Ricardo Joven tximinoz mozorrotzen den gizaki bat da, gizakiz mozorrotzen den tximino bat antzezteko.
Joven (Zaragoza, Espainia, 1953) komiki marrazkilaria izan zen 1970 eta 1980ko hamarkadetan, eta aktore profesionala da 1972. urtetik. Klasiko bat taularatzen ari da egunotan Donostian: Franz Kafkaren Akademia batentzako txostena. Gizakiek harrapatu ondoren, hitz egiten ikasten duen txinpantze baten historia kontatzen du, lehen pertsonan, Peter Gorria tximinoak berak. Hainbatetan aipatu dut Kafkaren testu hori blog honetan, ikaragarri gustatzen zaidalako.
Ez baduzue aukerarik antzezlana ikusteko, hemen duzue aktoreari telefonoz egin diodan elkarrizketa, irakurtzeko edo entzuteko. Bi bertsioak elkarren osagarri dira, ez baitira erabat berdinak.
powered by ODEO
Zergatik aukeratu duzu Kafkaren testua antzezlana egiteko?
Testu honen inguruan lan bat egin nuen duela urte batzuk, eta horren indartsua da eta horren ondo idatzita dago, non duela bi urte berriz piztu zitzaidan testu honi ekiteko gogoa. Egia esateko, taularatzeko bertsioa egin dut, baina testu literarioa erabat errespetatuta. Ni ez naiz bakarrizketen zalea, eta hau da nire ibilbide luzeko lehena. Baina testu hau izugarri interesatzen zitzaidan, besteak beste ez delako jatorriz antzezlana.
Lan hau askotan taularatu dute. Zertan bereizten da zure bertsioa?
Nik egiten dudan irakurketaren arabera, Kafka identifikatu egiten da tximino horrekin. Bera da tximinoa. Munduak ez du ulertzen, eta bazterturik dauka. Mundu horretatik urrunduta sentitzen da, eta Kafkak, nabarmentzen duenez, hitzaren bitartez aurkitzen du, egoera zoriontsuagoa ez bada, bai behintzat askatasun tarte bat sufrimenduaren barruan. Egin dira pertsonaia horrekiko urruntasun intelektuala ezarri duten bertsioak. Nik kontrakoa egin dut: erabat identifikatu naiz pertsonaiarekin. Ez dut soilik txinpantze bat eraikitzen fisikoki, identifikatu egiten naiz gizakietatik horren hurbil dagoen baina apur bat ezberdin den izaki horrekin. Identifikazio horren bidez, proposamen bat botatzen dut: geure burua beste ikuspuntu batetik ikustea.
Zergatik da karakterizazioa horren garrantzitsua zuretzat?
Ikuskizuna oso erantzun ona izaten ari da, eta hala da, ziurrenera, ez delako soilik hitzean oinarritzen, baita emozioan ere. Ezinbestekoa da emozioa, horren bidez jendea hunkitu egin dezakezulako. Alde batetik, nahi nuen ikusleek berehala ahaztea agertokian dagoen hori txinpantze bat irudikatu nahi duen aktore bat besterik ez dela. Antzezlearen eta ikusleen arteko joko hori behin ezarrita, orduan hasten da loratzen itxuraz sinple den testua. Hori nahi nuen lortu karakterizazioarekin, jendeak pentsatzea: «Ez da aktore bat, baizik eta benetako txinpantzea».
Beraz, tximinoz mozorroturiko gizaki batek gizakiz mozorroturiko tximino bat antzezten du?
Kafkarra hitza oker erabiltzen dugu nahasia edo konplexua esateko. Haatik, Kafkak oso zuzen, garbi eta ulergarri idazten du. Horregatik funtzionatzen du testuak beti. Gutxitan gertatzen da jendeak antzezle bakarrari halako arretaz jarraitzea bukaeraraino. Jendea hunkiturik ateratzen da.








Erantzunak
Nork: eddie.2007/09/25 19:39:36.983 GMT+2