Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/03/20 12:54:35.521 GMT+1

Zer da blog hau?


Joseph Ratzinger (Irudian Hitlerren Gaztediko uniformearekin, 1943an) Eliza katolikoko aita santu aukeratu zuten egunean abiatu zen KIXMI bloga. Oraindik ez dakit kointzidentzia hutsa izan ote den.

KIXMI bloga ikerketa baten bitakora da. Kixmiren mitoak esan nahi duena ikertu nahi dut, hau da, jentilek Jesukristo tximino bat zela esateko zuten arrazoiak argitu nahi ditut. Ideia eta irudi horiek nondik datozen, munduan antzeko ikuspegirik ote dagoen, ideiaren historia eta egungo munduan horrek eraginik ote duen...

Laburbiltzeko: KIXMIREN INGURUKO GUZTIA jakin nahi dut.

Zergatik blog formatua?

Edo beste modu batean galdetuta: zergatik ez dut nire burua, familia eta inguruko guztiak urte luzez aspertu nahi amaierarik izango ez duen tesi akademiko bat idazten?

Ez naiz gauza ikerketa akademiko batek eskatzen dituen baldintzak betetzeko: errigorea (rigor mortis, latinez), sistematizazioa, metodo zientifikoa, eta abar.

Akademikoek errealitatearen mapak egin nahi izaten dituzte. Baina, jakina denez, mapa ez da lurraldea. Horregatik nik nahiago dut lurraldea paseatzen ezagutzea, batez ere Kixmiren erresuma iluneko terra incognita hau.

Laguntza behar dut

Blog formatuak baditu beste abantailak: jendaurrekoa da eta irekia. Lana eta bi haur txiki ditut, lan honetarako ditudan denbora eta ahalmenak mugatuak dira. Badut itxaropen bat, ordea. Inozo samarra eman arren, uste dut irakurleek langunduko didatela Kixmiren misterioa argitzen.

  • (zuk): Aizak! Hau eta hau irakurri nian behin honako liburuan!
  • (nik): Eskerrik asko, musu handi bat

KIXMI zer den argitu nahi dut, kristo tximuaren aurpegi guztiak aztertu. Sinboloen ilunbearen bihotzerako bidaia da.

Ez dakit ikerketak nora eramango nauen. Ez dakit zer nolako erantzuna jasoko duten nire galderek. Izan ere, blog hau jitoan dihoan ontzi baten bitakora da.

Nork: eli laztanguren.2007/03/20 12:54:35.521 GMT+1
Etiketak: kixmi | Permalink


Estatistikak