Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/03/20 12:49:45.666 GMT+1

Nor da Eli Laztanguren?

Hinduistek eta budistek esaten dute norberak bere egoa suntsitu behar duela askatasuna lortzeko. Baina zure egoa suntsitzen baduzu, ez al duzu zure pertsonalitatea suntsitzen?


Hala galdetu zion Eli Laztanguren (Eibar, 1969) nerabeak institutuan erlijio irakasle zuen apaizari. Jesus Sanmigel teologo eta psikologoak ez zion erantzun, eta horren ordez 20 minutuko bakarrizketa bota zion honako gaien inguruan:

  • Nerabeen kezka existentzialak eta masturbazioa.
  • Fantasia sexualen arriskuak.
  • Fantasiaren arriskuak.
  • Arriskuak, orokorrean.

Institututik Londresera joan zen Eli, erantzunaren bila edo. Urtebetez bizi izan zen han. Orrazkera aldatu zuen.

Ondoren, Madrilera joan zen, unibertsitatean informazio zientziak ikastera; Blog hau idazteaz aparte, sekula egin duen akatsik larriena.

1992ko abuztua: Eli eta laguna Hanburgo eta Berlin arteko autopistaren puntu batean daude. Auto-stopez ari dira bidaiatzen, eta hurrengo garraioaren zai daude. Bero izugarria egiten du. Eliren burmuina urtzen hasi da.

Lagunak urteak bete zituen Hanburgon, eta bere buruari sagu korrikalari bat (Rennmaus alemanez, meriones unguiculatus, latinez) oparitu zion. Sagu polita da, kanguru txiki bat ematen du: atzeko hankak luzeak eta sendoak, aurrekoak txikiak. Neskak poltsa batean darama sagua aldamenean, hirurak autopistako bazterrean daudela.



Batbatean, amets batetik bezala esnatzen da Eli, izerditan dago eta egarri da. Laguna du begira, sagutxoa eskuetan eta harridura aurpegian:

Eli. Zertan ari zara?, galdetu dio ikusten duena sinetsi ezinik.

Eliren beroa hotzikara bihurtzen da, zertan ari den konturatzen denean: saguari begira dago Eli, hipnotizaturik bezala. Besoak bularrean kontra ditu eta eskuak zintzilik, ahurrak lurrerantz. Goiko hortzak agerian ditu, beheko ezpainaren gainetik. Sagu korrikalari erraldoia ematen du.

Abere batekiko identifikazio gertaera honen ondoren, xamanismoan interesa hartzen hasi zen Eli.


Unibertsitatetik bueltan, Irrati batean erreportari lanetan ibili zen. Espainiako Inkisizioak itxi zuen gero.

Ondoren egunkari batean egin zuen lan, Espainiako Inkisizioak itxi zuen arte.

Katua hil zitzaionetik, heriotzarekin kezkaturik dabil Eli. Herioarekiko beldurra gainditzeko ariketa bat egiten du tarteka:

  1. Arnasa hartu eta bota. Nire gorputza somatzen dut. Beroa da eta bizirik dago.
  2. Nire gorputza gorpu da orain. Hilik eta hotza dago.
  3. Nire gorputza arrez beterik irudikatzen dut.
  4. Nire haragia usteltzen dela ikusten dut. Hezurdura agertzen hasi da.
  5. Nire hezurdura zuria behatzen dut, haragi guztia desagertu da.
  6. Nire hezurrak sakabanaturik ikusten ditut.
  7. Nire hezurrak hauts bihurtu direla ikusten dut. Haizeak darama hautsa.
  8. Hautsa lurraren eta itsasoaren zati bihurtzen direla ikusten dut.
  9. Nire gorputza erabat desagertu dela barneratzen dut.
  10. Ezer ez dela betirako ikasita, irribarre egiten dut.

Hori guztia noiz gertatuko zai dago Eli egun, Hanburgo eta Berlin arteko autopistan bezala.

Blog batean idazten ari da Eli orain.

Nork: eli laztanguren.2007/03/20 12:49:45.666 GMT+1
Etiketak: kixmi | Permalink


Estatistikak