Orain dela 10 urte Bergarako Jardun Elkarteak argitaratutako gutun bilduma haren segida da honako. 1993tik 1998ra arteko gutun sarituak biltzen zituen harek, piropo andana batekin batera. Ze amodiozko gutunekin Bergarako Jardun Elkarteak izan duen harremana aspaldikoa da. Jardun Elkarteak argitaratzen zuen Berrigara astekaria bere 100. zenbakira iristear zela (orain dela 15 urte, 1993ko otsailean) jarduera bereziren bat antolatzea erabaki genuen elkartean. Veronan “Julietari amodiozko gutuna” lehiaketak hiru milatik gora partehartzaile bildu zituela jakin ondoren(aurten zortzi milara iritsi dira). Geuk ere geurea egin genezakeela pentsatu eta lehen edizio hartan 245 gutun jaso genituen!! Horrek segida merezi zuen, eta halaxe izan du gaur arte. Bi mila gutunetik gora (gehienak emakumezkoak), epaimahaian aritu diren punta puntako 38 idazleak, 11 bertsolariak eta 10 kantariak dira horren lekuko. Edizio bakarra behar zuena hamazazpigarrenera iritsi da aurtengoan. Bergarakoaren arrastoari segituz, beste herri batzuetan antzeko lehiaketak antolatzen hasi ziren eta horrek poztu egiten gaitu.
Irabazleen artean badaude ondoren literatura alorrean liburu bat argitaratu dutenak, esate baterako, Andoni Arenaza, Uxue Alberdi eta Bertol Arrieta baita bertsolaritzan aritzen den jendea ere bai, Karlos Aizpurua eta Alaitz Sarasola, besteak beste. Hauen artean badugu bergarar bat, Roberto Izagirre, 1999 an 2. saria lortzeaz gain, 1994an ere saria lortu zuena.
Bestalde, gure liburua argitaratzeko orduan, zeregin erabakikorra izan duen Irigoien Fundazioari gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu. Baita liburua kaleratzea posible egin duten laguntzaile guztiei ere.
Euskal kulturarentzat hain garrantzitsua de Durangoko azokan presente egon gara. Orain, liburuaren banaketa lanetan gabiltza. Hasieran liburua eskualde mailan banatzen hasi arren, gure asmoa Euskal Herri mailan aurkeztu eta kultur etxe, liburudenda… banatu eta zabaltzea da.
Liburuak 1000 aleko tirada du eta eskuragarri dago 6 €tan eskualdeko euskara elkarteetan, besteak beste, Arrasateko AEDn, Aretxabaletako Loramendin, Oñatiko Laixanen eta nola ez Bergarako Jardun euskara elkartean. Baita hainbat komertzio eta tabernetan ere (Pol Pol, Arrano…).
JARDUN EUSKARA ELKARTEA
Errotalde jauregia z/g
20570 Bergara - Gipuzkoa

Idatzi artikulu bat