Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/10/25 09:43:23.809 GMT+2

Mila eta bat gau, tximinoarekin

babuino

Mezu honek ipuin bat eta podcast bat dakar: irakurtzeko edo entzuteko. Txinpantze bat maitaletzat hartu zuen emakumearen istorioa ekarri du gogora Markos Zapiainek. Max, mon amour filman kontatu zuen hori Nagisha Oshima zuzendari japoniarrak. Marco Ferreriren Ciao Maschio filma ere aipatu izan dut nik blog honetan. Kontatzen duten istorioa ezberdina izan arren, bi filmek gai beretsua jorratzen dute: gizarte burgesaren sexu rol banaketa eta honen krisia. Baina istorioa askoz zaharragoa da: Mila gau eta bat gehiago ipuin bilduman agertzen da dagoeneko.


powered by ODEO
(Goiko gailuan ezin bada entzun, klikatu hemen)

Aipaturiko bi filmetan, tximinoak irudikatzen du gizontasuna eta arrari loturiko sexualitatea. Ez da harrigarria, tximinoak horrekin identifikatu izan direlako antzinako Egiptotik. Babuinoen sexualitate oparoak egiptoarrengan sortu izan duen mirespena aipatu dut lehen ere.

Thot tximu-jainkoa mendebaldeko paisaia intelektualera pasa zen, Hermes Trismegistos eta Merkurio gisa (Jesu Kristo horien agerpen bat litzateke), baina ez arren sexualitatearen irudi gisa, baizik eta interpretazioaren eta erlijio misterikoen mezulari gisa.

Ekialde Hurbilean, berriz, ondo gorde zuten tximinoa eta sexu grinaren arteko lotura, H. W. Jansonek nabarmentzen duenez. Izan ere,  Mila gau eta bat gehiago bildumako ipuin baten gaia hori izan zen. Errege baten alaba ninfomanoaren eta tximino baten arteko harremana kontatzen du ipuinak (356-357. gauak).

Mila gau eta bat gehiago bildumaren lehen bertsioak Kristo Ondorengo 800-900 urteen artean sortu zirela uste dute adituek. Edonola ere, horretan bilduriko ipuinetako asko hori baino askoz zaharragoak direla uste dute. Izan ere, Egipto, India zein Persiako kontakizunak biltzen ditu testuak.

Jansonen arabera, Erregearen alaba eta tximinoaren istorioaren bertsio bat XI. mendean agertu zen Europan, Petrus Damianusen bestiario batean. Istorio hau da Ferreriren eta Oshimaren kontakizunen ama. Mendez mende igaro da eta aro bakoitzak ukitu ezberdina eman dio, uneko kezkak islatzeko.

Europan zabaldu diren itzulpen gehienetan zentsuraturik argitaratu izan dute Mila gau eta bat gehiago. Izan ere, ipuinetako askok lotsarik gabe eta naturaltasun osoz jorratzen dituzte gai erotikoak. Horren adibide aski gordina da Erregearen alaba eta tximinoa hau.

Esaterako, (eta zuzendu nazala norbaitek, mesedez, oker banabil) ez dut istorio honen euskarazko bertsiorik aurkitu Mila eta bat gaurko itzulpenetan. Izan ere, euskaraz ez da bertsio osorik argitaratu, baizik eta ipuin aukeraketak. Aukeratzaileek bazterrean utzi dute Erregearen alaba eta tximinoa, beharbada, umeentzako ipuin bilduma gisa aurkeztu izan dutelako Mila gau eta bat gehiago. Richard Francis Burtonek argitaratu zuen Europan zentsuratu gabeko lehen bertsioa, 1885. urtean, ingelesez.  Hortik hartu dut nik testua ingelesetik halamoduz eta azkarregi, agian, euskaratzeko.

Zoofiliaz harantzago doan istorioa da, kasu honetan gizakia baita piztia.

Erregearen alaba eta tximinoa



Bazen behin Sultan baten alaba, esklabo beltz batekin maiteminduta zegoena. Esklaboak erabat txolindu zuen eta neskak sekulako grina hartu zion larru-jotzeari. Ezin zuen ordu bakar bat ere igaro horri ekin gabe eta hala esan zion bere neskameetako bati. Honek adierazi zionez, ez dago ezer babuinoa baino grinatsuagorik larrua jotzeko orduan.

Orduan, egun batean, suertatu zen bada tximino-zain bat igaro zela, tximino handi batekin, erregearen alabaren leiho saredunaren azpitik. Aurpegiko beloa altxatu zuen neskak eta tximinoari begira, keinu bat egin zion begiekin. Tximinoak sokak eta katea hautsi zituen eta printzesarengana igo zen. Ezkutatuta izan zuen honek, txoko batean, eta han bizi izan zen gau eta egun, jaten, edaten eta larrua jotzen. Printzesaren aitak izan zuen horren berri eta alaba hiltzea erabaki zuen. Orduan Sherezadek egunsentia somatu zuen eta istorioa kontatzeari utzi zion.

Hirurehun eta berrogeita hamaseigarren gaua zenean...

Sherezadek esan zuen: kontatu didatenez, oi zorioneko errege!, Sultanak entzun zuenean printzesa eta tximinoarena, alaba hiltzea erabaki zuen, baina emakumeak izkin egin zion. Mamelukoz jantzita, zaldi gainera igo zen, mando bat zamatu ondoren urrezko barrekin eta bestelako hamaika gauza preziaturekin. Tximinoa aldamenean hartu eta Kairora egin zuen ihes.

Hiriaren kanpoaldeko, Suezko basamortuaren ertzeko, etxeetako batean jarri zen bizitzen. Egunero haragia erosten zion gizon gazte bati, harakina bera. Baina ez zen harengana heltzen eguerdira arte eta horren aurpegi zurbil eta nahasia zuen, non harakinak bere buruari esan zion, "misterioren bat dago esklabo honen inguruan". Harakinak honela kontatu zuen ondoren gertaturikoa: "Niregana ohi bezala etorri zen batean, ezkutuan atera nintzen haren atzetik, eta lekutik lekura jarraitu nintzaion, gelditu gabe, ez baininduen ikusi. Azkenean, bere etxera heldu zen, basamortuaren ertzean, eta sartu egin zen. Zirrikitu batetik begiratu nuen, eta ikusi nuen, etxean sartu orduko, sua piztu eta haragia prestatu zuela. Zati bat jan zuen berak eta gainekoa aldamenean zuen babuino bati eman zion.

Orduan, esklabo jantziak alde batera utzi eta emakumeen apaingarririk aberatsenak jantzi zituen. Horrela jakin nuen dama bat zela. Ondoren, ardoa atera zuen eta tximinoari eman zion edateko. Gau erdiz larrua jo zion honek, hamaika aldiz, gelditu gabe, emakumeak konortea galdu arte. Orduan, tximinoak zilar harizko estalki bat bota zion gainetik eta bere txokora itzuli zen.

Orduan, babuinoak ikusi egin ninduen eta txikituko ninduen, labana azkar asko atera izan ez banu. Sabela ireki nion eta hesteak kanpora erori zitzaizkion. Zaratak dama gaztea iratzarri zuen eta izuturik eta dardarez altxatu zen. Tximinoa egoera horretan ikusi zuenean, garrasi egin zuen. Arima gorputzetik atera izan balitzaio bezalako garrasia bota zuen. Orduan, erori egin zen zorabiaturik eta bere onera itzuli zenean zera esan zidan: "Zergatik egin duzu hori? Alaren izenean, bidali nazazu haren atzetik!". Baina zintzo egin nion hitz eta larrua jotzeko orduan tximinoaren lekua hartuko nuela agindu nion, haren ezinegona uxatu nuen arte. Emaztetzat hartu nuen, baina agindutakoa betetzeko orduan huts egin nuen, motz geratu nintzen eta ez nintzen gauza izan halako langintza gogorrari aurre egiteko.

Nire egoeraren berri eman nion atso bati, arazoa konponduko zuela esan baitzidan, eta emaztearen demaseko eskaera aipatu nion. "Lapiko bat ekarri behar dizazu, ozpin birjinez beterikoa eta piretro deritzon belarren kilo-erdia", esan zidan atsoak.

Behar zuena eraman nion eta belarra lapikoan jarri zuen ozpinarekin eta dena sutan jarri zuen, ondo egosi arte. Orduan neskari larrua jotzeko eskatu zidan, eta larrua jo nion konortea galdu zuen arte. Atsoak altxatu egin zuen printzesa eta haren hankatartea lapikoaren ahoan jarri zuen. Lapikoaren lurrina aluan sartu zen eta handik zer edo zer erori zen: bi zizare ziren, bat beltza eta bestea horia. Atsoak esan zidan: "Iluna esklabo beltzaren larru-jotzearen ondorioa da, horia babuinoarena".

Bere onera itzuli zenean, nirekin bizi izan zen pozik eta alai eta ez zuen lehen bezala larrua jotzeko eskatu, Alak demaseko grina hura kendu baitzion".

Eta Sherezadek egunsentia somatu zuen eta istorioa kontatzeari utzi zion.

Hirurehun eta berrogeita hamazazpigarren gaua zenean...

Sherezadek esan zuen: kontatu didatenez, oi zorioneko errege!, honela jarraitu zuen harakin gazteak: "Benetan kendu zion Alak demaseko grina eta hori mirestuta, gertatu zenaren berri eman nion printzesari. Ondoren, harekin bizi izan nintzen eta hark atsoa amatzat hartu zuen". Eta istorioa kontatu zidanak esan zidanez, atsoa, gizon gaztea eta emaztea pozez eta alai bizi izan ziren, plazer ororen suntsitzailea eta gizarte guztien deuseztatzailea haiengana heldu zen arte. Aintza Betirako-bizi Denari, hilezkorrari, mundu ikusgarria zein ikusezina menpean dituenari!

Eta horrela amaitu da beste istorio bat.

Nork: elilaztan.2007/10/25 09:43:23.809 GMT+2
Etiketak: markos_zapiain marco_ferreri babuino kixmi erotismoa nagisha_oshima janson | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

"Orduan, esklabo jantziak alde batera utzi eta emakumeen apaingarririk aberatsenak jantzi zituen. Horrela jakin nuen dama bat zela. Ondoren, ardoa atera zuen eta tximinoari eman zion edateko. Gau erdiz larrua jo zion honek, hamaika aldiz, gelditu gabe, emakumeak konortea galdu arte."

Gau erdiz begira egon bazan, gustora egon zan seinale, gure harakina.

Nik ez dakit ba babuino-eme batekin ezertan hasiko nintzenik... Ez nuke erremintarik haren aho ondora hurbilduko behintzat, badaezpadaere.


Nork: Patxi.2007/10/26 09:17:56.394 GMT+2
http://patxitrapero.blogspot.com

"Orduan, esklabo jantziak alde batera utzi eta emakumeen apaingarririk aberatsenak jantzi zituen. Horrela jakin nuen dama bat zela. Ondoren, ardoa atera zuen eta tximinoari eman zion edateko. Gau erdiz larrua jo zion honek, hamaika aldiz, gelditu gabe, emakumeak konortea galdu arte."

Gau erdiz begira egon bazan, gustora egon zan seinale, gure harakina.

Nik ez dakit ba babuino-eme batekin ezertan hasiko nintzenik... Ez nuke erremintarik haren ahora hurbilduko behintzat, badaezpadaere.

Nork: Patxi.2007/10/26 09:20:58.660 GMT+2
http://patxitrapero.blogspot.com

Arrazoia duzu Trapero. Izan ere, babuinoa sexualitate oparoaren ikur gisa erabili izan bada, beti "arraren" sexualitatearena izan da, ez emeena. Azterketa mereziko luke horrek. Ondo legoke ere babuino arren erremintaren alde fisiologikoak hobeto ezagutzea, giza-emeen gailuarekin bateragarria ote den ikusteko. Ipuina "benetako gertaeretan oinarrituta" egon daitekeen jakite aldera. Bai, beste horretan ere arrazoia duzu. Hortzak gora-behera, babuinoek oso letxe txarra dute. Egipton "amorrua" adierazteko hieroglifoa egiteko orduan, babuinoaren irudia aukeratu zuten (ar edo eme den ezin esan). Beraz, kontuz begiratu erreminta non sartzen duzun. P.D. (Edonola ere zuk umeak dagoeneko egina dituzula uste dut. Barkatu atrebentzia, baina asko galduko al zenuke erreminta kamustuz gero?)

Nork: eli.2007/10/26 11:03:02.992 GMT+2

Eli, sekula jarri al zera pentsatzen? Gauza miragarria da zakilaren transformazioa. Nola egin daitekeen hain haundi holako gauza txiki bat, pentsamentu hutsaren hauspoarekin gainera... Ez ez, naturaren bitxikeria miragarriak zaindu egin behar dira.

Gainera, zeinek daki, teknologiaren aurrerapenarekin, zahartzaroa eta osasuna uztartu egingo dira etorkizunean, eta, zergaitik ez ekarri, Anthony Queen edo Julio Iglesias zenaren modura, haur txiki muxugorri bat mundura hemendik berrogei bat urtera?

Basektomia (babuino batek edo beste tximu klase batazuridun batek egina, berdin da) naturaren kontrako ekintza IKARAGARRIA iruditzen zait neri.

;-)


Nork: Patxi.2007/10/27 11:46:31.539 GMT+2
http://patxitrapero.blogspot.com

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak