William Burroughs idazlearen infernu partikularra tximinoz beterik dago. Tximinoek bektore lana egiten dute, lengoaiaren gaitza zabaltzeko. Izan ere, idazlearentzat, lengoaia birusa da. Burroughsen tximinoak lotuta daude Georges Bataille filosofoa estasi mistikoan sartu zuten haiekin. Hona Burroughsen simiotika. Hieronymous Bosch margolariaren koadroak bezalakoak dira Burroughsen narrazioak. Irudi handia gertaera ikaragarri piloaz osaturiko mosaikoa da, izuaren fraktalak dira. Eta, esan bezala, idazlearen infernuok tximinoz beterik daude.
Esaterako: Ameriketako Estatu Batuetako senatariak ipurdi moreko mandril batekin larrua jotzera behartzen ditu Roosevelt presidenteak.The yage letters liburuko Roosevelt after inauguration satira apokaliptikoan gertarazten du hori Burroughsek.
Leif Zorigaitz pertsonaiaz idazten du Naked Lunch nobelan: Gizonari gertaturiko izugarrikeriak pilatzen ditu idazleak, zein baino zein ikaragarriagoa. Kairon gaixotzen da Zorigaitz :
Zirujau greziar batek tximino bizi bat sartu zion barruan, akats bat medio, eta josi egin zuen.
Pasarte kixmigarri oso kontatzen du aurrerago, kristoren jaiotzaren parodia gisa:
Liz izeneko batek esaten zuen sortzez garbia zela eta 200 gramoko tximino armiarma batez erditu zen, zilborretik...
Burroughs arma erakustaldia egiten bere etxean
Eta halere, tximino horiek guztiak idazlearen testuen oihanean galdurik agertzen dira. Izan ere, lanok beste piztiaz beterik daude: ehunzangoak, katuak, lemurrak, sugeak, mota guztietako zomorroak... Bakoitzak du bere eginkizuna, Burroughsen bestiarioan eta tximuak esanguratsu bihurtzen dira lengoaiaren birusaren bektore gisa erretratatzen dituenean. Horretan, soilik Batailleren argitan uler daitezkeen pasarteak daude, Burroughsek berak ere agian ulertzen ez zituen gauzak: Badakit beste planeta bateko agentea naizela, baina ez dut uste jasotzen ditudan mezuak ongi dekodetzen ari direla, esan zion behin Allen Ginsbergi.
Uzki berritsua
Ahoa eta uzkiaren arteko dialektika da Burroughsek eta Bataillek partekatzen duten gaietako bat. Bere uzkiari hitz egiten irakatsi zion gizonaz idatzi zuen Naked Lunch-en.
Kontatu al dizut inoiz bere uzkiari hitz egiten irakatsi zion gizonarena? Sabel osoa mugitzen zuen gora eta behera, ulertzen? hitzak puzkartu egiten zituen. Ez nuen inoiz halakorik entzun.
Burroughsek idazten duenez, denborarekin uzkia bere kabuz hitz egiten hasi zen. Ondoren, hortz modukoak garatu zituen eta eskubideak aldarrikatzen hasi zen etengabe. Jabeak isilarazten saiatzen zen, alferrik:
Azkenean zeu isilduko zara, ez ni. Izan ere, ez dugu zure beharrik dagoeneko: hitz egin dezaket eta jan eta kaka egin.
Uzki berritsua Burroughsi diktatzen, David Cronenbergen Naked Lunch filman (1991)
Bataillerentzat gizakiak Eguzkirantz zutitzeko duen joerak haren indarra ahora bideratu ditu, hau da, mintzamenera. Tximinoetan, ordea, indar hori atzeko zulorantz desbideratu da, analtasunera, Horren erakusgarri argienak lirateke zimino mota askok ipurdian dituzten azal multzo puztuak, Bataille liluratu zutenak.
Uzki berritsuaren jabea eta biktima, eboluzio horren kontrako bidea jarraitu zuen. Ahoa itxi egin zitzaion, azkenean, eta burmuina hil. Burua ere berez eroriko zitzaiola dio Burroughsek, ez balitz begiengatik. Uzki berritsuak begiak behar zituen, ikusi nahi bazuen. Azkenean, gizatasunik galdu zuen begiradak, itzali egin ziren begiak eta karramarro baten begiak bezain hotz bihurtu ziren.
Logos hiltzailea
The Job liburuan, lengoaia nola sortu zen azaltzen du Burroughsek, bere zientziaren parodia tipiko horietako batean. Naked Lunch-eko Benway doktorearen moduko beste pertsonaia sortzen du Burroughsek:
Kurt Unruh von Steinplatz doktoreak teoria interesgarria proposatu du hitz birus honen jatorria eta historiaren ingurukoa.
Tximinoek ezin dute hitz egin euren eztarrietako barne egiturarengatik, azaltzen duenez. Von Steinplatzen teoriaren arabera, birus batek eragindako gaitzak eraldatu egin zuen egitura hori. Heriotza eta sexua nahasten dituen eszena tipiko ikaragarri horietako bat irudikatzen du Burroughsek: Birusak sexu eromena eragiten du tximino emeetan zein arretan. Heriotzaren espasmoetan, arrek emeak estaltzen dituzte. Horrela pasa zen genetikoki mintzoari bidea ireki zion eztarriko deformazioa "Edengo Lorategian".
Idatzi artikulu bat