2006/09/27 12:15:56.813 GMT+2
Habanara iristean taxilariekin kontu handiz ibili. Jende jatorra da, baina saltsero samarrak eta ahaleginduko dira iruzur egiten. Lehenik eta behin, José Martí aireportuko ‘Cadeca’-n aldatu dirua eta bestela erakunde horrek irlan dituen dozenaka egoitzetan.
Bi txanpon dituzte kubatarrek, "pesoa" eta dolar kubatarra edo "txabitoa". Ameriketako Estatu Batuetako dolarra ez eraman inondik inora. 100 dolarretik 20 kenduko dizkizu Kubako gobernuak eta 80 eman. Euroekin, berriz, inolako arazorik ez duzue izango eta txanpona aldatzerakoan irabazten irtengo zarete. "Pesoak2, berriz, ez du inolako baliorik. Pentsa, 25 peso dira "xabito" edo dolar kubatar bat.
Hori argituta, segi dezagun aurrera. Taxilariekin negoziatu prezioa bidaia egin aurretik. Eurak ohituta daude negoziatzera eta 15 dolar baino gehiago eskatzen badizuete, beste taxilari batengana joan edo eskaini 10. Beti negoziatu, aireportuan eta gerora irlan egingo dituzuen bidaia guztietan. Taxi ofizialak daude eta beste batzuk legetik kanpo dihardutenak.
Biak dira iruzurgileak, baina, ofizialak, behintzat, askoz merkeagoak dira.
Habana da Kubako erakusleihoa eta irlara iristean ezagutuko duzuen lehenengo hiria. Tamalez, gaur egun, Habanan bildu da irlako txarrena. 'Jineteroak' nonahi eta iruzurgile ugari. Eskainiko dizuete rona, puru habanoak, emakumeak, gizonezkoak, haurrak,…degradazioa itzela da. Turisten dirutik bizitzera ohitu dira 'jineteroak' eta Kubako aberats berriak dira gaur egun. Onena da haiei kasurik ez egitea, esatea denbora asko daramazuela irlan eta ez duzuela ezertxo ere nahi. Eta gogoratu, ez eman inolako informaziorik haiei. Kuban guztia jakiten da, informazio sare erraldoia dago eta ez da komeni inori zuen berri ematea. Bizikletan irla zeharkatzeko asmoa baduzue ere, inori ez esan, soilik konfiantzazkoei.
Nork: gorka.2006/09/27 12:15:56.813 GMT+2
Etiketak:
habana
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2006/09/27 12:14:54.541 GMT+2
Kuban sartzeko arazorik ez edukitzeko komeni da Euskal Herritik kontratatzea hotela edo etxebizitza partikularra lehenengo bi edo hiru gauak igarotzeko. Hori bai, ofiziala izan dadila. Bestela aduanako poliziekin arazoak izango dituzue. Batzuetan galdetu egiten dute non igaroko duzuen gaua, baina ez beti. Galdetzen dutenerako komeni da erantzuna prest edukitzea eta erreserba txartelak erakustea.
Abioitik jaitsi bezain pronto konturatuko zarete bertako langileen erritmoa ez dela gurea modukoa. Lasai bizi dira eta lasaitasun hori nabarmentzen da. Aireportuko langileak ez dira libratzen. Aduana igarotzeko ordu bat edo bi beharko duzue. Poliziak askotariko galderak egingo dizkizue, orokorrean ez da arazorik izaten. Enpresa kooperatibistetan lan egiten duzuela esaten badiezue, arazo gutxiago. "Compañero revolusionario" izango zarete haientzat.
Nork: gorka.2006/09/27 12:14:54.541 GMT+2
Etiketak:
hotela
kuba
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
2006/07/27 09:20:10.138 GMT+2
Hegazkina hartu baino hilabete batBzuk lehenago komeni da bidaia prestatzen hastea. Komeni da lehenbailehen bizikletan egin beharreko ibilbidea aukeratzea, nahiz eta gero aldaketak egin. Ibilbidea aukeratzeak ziurtasuna emango dizue, lasaitasuna. Kuban ezagunak edukiz gero beti da interesgarria haiekin harremanetan jartzea bertara abiatu aurretik. Guk Oñatiko frantziskotar Joan Ignazio Agirrerekin egin genuen kontaktua. Hura ezagutu genuen Zelai Zabaleko Josebari eta Bergarako Iñigori esker. Habanako Guanabacoa auzo txiroko komentuan hiru urte egin ditu Agirrek eta Euskal Herrira itzuli bada ere, guk Habanako kaleetan ezagutzeko aukera izan genuen.
Haren bitartez familia kubatarrekin jarri ginen harremanetan eta haien etxebizitzetan egin genituen zenbait egun. Ofizialak ez ziren etxebizitzetan izan ginen, eta, ez genuen inolako arazorik eduki. Gehienetan ez dizuete dirua eskatuko bertan lo egiteagatik eta nahi izanez gero jaten ere emango dizuete. Horrelakoetan dirulaguntza ematea bidezkoa da. Bizikleta eramateko asmoa baduzue, hegazkin konpainietan informazioa eskatzea komeni da. Iberia konpainiak kartoizko kutxak saltzen ditu aireportu guztietan, salneurria da 6 euro.
Horrexegatik ez du merezi etxetik bizikleta enbalatuta eramatea. Hegazkinean Madrildik abiatuz gero, kontutan izan, astelehenetik ostiralera ezin duzuela metroan bizikletarik sartu. 204 autobusean T-4 terminal berrira joateko aukera izango duzue. Aipatu autobusa ‘Avenida América’ geltokitik abiatzen da. Gidari batzuek ez dizuete bizikleta autobusean sartzen utziko. Lasai hartu, bigarren edo hirugarren ahaleginean gidari jator batek eramango zaituzte aireportura bizikleta eta guzti.
Komeni zaizue pisu gutxi eramatea. Kontuan izan, norberak 20 kilo fakturatu ditzakeela eta bizikletak pisu handia duela. Horrexegatik, sartu pisu gutxi alforjetan. 20 kilo baino gehiago eramaten badituzue kobratu egingo dizuete, 19 euro kilo bakoitzeko.
Nork: gorka.2006/07/27 09:20:10.138 GMT+2
Etiketak:
bidaiaren-prestakuntza
kuba
| Permalink
| Erantzunak (0)
| Errenferentziak: (0)
Hurrengoak