapelketa, 307. P.K. 20300 IRUN, Gipuzkoa.
Nork: Luma.2011/09/13 10:38:06.213 GMT+2
Etiketak:
irun
hitz
txapelketa
euskal
luma
herriko
gurutzatuen
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/07/29 09:47:34.546 GMT+2
Basauriko eta Bergarako hitz jokoak
Kaixo denoi. Azken bi mezuetan Basauriko eta
Bergarako Hitz Gurutzatuen Txapelketen berri eman genizuen. Honako honetan, bi
txapelketa horietako parte hartzaileek egin behar izan zituzten jokoak on line
egiteko aukera luzatu nahi dizuegu.
Joko hauek egin ahal izateko, lehenik "across lite" deritzon
aplikazioa instalatu behar duzue ordenagailuan, honako lotura honetan klik
eginez eskuratu ahal duzuena: http://www.litsoft.com/across/alite/download/
Ondoren, honako zerrendako edozein jokoren gainean klik egin, eta jokoak
zabaldu edo ordenagailuan gordetzeko aukera izango duzue. Jokoak ordenagailuan
gordez gero, hasten dituzuen partidak amaitu gabe gorde eta beste uneren batean
utzitako joko egoera berean berreskuratzeko aukera izango duzue. Tira ba,
besterik ez. Esan bezala, hona jokoak, eta on egin!
UEMA Eguna - Bergara - 2011-06-04
Bikotekako I. Hitz Gurutzatuen Txapelketa
Basauriko II. Hitz Gurutzatuen Txapelketa 2011-06-11
Nork: Luma.2011/07/29 09:47:34.546 GMT+2
Etiketak:
on
sarean
jokoak
lite
line
across
luma
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/07/20 18:07:59.144 GMT+2
Basauriko Hitz Gurutzatuen II. Txapelketa
Hauxe izan zen azken lau finalisten sailkapena:
Hiru aldi edo fase izan zituen txapelketak: kanporaketa, finalaurrea eta finala. Azken frogara heldutako laukotearen arteko lehiatik, norbaitek behar eta Iñigo Isuskiza Basauriarra nagusitu zen azkenean, berarekin txapela, Luma aldizkariaren urte baterako harpidetza, Dostaizu! , Euskarbel eta Euskal Herriko Txapelketarako dietatxue etxeratu zituelarik. Gainontzeko hiru finalistak ere ez ziren etxera esku hutsik itzuli, antolakuntzak Luma aldizkariaren urte baterako harpidetza, Dostaizu! eta Euskarbel bana oparitu baitzien.
Luma taldeko kideak arduratu ziren, jokoen prestakuntzaz eta haien egokieraz eta zuzentasunaz.
Giro bikaina beraz Basauriko Hitz Gurutzatuen II. Txapelketan. Zorionak antolatzaileei eta parte hartzaile guztiei!





Nork: Luma.2011/07/20 18:07:59.144 GMT+2
Etiketak:
basauriko
ii
hitz
gurutzatuen
txapelketa
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/07/20 13:04:54.688 GMT+2
UEMA Eguna 2011 Bergara - Hitz gurutzatuen I. Txapelketa
Hona hemen finalera iritsi ziren lau bikoteak:
1.- Ibon Zaldua - Aloña Aranburu
2.- Txipi Ormaetxea - Oier Zulaika
3.- Irantzu Casanellas - Nerea Altzelai
4.- Maialen Sistiaga - Beñat Muguruza
Ibon Zalduak eta Aloña Aranburuk osatutako bikotea izan zen nagusi. Zorionak txapeldunei eta parte hartzaile guztiei!!!
Lehiaketa nagusiaz aparte, herritarrek betetzeko hitz gezidunen jokoa ere eskaini zen eta oso harrera ona izan zuen, 140 erantzun jaso baitziren.
Hona hemen txapelketako zenbait argazki, Goiena komunikazio taldearen eskutik jaso ditugunak:
Partehartzaileak: Zorionak denoi!







Aloña Aranburu eta Ibon Zaldua txapeldunak. Bejondeizuela!
Nork: Luma.2011/07/20 13:04:54.688 GMT+2
Etiketak:
i
uema
hitz
-
txapelketa
gurutzatuen
bergara
2011
eguna
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/07/20 10:11:59.237 GMT+2
Udako alea
On egin dizuela!

Nork: Luma.2011/07/20 10:11:59.237 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2011/04/01 17:07:30.756 GMT+2
Udaberriko alea

Nork: Luma.2011/04/01 17:07:30.756 GMT+2
Etiketak:
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/12/27 13:13:40.982 GMT+1
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IV. Txapelketako jokoak
Kontatu bezala bikain joan da aurtengoan ere Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IV. Txapelketa, eta ohitura dugun bezala, Txapelketako jokoak urtarrileko Luman plazaratuko ditugu, bai eta www.xedera.com web gunean ere, azken horretarako denbora gehixeago beharko dugun arren.
Dena den, estreinatu berri dugun blog honetan ere hainbat joko plazaratu ahal izateko aukera desberdinak aztertzen eta probatzen ari gara, eta hona hemen lehendabiziko saiakera.
Jokoak egin ahal izateko, Across Lite deritzon programatxo bat instalatu beharra dago ordenagailuan. Oso prozedura xinplea da.
http://www.litsoft.com/across/alite/download/ loturan klik egin, eta bizpahiru pausu jarraitu ostean egina izango duzue.

Ondoren, beheko loturetan klik egin eta Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen IV. Txapelketako hiru jokoak deskargatzeko aukera izango duzue.
Kanporaketako jokoa
Finalaurreko jokoa
Finaleko jokoa

On egin!
Nork: Luma.2010/12/27 13:13:40.982 GMT+1
Etiketak:
jokoak
hitz
gurutzatuak
online
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/12/22 17:50:17.333 GMT+1
Hilabetekari izatetik, hiruhilabetekari izatera
Luma hitz jokoen aldizkariak 2002. urteko urtarrilean ekin zion hitz jokoak euskaraz sortu eta argitaratzeari. Ordutik, hilero-hilero zintzo bete du bere egitekoa, 2010 urte kritiko eta malapartatu honetako abendurarte behinik-behin. Honek ez du esan nahi aurrerantzean Luma aldizkaria argitaratuko ez denik, baina egoerak behartutako baldintzapean egin beharko du. Diru laguntzetan murrizketak pairatu eta laguntza eske ate joka abiatu eta sudurreko frango jaso ostean, gastuak murriztu eta hiruhilabetekoa argitaratzea besterik ez zaigu geratu.
Hala ere, pozik bukatu dugu urtea, 2011ko lehen Luma izango dena
inprimategian baitago jada, Euskal Herriko Hitz gurutzatuen Txapelketako
jokoak, kronika, hainbat joko eta proposamen berri, 64 orrialde mamitsu eta
lehiaketaren asmatzaileen artean zozketatzeko sari bikainak bere baitan
dakartzalarik.
On egin dizuela, eta urte berri on denoi!

Nork: Luma.2010/12/22 17:50:17.333 GMT+1
Etiketak:
sudoku
hitz
hizki
aldizkaria
gezidun
gurutzatu
zopa
luma
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2010/12/02 12:51:43.901 GMT+1
Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketak Txapeldun berria du
Txapelketa bikaina aurtengoa ere!
Bikain joan zen lehengo azaroaren 27an Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa. Laugarren edizioa genuen eta inoizko jendetsuena gertatu zen guztiz ere.Giro eta umore ederrean bildu zen jendea, eta aspaldiko lagunekin batean, hantxe azaldu ziren lehiakide berri batzuk ere. Pozgarria datua, pittinka-pittinka aitzina goazela erakusten diguna. Hogeita zortzi lagunek ekin zioten lanari eta bost akats baizik ez zituen egin hogeigarrenak, finalaurrekorako sailkatu zen azkeneko lehiakideak, berea eskatzen zuen taulari aurre egin ondoan! Bikaina lehiakideek erakutsi zuten maila!

Finalaurreko saltsa eta komeriak
Finalaurrekoak ez du barkatzen eta gero eta urduriago sumatzen ziren hartan lehiatu beharreko lagunak. Sendo ekin zioten halere lanari, aurrekoaren aldean aparteko zailtasunik ageri ez zuen egitekoari. Ezustekoak izan ziren ordea.
Mayi Iza izan zen lehendabizikoa lana entregatzen, akatsik gabeko lana hain xuxen ere. Horra lehenengo finalista! Hiru minuturen buruan bukatu zuen Ainhoa Arregi bilbotarrak, baina lauki bat behar bezala bete gabe. Zain egon behar. Haren ondotik etorri zen Xabier Dorronsoro eta Ibon Zaldua donostiarren txanda. Finalistak izanak ziren 2009an eta akatsik ez zieten erreparatu epaileek haien lanei. Finalean ziren berriro ere… ustez. Ondoren bukatu zuten Beñat Intxauspe zarauztarrak eta Iker Zarraga zaratamoztarrak, akatsik gabe berauek ere. Finalean zen beraz Beñat, laugarren finalista!
Hantxe genituen lau finalistak eta, hori ustekabe handia, finaletik kanpo zeuden ordurako Txipi Ormaetxea, aurreko bi urteetako txapelduna, eta Oier Zulaika gasteiztarra, iazko finalista. Bitartean, xuxen eta akatsik gabe entregatu zuen lana Txema Garcia-Vianak... ustez oraingoan ere.
Proban aurrera egin arau entregatu zituzten gainerako lehiakideek beren lanak, akats bakarrarekin haietako askok. Eta horretan geundela hona non antolatzaileengana jo duten Xabier Dorronsorok eta Ibon Zalduak esanez berek ere akats bat eginak zirela eta egoera hura zuzendu beharra zegoela. Lanak berriro zuzendu eta epaileen hutsa egiaztatu zenean, honako lehiakide hauek genituen finalean: Mayi Iza, Beñat Intxauspe, Iker Zarraga eta Txema Garcia-Viana. Halaz ere, lanak badaezpada ere berriro zuzendu eta Txemak adierazi ez zitzaion oker bat egin zuela ohartu ziren epaileak. Horrenbestez gertatu zen finalean Ainhoa Arregi bilbotarra. Ez ziren, ez, finegi ibili epaileak, baina zuzentasuna nagusitu zen azkenean Xabier Dorronsoro eta Ibon Zalduaren portaera jatorrari esker. Bestalde, gogoan edukiko dute lehiakide askok “baketuak” madarikatu hura.
Mayi Iza garaile
Finalari ekin eta urduritasuna sumatu ahal izan zen kubo berdearen inguruetan. Aurrera jo zuen ordulariak, finalistek kanpokook oso garbi dauzkagun hitz horietara iristeko dituzten zalantzek eta ezinek tenkaturiko giroan, eta pixkana-pixkana ohartu ginen bi emakume finalistak aiseago moldatzen eta lana ari zirela bi gizonak baino. Ordu erdiaren hegian bukatu zuen Mayik lana, bikain, eta bukaeraraino eutsi zioten gainerako hirurek, lanari fin eta zuzen ekinik.
Giro aparta bazkaritan eta bazkalondoan
Gauza askori buruz hitz egiteko aukera izaten dugu txapelketa egun guztian zehar, baina bazkalondoa da inolaz ere une aproposena horretarako, bertsoek, musikak eta jai-giroak alaitutako emanean. Momentu hunkigarriak bizi izan genituen sarien banaketan, aurren gelditu zirenen dohainak txaloen artean aitortzen genituen bitartean, eta une laxoagoak etorri ziren ondotik, mahaiaren inguruan betiere.
Bestalde, egokiera polita izaten dugu egun horretan antolatzaileok txapelketako gorabeherei buruz hitz egiteko. Iradokizun ugari eta zein baino zein interesgarriagoak jaso ditugu aurten, eta oraingoz hauxe baizik ez dezakegu aurreratu: aldaketa garrantzitsuak, hoberako jakina, bideratuko ditugu heldu den urteko saioan. Iragarriko.
Esker mila txapelketan lehiatu zinetenoi eta, oro har, lumazale guztioi. Zuek gabe ez dago LUMArik, ez eta txapelketarik ere. Mila esker anitz!
SAILKAPENA
1. Mayi Iza
2. Ainhoa Arregi
3. Beñat Intxauspe
4. Iker Zarraga
5. Xabier Dorronsoro
6. Ibon Zaldua
7. Mikel Agirresarobe
8. Oier Zulaika
9. Beñat Muguruza
10. Txema Garcia-Viana
11. Josu Zabalo
12. Idoia Genua
13. Txipi Ormaetxea
14. Xabier Azkue
15. Erruben del Cura
16. Erlantz Ibargurengoitia
17. Olga Genua
18. Mertxe Calafel
19. Ander Epelde
20. Joseba Lizeaga
21. Beñat Elosegi
22. Arantxa Iraeta
23. Xabier Ormaetxea
24. Patxi Beltran de Heredia
25. Miren Irigoien
26. Ander Agiriano
27. Egoitz Larrañaga
28. Gotzon Aizpiolea
Nork: Luma Taldea.2010/12/02 12:51:43.901 GMT+1
Etiketak:
denborapasak
aldizkaria
hitz
txapelketa
jokoak
gurutzatuen
luma
herriko
euskal
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)