Tximino orkidea

Orchis simia 7.jpg_2006510234513_Orchis simia 7

Orchis Simia landarearen loreak harrigarriak dira, tximu itxura dutelako. Orkidea hau Euskal Herrian aurkitzeko txango bat antolatu dugu asteburu honetarako. Nork nahi du etorri?

Lamarck naturalistak jarri zion izen zientifikoa orkideaken familiako espezie honi 1767. urtean. Alemanez, Affen-Knabenkraut esaten diote. Ingelesez, monkey orchid. Espainolez, orquídea mono. Frantsesez, orchis singe.

Tximinoa agertzen da izen guztietan, beraz. Orchis hitzak, grezieraz, barrabila esan nahi du. Izan ere, landare honen tuberkuloek koskabilo itxura dute. Loreek, ordea tximuak dirudite. Dozenaka tximu ageri ditu landareak loretzen denean. Zoragarria da.

Orchis_simia03

Naturako lorerik eboluzionatuenak dira orkideak. Espezie honek, gainera, animaliarik eboluzionatuena parodiatzen du (“parodiatu” Batailleren zentzuan).

20-45 zentimetro garai da zurtoina. Kare asko duten lurretan hazten da, baina ez soilik Mediterranio inguruetan, baita ipar Europan ere. Mediterranio isurialdeko Euskal Herrian ere egongo dela pentsatu dut.

Xabier Lizaur botanikoari idatzi diot, tximino orkidea Euskal Herrian ote dagoen galdetzeko. Eta oso jator erantzun dit:

“Errazena aurkitzeko, Nafarroako Erro bailaran (edo Genbe-gainan bestela). Detalle gehiago, Orquídeas de Euskal Herria liburuan”.

Iaz Erremellurira joan ginen garai honetan, koadro bat ikustera. Tximino orkidea bere habitatean behatzea izango da aurtengo txangoaren helburua. Larunbatean abiatuko gara. Norbaitek gurekin etorri nahi badu, erantzun diezaiola mezu honi. Denbora gutxi txangoa prestatzeko, bai. Baina orkidea hau maiatzatik ekainera arte loretzen da. Orain ala inoiz ez.

Orchis simia 6.jpg_2006510234448_Orchis simia 6

Liluraturik nauka loreak. Diseinu adimentsuaren aldekoei arrazoia ematen diela dirudi: hau ezin da izan eboluzioaren istripu hutsa, diseinatzaile batek egon behar du atzean.

Baina beste gauza bat ere argi uzten du: diseinatzailerik badago, injeniari jainkotiar horrek tximu bat izan behar du. Orkidea hau bere irudi eta antzaren arabera egin badu behintzat.

2 erantzun “Tximino orkidea” bidalketan

  1. 1. Inguruko batek ez zituen sinesten atzo tximino orkidearen argazkiak eta photoshopekin eginiko amarrua zeritzola esan zuen. Susmoa uxatzeko, esteka pilo egin ditut mezuan Wikipediara.

    2. Arantzadi Zientzia Elkarteko beste botanikari jator batek erantzun egin dit eta xehetasun gehiago eman dizkit:

    Kaixo Eli,
    orkideo hau Euskal Herrian ikusi ahal izateko hoberena Nafarroako
    ipar-ekialdera joatea duzu, hango haranetan nahiko ugaria baita, Erro,
    Urrobi Irati eta Zaraitzuko haranetan, Erro, Oroz Betelu, Arceko Nagore
    edo Foz de Arbaiun (Burgia), Lumbier, Ezkaroz (Nabazkina) edo Oronz
    bezalako lokalitateetan
    Ea suerterik duzun.

    Iñaki Aizpuru

    3. Finkatu dugu hitzordua: bihar, ekainak 16, larunbata, 10:30 eta 11:30 artean, Erro herrian (Nafarroa). Hemen duzue mapa, Tagzaniari esker.
    tagzaniapaste
    Erroko bailara map – Tagzania

    Edonola ere, etortzekoak bazarete, erantzun bat jarri hemen zuen e-mailarekin (ez da bistan agertuko). Telefono zenbaki bat bidaliko dizuet, harremanetan egoteko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude