Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/02/15 12:16:40.445 GMT+1

BERGARAKO AMODIOZKO GUTUNEN SARI BANAKETA

 

(JARDUN EUSKARA ELKARTEA.  Bergara, 2011)

 

                IRABAZLEAK 2

  DSC03684DSC03681

·       Partaidetza:  56 gutun. (2269 gutun 19 ediziotan)

 

  

·       Epaimahai nagusia:

 

Garikoitz Berasaluze idazlea, Itxaso Paia bertsolaria, Ines Osinaga musikari eta kantaria eta Juan Mari Aguirreurreta iazko irabazlea.

 

 

·       Irabazleak:

 

 

1.   SARIA (500 euro)  

 

IDOIA GALAN (Santurtzi)

 

                       DSC03697

 

Argumentua:

Ekialdetik beste errealitate hobeago baten bila ihes egin eta mendebaldean askatasun gabe aurkitzen den neska baten bizitza.

 

 

 

Epaimahaiaren iritzia:

 

Gutun zirraragarria. Hizkuntza oso landua eta idazteko modu egokia. Inpaktoa sorteen duen gutuna.

 

 

Gutuna:

 

Ene ametsetako Aviva:

Ezagutzen zaitudanetik askotan galdetu diot neure buruari nola ikusten ote duzun mundua kristal horren atzetik. Esaidazu arren, nolakoak dira koloreak hor atzean? Eta geure aurpegiak? Ba al dakizu begiratzen zaitugunik bederen? Nola entzuten dira ahotsak hor barruan? Zer forma hartzen du munduak, zure errealitatetik at dagoen esfera baino ez denean? Ezagutzen zaitudanetik askotan pentsatu dut, zure leiho aurretik pasatzen naizenean, sekula ikusi ote nauzun, aditu ote didazun ezpainetatik irten nahian isilik daramadan hitza. Habibti entzun zenezake soinu barik. Habibti deitzen dizudalako neure kolkorako, ene maitea.

Ispiluaren bestaldera etengabe bidaian dabilen Alice baten moduan mugitzen zara. Zenbatetan egin zenuen amets mendebaldera etortzearekin? Europa, Europa! Kristal baten atzetik beste baten atzera saltoka, eta dena gelditzen da azkenean leiar horren atzean ezkutatuta: zure barrea, zure desirak, zure ideiak, zure ametsak. Baina zu ez zara Alice hori, mundu miragarriarekin amets egiten duen Alice hori. Zu bestaldean zaude dagoeneko habibti, eta oraindik mundura ekarriko zaituenarekin egiten duzu amets. Leiho atzean dago errealitatea, zure borondatetik at, besteen desiren menpe.

Eta nola sentituko ote zara hor atzean, Aviva maitea. Ezin zaio udaberriari ez loratzeko eskatu, baina nola loratu ordea eguzki eta urik ez bada? Esna nagoela ere amets egiten dut zurekin, eta zaldi zuri baten gainean zure bila noala irudikatzen dut, pelikula zaharretan heroiak egiten duen bezala. Gero biok egiten dugu ihes, urrun. Eta nire ametsean nahi dugun guztia gara biok. Nahi duguna. Eta zuk distira egiten duzu, zaren udaberria loratuz. Baina gero zure leiho aurretik pasatzen naiz eta patua nire gogoa baino indartsuagoa dela iruditzen zait, zapaltzen nauela. Ez daukat eurak nahi duten ezer ere habibti. Hemen eta han berdina da askatasunaren prezioa.

Zure leihoa munduko gartzela ororen isla da Aviva. Eta ez, ez nabil zure herrialdean preso zintuen leiho hartaz, amak eta aitak zaindua, besteen begibistatik at ezkutatzen zintuenaz, ezta ilea estaltzeko inposatu zizuten hiyab hartaz ere. Ez. Aspalditik egin zenuen ihes hartatik, opakotasunik gabeko errealitate baten bila. Beste leiho batean amaitu zenuen ordea. Zure leiho berriaz ari naiz, mendebaldekoaz, Auzo Gorrian zurea den kristalaz, gauero zure malkoak biluzten dituen eskaparateaz. Ez da ezer ere aldatu, preso jarraitzen duzu kristal baten atzean. Eta erakusleiho hari egoten naiz ni begira, kanpoan, kriseilu magikoa noiz agertuko zain, zaldi zuri bat erosteko, biok urrunera eramango gaituena. Kristala ikutzen ikusi zaitut bezeroen aurrean, zoriontasuna bestaldean dagoen gozoki debekatua balitz bezala, eskuratu ezinik. Hutsik sentitu zaitut barruan eta penaz gaixotu naiz. Zenbaten desira ase beharko duzu aske izan arte?

Ez iezadazu gaizki ulertu habibti, nik ez zaitut neure nahi. Erreskatatu nahi zaitut, ate bat zabaldu kanpora irten zaitezen, zure esentziari lekua eman. Baina ni ez naiz zure jabea, zure leiho berria. Puzzle pieza izan nahi dut, zure soslaiaren hutsuneak bete nahi ditut nire maitasunaz.

Planetako prisma denak hautsi nahi nituzke zuretzat, munduari zuzenean so egiteko aukera izan dezazun, angelu ezberdinetik, azkenean, baina batez ere, zeureak baino ez diren begietatik senti dezazun. Zin dagizut habibti: bizitza ez da eskaparate hutsa, zeinetan zuk ikusle edo merkatugai izan behar duzun, beti inoren menpean. Bada lekurik zure ametsentzat leiho ostean Aviva. Bada lekurik ene bihotzean zure loreentzat.

 

daberri horren esperoan, maitasunez gainezka,

                              zeurea nauzu, kristalaz bestalde.         

 

 

2.   SARIA (250 euro)

 

ALAINE AGIRRE (Bermeo)

                       

                        DSC03695

 

Argumentua:

Alaitzek Itziarri, alfabetoko hizkiez baliatuz, sentimendu eta desioak azaltzen dizkion maitasun gutuna.

 

 

Epaimahaiaren iritzia:

 

Gutun originala. Hitz jokoetan oinarritutako gutuna.

 

Gutuna:

 

( Letraz- letra )

Abenduren bateko iluntze batean

 

 

Egunon, printzesa:

 

E tekla zapaltzen dut, baina zapaldu barik. Logureagaz bezala. Atzamarra zure begian pausatuko nukeen era berean. Zapalduz, baina zapaltzera heldu gabe. Kasik laztanduz.

 

G letra ukitzen dut. Eta imajinatzen dut zure gerria ari naizela ukitzen. Mendi dira zure aldakak. Eta haietara igotzean bihurguneetan galtzen naiz. Trena bere errutinara lotzen duen trenbidetik deskarrilatzen den eran. Errealitatea suizidatuz bezala.

 

U letra… Ia ukitu gabe. Ia. Atzamarra zure samatik. Ia gabe. Baina besoetako ileak tente jartzen zaizkizu.

 

N. Batzuetan galduta sentitzen da nire sudurra. Behe-lainoa dagoenean, esaterako. Eta zurea bilatzen du. Hanketan bilatzen du nire sudurrak zure sudurra, belaunetan, zilborraren azpiko ileetan galtzen da geroago, titien arteko erreka zeharkatzen osterago. Ez du topatzen. Ezta zure ezkerreko besapean, ezta zure ezpainen umeltasunean, ezta zure ileek gordetzen duten haizean. Zure sudurra bilatzen du nire sudurrak bakarrik sentitzen denean. Eta aurkitu arte ez du etsitzen. Elkar topo egiten dutenean, bata bestearen usainak dastatzen dituztenean erortzen da etsipenera. Zurea aurkitzean.

 

O letra zapaltzen dut. Zanpatu egiten dut. Gogor.

 

Zure begiradari hegoak jartzen dizkiozu. Hegaz egiten du. Nire paretik pasatzean, eskua luzatu eta hartu egiten dut. Neuretzat. Niretzat zure begirada. Neuretzat zu. Baina beste batentzat dela esaten didazu, ez dela niretzat, ezetz, eta aske utz diezadan eskatu. Mesedez. Libre uzten dut. Eskerrik asko. Eta bere bidean jarraitzen du. Hartzailearengana heldu arte.

 

Bultza egiten diot O letrari: gorrotoz. Gorrotoaren hiru O-ez.

 

N. Berriro ere. Atzera ere bilatzen du nire sudurrak zure sudurra. Agian… Agian horrek esperantzaz mozorrotzen du etsipena. Errealitatearekin haserretuta dagoen esperantzaz. Eta pentsatzen dut agian niretzat direla zure begiradak, eta agian karteroa postontziz erratu dela. Agian desbideratu egin da, haizea dabilen egunotan lez. Agian… Agian maite nauzu. Edo agian ez naiz bizi, baizik eta biziraun, zalantzez elikatuz.

 

P letra laztandu dut. Lotsatu egin da. Gorritu. Begirada biluziegi batez begiratzen zaitudanean zure masailak lotsatzen diren era berean. Hiru segundo eta erdiko begirada batez irentsi nahi zaitudanean bezala.

 

R idatzi dudanean pentsatu dut zure rizo batean kartzelatuko nintzatekeela. Inoiz ez askatzeko.

 

I. Izarapean. Edo izarpean.

 

N. Eta berriro egiten dute topo nireak eta zureak. Nire sudurrak eta zure sudurrak. Elkar maitatzen dira, musukatzen.

 

T tekla laztandu dut atzamarraren puntaz. Bere ingurua ukitu dut. Baina ikaraz. Portzelanazkoa bailitzan. Plazerez apurtzeko beldurrez. Eta lotsatu egin da. Txikitu arte lotsatu da zure titiburua.

 

Z letra. Mihiaren puntaz paseatu naiz zure ezpainetatik. (Elurra ari du). Mihiaren puntaz busti ditut zure ezpainak. (Elurra ari du). Ahoa zabaldu duzu. Hasperen batek ihes egin dizu, eta neure ahoan sartu da, nire hatsarekin nahastuz. Kiribilduz.

 

E tekla. E agertu da ordenagailuaren pantailan. E letra. Txikia eta lotsatia. Hauskorra.

 

Hankak irekiarazi dizkizut. Musu bat eman dizut orkatilan. Beste bat belaunean. Beste bat izterrean. Beste bat, klitorian. Ezpainak busti dizkidazu. Beste musu bat eman dizut. Ahoan. Gazi.

 

S tekla sakatu dut, kameraren botoia sakatzen dudan moduan: klik. Zure begiak, klik. Zure bizkarra. Zure aldakak. Nireekin endredatzen eta des-endredatzen eta berriro endredatzen diren zure ileak. Zure zilborra, klik. Nire zilborra, klik.

 

Zurea nirean. Klik.

 

A, azkena. Egunon, printzesa.

 

Eta idatzi nezake M bat, maitasunez egingo nizulako maitasuna. Edo A eta I bat; gugatik, Itzi. Edo T bat, nire barruan eragin duzun terremotoagatik. Eta E bat, egunsentiengatik. Z zugatik, laztana. A eta I gugatik, esan dizut: Itziar eta Alaitz. Edo aldrebes. T, terremoto bat baino gehiago direlako: bi edo hiru, lau edo bost. (Edo akaso gehiago). U edozergatik, edozer idatziko nizukeelako. Eta T maite zaitudalako, terremotoz- terremoto, letraz- letra.

 

Alfabetoko letra guztiekin frogatuko nizuke maite zaitudala erakusten duen teorema. Eta gehiago asmatu beharko nituzke. Zeuretzat bakarrik. Letrak falta zaizkidalako, zer sentitzen dudan azaltzeko. Edo nik neuk ulertzeko.

 

Edozer idatz niezazuke. Edozer, Itziar. Inoiz irakurriko ez duzun gutun hau, adibidez.

 

Baina ez dizut ezer idazten, egunero esaten baitizut, goizero- goizero, ileak orraztu gabe zatozenean, eta logura diren begi horiekin barre egiten didazunean. Egunero esaten baitizut, letra bakoitza hasperen bat bailitzan, arnasestu bat, taupada bat; egunon, printzesa.

 

Hala ere, zu ez zara konturatzen; zu ere okupatuta zaudelako beste horri ezer esan gabe dena esaten. Letraz- letra.

 

Eta, letraz- letra, zeure

 

Alaitz

 

BERGARAR ONENA   (150 euro)  

 

 ELENE ETXANIZ (Bergara)

                                                                DSC03690

 

Argumentua:

 

Alzehimerra eta maitasuna uztartuta iraganeko oroitzapenetan oinarritzen den istorioa.

 

 

 

Epaimahaiaren iritzia:

 

Bergarako gutuna, hau da, bergarako euskalkia ondo lantzen duen gutuna.

 

 

Gutuna:

 

Egunero-egunero…

Ola Mari,

Tomax non, akordatzen? Bajakiñat ezetz, horretxeattik eskribitze dostanat karta hau. Ez sustau, Mari, eta segi leitzen, ero entzuten. Egunero egunero aittu arren, ezezauna eitten jan kartia, ezton? Ez arduratu, neuk akordau eraingostanat dan-dana ta!

Nik 17 eta hik 16 urte heuzkanala juan nintzonan lenengo aldiz aitta zanakin hire basarrira, gure ardixak zuen larrera eruatera. Artaldia aittak bakarrik gobernau ezin eta zorionian neuri ainddu jostanan laguntzeko. Zorionian esan jonat, bai. Izan be, orduantxe ezautu giñustanan, Mari. Uda hartan hire amak basarrira bialdu hindunan, amandriai eta tiai laguntzera, ta han hengonan sukaldian, beste lengusiñekin batera. Baña, gu ardixak laga ta bueltan gentozela, ataira erten hintzanan, izara bete baldia besapian heukanala. Ile luze eta argixa kopeta eder baten batuta, zela aztu! Kuadrodun amantal elegantia heukanan jantzitta, ondio gure ganbarako kajan baten gordeta egongo dan haura. Belaunbururaino heltzen janan amantala, eta handik bera hanka beltxaranak bixta bixtan geratze zittunan. Nere aitta zana eta hire aittajauna berriketan jebiztanan, ta nik etxaurreko askara juateko permisua eskatu najotxanen. Izardixa musutik pixkat apartauaz, berako bidia hartu najonan. Enajaukanan piura ederra hi bezelako neska fin baten aurrian presentatzeko, baña… Izara zuri haundi bat dominau ezinka henbilenan hire atzera heltzerako.

- Laguntzia nahi?- galdetu nostanan, begixak lurretik jaso be in barik.

- Eskertuko neukek bai!- buelta erdi emon eta heure-heuria donan barre goxo horrek erten hostanan, ta ziero tontotuta geratu nintzonan.

Harrezkero, ezton egun bat eta bera be pasau barre horrekin akordau ez naizenik, gaur arte, Mari. Oiñ gutxitan eitten don barre ganoraz, eta jakin nahiko neuken ze pasatzen dan hire burutik momentu horretan, zeri eitten janan barre… Ni tartian ete najaon? Benetan pozik haonalako izeten don? Sekula etxonat jakingo, baña nik baietz pentsatzia nahi jonat. 

Izarioi txintxilikatzen lagundu nostanan, eta baitta atzeko bostak be. Enajonan hitzipe esan denpora tarte osuan, hik eitte hebanan berba bixon partez. Ta nik entzun. Gustora entzun baña, eh! Ezeiñ pentsau aspertu eiñ nitzanik! Keba! Jakingo bahu ze pozik nenguan! Akabau giñuanian, patxo bat emon hostanan belarri ostian. “Eskerrik asko, Tomax”. Halako edarki esate hebanan nere izena… Praketan kabidu ezindda bueltau nintzonan etxera, kantu baten! Aittak neri beiratu eta barre eitte jonan. Uste jonat zeoze igerri zebala ni estreiñekoz izarak esegitzen ikusitta.

Egun haren ostian, makiña bat buelta in najittunan zuenera, erozein aitzakixa ipiñitta. Egun da gaba, hi eta hire amantala nere buruan bueltaka.

Akordau be eitteke pasau zonan udia, eta ni enintzonan konturatu hi etxera bueltau bihako hintzanipe. Zelako trantzia despeditzerakuan… Goguan daukan? Gure aitta Bergara juaten zan bakoitzian, karta bat idazten nostanan. Eta hik hurrengo erantzun. Medikuanera juan biharra geunkanian, beste karta bat. Ta handik gutxira kontestaziñua. Ederra zonan jolas haura, ezton?

Uda haren ostian, udaro etortzen hasi hintzanan. Akordatzen kofraixa harekin? Ze urte zonan… bueno, etxakon ardura. Hik kalera jaistia nahi hebanan, baña neri laga ez. Ortuan lan dexente jeuanan gurian, eta laguntzen geratzia erabaki hebanan. Traktoria hartu eta hi gurdixan atzekaldian zutik zatza zubixan bestekaldeko ortura eruatera juan giñuztanan. Baña kalera heltzerakuan, hi gorri gorri jarri hintzanan ta traktoria derrepentian geratzeko eskatu. Ze pasatzen zan galdetu nostanan, eta hire begixen direkziñua segiduaz, zubiko neska kuadrilla bat ikusi najonan. Hire Bergako lagunak ei zittunan, Kofraixetara etorritta ero… Asuntua don harek ez zekixela hi hemen ibiltze hintzananik “zatz eta trapu zar” artian… Derrepentian, bi aldiz pentsatzeke, zatz artian ezkutau hintzanan. Hire lagunak guri begira jeztanan, eta ni, traktoria arrankau eta Muskitxu errekan gora abentau nintzonan, hi kaka artian ondio. Presa parera heltzerakuan, traktoria geratu eta han erten hintzanan, zikiñ-zikiñ!

-          Ederra piuria Bergako Markesatxuak!

-          Ezidak barreik eiñ, entzun?

-          Hola behintzet ezingo haiz etxera bueltau. Koplak etarakostane! Etorri nere atzetik!

Arbolapian sartu eta aldapan bera jaitsi giñuztanan, presaraino heldu arte. Erropak kentzeko esan nostanan, nik soinekua garbitxuko nostanala ta trankil eoteko, enebala beiratuko! Buelta erdi emon najonan, baña hi, sartu beziñ azkar irten hintzanan, soiñeko eta barruko erropak esku baten. Lurrera bota hintxunan, eta nereana etorri hintzanan. Nere gerrikua soltatziai ekin hotsanan, eta erropa danak erreka ertzian lagata, uretan sartu giñuztanan. Baten batek ikusi izan balittu han eiñ giñuzen jolasak… Pekatu baten bixok!  Inpernura aidian! Etxatan sekula ahaztuko!

            Gazte xamar ezkondu giñuztanan, eta hi gurera etorri hintzanan bizitzera. Ni herriko fabrikan hasi nintzonan lanian, eta hi baserriko kontuekin arduratzen hintzanan. Hendaiara juan giñuztanan biaje de nobiosian. Gu sekulakua eiñ giñualakuan, ta oiñ gure loibak takian potian juateittun egun pasa trenian. Enfin…

            Gazte ezkondu giñan bezela, laster euki giñunan lenengo neskatillia be, Miren. Haura zonan gauzia politta!! Akordatzen? Gure etxeko poza zala esate hebanan hik! Baña batekin konformau ez, eta beste bat ekarri giñunan atzetik, Elisa. Eta beste bat, Leire. Eta bikixak, Joxe Mari eta Karlos. Baña danak haundi eiñ zittunan, Mari. Bakoitzak bere bidia ein jonan, eta gu bakarrik geratu giñuztanan basarrixan, gazte denporetan bezela. Inguruan bizitxun eh, eta sarri etortzeittun bixittan seme alabekin, gure loibekin: June, Nora, Markel, Gorka eta Nerea. Asko maitte habe erak be.

            Esan bezela, zartzarua be etorri jakunan, baña bera bakarrik ezton etortzen bai, eta gure kasuan, hiretako erregalotxua ekarri jonan. Alzehimer ero holako izenen bat jaukan hire gaixotasunak. Ta horrek ziero aldrebestu jittunan danak. Gure planak, gure bizimoduak… Poliki-poliki gauzekin ahazten juan hintzanan. Hasieran noizian behin baño etxanan pasatzen, holako hutsune moduko bat eukitze hebanan. Ta gero hire onera bueltatze hintzanan. Momentu hortarako prestau nostanan holako karta bat, erozein lekutan zein hintzanan ahazten bajanan, kartia irakurri eta akordatzen laguntzeko. Baña gero ta sarrixao agertzen zitxunan hutsuniok. Jazten ahaztu janan, jaten, berbetan, eskribitzen, leitzen… Heure buruakin eta gu danokin ahaztu hintzanan. Eta hori oso gogorra don, Mari. Nik hi gurekin akordatzia nahi jonat. Tomax non. Hire Tomax. Alperrik…

Hala ta be, etxakiñat hiretako ero neu hobeto sentitzeko, baña, karta berri hau eskribiru najonan, eta egunero leitzen dostanat. Goixian eta gabian. Hire barruan zeoze pizteko, hire barre haura berriz ikusteko. Ondio be maitte naunala jakitzeko. Hainbeste botatze haut faltan, Mari…

Patxo haundi haundi bat,                                                                  Hire Tomax    

 

 

 

 

BETERANO SARIA  (100 euro)  

 

 JAIONE ISAZELAIA (Bergara)

                                              

                          DSC03688

 

Argumentua:

Semea kartzelan duen amak, bere bizitzari errepasoa emanez, amodiozko gutuna  egiten dio aberriari.

 

 

Epaimahaiaren iritzia:

 

Itziarren semea abestian oinarritutako gutun berezia.

 

 

Gutuna:

 

Euskal Herrian, 2011ko urtarrilaren 8a

 

Aberri maitea:

 

Maite ditut, maite, zure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean... eta izkutatzen ez dizkidanean ere; maite ditut zure koloreak –zure berde, gorri eta hori guztiak- eta zure usaiak, kresal, baso eta erreka garbienak; zure eguraldia, ihintz, ekaitz, kazkabar eta xirimiriak; zure zeru eta itsasoa; zure hizkuntzaren soinu anitzak: bizkaieraren dz-ak, Zuberoako ü-ak, gipuzkeraren y-ak, lapurteraren rg-ak…, zeinen aberatsa zaren..., maite zaitut, bai, baina asko eman dizut eta errebelatu egiten naiz, ni, neu, neure buruarekin.

Neure-geure buruan bizi baitzara, ni gabe, gu gabe, zu ez baitzinateke deus izango. Zu, nire nia eta, gure gu kolektiboa ere zarelako, denok zara… Zu maitatuaz geure burua maitatzen baitugu, eta zu gorrotatuaz, geure burua gorrotatu. Amodio-gorroto zoroa da gu bion artekoa, eskizofrenia puntu batera naramana. Zeren gorroto, gorroto ere, gorrotatzen zaitut aldiro.

                Itziarren semea: hori duk mutila! nihor salatu baino nahiago du hila, harro egon liteke…

                Ez.

Ez nago harro, eta ez dakit zuri zer iritziko?, baina nik semea ez dut nahi hila, nik bizirik nahi dut. Amei gerta dakiguken zorigaitzik handiena mundu hau semearen atzetik uztea baita. Edonola ere, bilatuko genioke harek egindakoari esplikazioaz gain, justifikazioa ere. Bizirik nahi dut eta bere haragiaren haragi izango diren umeak nahi ditut, zahartzaroan bizipoza emango didatenak.

Harro? Nola egongo naiz, ba, neure buruarekin harro? Zer egin dut gaizki, seme? Zer, zu egoera horretan aurkitzeko?

Izerdia ta odola burutik behera, ezpainak urratuta azazkalak atera…

Odolak ematen zion beldurrarekin, eta orratzak, eta ilunak, eta bakardadeak, eta heriotzak, eta trumoiak, eta tximistak, eta-eta…, ia denak ematen zion beldurra. Beldurrez bizi zen, beharbada patuak horrelakoak ekar ziezaizkion sospetxan. Kiriotatik jartzen ninduen horrek, ama, beldurra, ama, ama…, gonapetik sekula ez ote zait aldenduko?- galdetzen nion sarritan neure buruari.

Txikitan bihotz onekoa zen oso, besteen sufrimentua bere egiten zuen horietakoa, besteen arrangurak eta nahigabeak bereak balira bezala bizi izaten zituen.

Zazpi gizon nituen joka inguruan, makilaz hartu naute ostikoz lurrean…

                Txakurrek ere ez dute tratu hori merezi!

Indarkeria. Nire printzipioak, eman nizkion heziketaren zutabeak, pitzatuta ditut erabat. Gogoratzen naiz gaia gure artean lehenengoko aldiz planteatu zen eguna. Ikastolan hasi berria zen, ordurako bazekizkien adierazten adierazi beharreko denak eta gizontxo adimentsu bat bezala mintzatzen zen. Laztan ugari jaso eta emandako haurra zen estraineko aldian narrukoa hartzea egokitu zitzaionean. Etxerakoan garbi esan zidan: ni ez noa geyo!, bere aukera balitz bezala joan edo ez joan.

Indarkeria. Zer egin haren aurrean? Isilik egin genuen ikastolatik etxerako bidea, ez nion berehalakoan erantzun. Amorrazio neurrigabea sentitu nuen betondoa ubelduta ikusi nionean, eta mingainari koska egin behar izan nion ez esateko: eman zuk-re! Aspaldi ahaztu xamartuta banituen ere, Testamentu Zaharrak eta Berriak proposatutako bi aukerak, ez batak eta ez besteak ez ninduen jada konbentzitzen. Erantzun errezak, bueltatu?, beste matraila eskaini?

Eta umeek nekez uler dezaketen aukerari propaganda egiteari ekin nion: hori egin dizunak, ba al daki hitzeitten?

Gogoratzen dut eraman zuten lehen aldian libre sin cargos utzi zutenean. Zisko eginda itzuli zidaten. Ama..., etzekiten hitzeitten- esan zidan, txikitan egin nion amarrua aurpegiratuz... Semea, nire semea, komisaldegiko tortura geletan hil zidaten apur bat orduan; bizirik atera bazen ere, hiltzen hasia zegoela berehala antzeman nion.

Amorraldi luzeetan, maiz garbatzen naiz zureganako horrenbeste maitasun erakusteaz, nola liteke baina!, behin ere ez nion zeure izenik aipatu-eta, sekula abertzaletasunaren inguruko erretolikarik, ezta inolako apologiarik..., seguruenik esandako hitzek baino indar handiagoa izango zuten esan gabekoek, eta izkutatu nahi izaten nizkion zureganako amodio zantzuek agerikoek baino eragin handiagoa.

Batzutan, eztarria estutzen sentitzen zintudan eta ezin izaten nuen zuretako hasitako irrintzia amaitu. Zer, ama?- galdetzen zidan. Eta ezin izaten nion oneratu arte erantzun.

Besteetan, begietan sentitzen zintudan eta zure edertasuna jasan ezin eta malkoak isurtzen hasten nintzanean galdetzen zidan, zer, ama? Ezer ez, ume- erantzuten nion...

Gabon kantuan, mendi puntan, bertso saiotan, baserri zahar edo kale kantoietan... sentitzen zaitudanean, zure presentziak barruak mugi arazten dizkit, ez dago hitzen beharrik... Horrela erakutsi nion, erakutsi ere, zu maitatzen.

Zahartu egin natzaizula antzemango duzu, horrenbeste atzera-aurrerekin indarra joaten ari zait. Gaztetan ukabila zut eta griñaz abesten nizun, dagoeneko, haragiak maxkaldu zaizkit, irribarra keinu bihurtu eta bekokia zimurtu. Ez zaitut gaztetan maite zintudan bezala maite. Maitatu nahi zaitut, baina zurekin eta semearekin sukaldearen epeltasuna duintasunez eta bakean gozatu nahi dut.

Zeurea beti.

Itziar

  

EPAIMAHAI GAZTEA:

Epaimahai gaztea (Bergarako ikasleak): : Maddi Mujika, Alazne Murgizu, Josu Unamuno eta Nora Txintxurreta.

 

 

IRAKURLE GAZTEEK 26 URTETIK BEHERAKO ONENEI  EMANDAKO SARIAK   (100 €)  

 

DEIANE LAGE (Arrasate)

                                              

                        DSC03687

 

Argumentua:

Metafora bitartez, maitasuna eta sentimenduak urtarotan islatzen duen gutuna.

 

 

 

Epaimahai gaztearen iritzia:

 

Epaimahai guztiari gustatu zaion gutuna. Gutun orijinala eta ezberdina.

 

 Gutuna:

 

Nire margolariari:

 

Elkarri muxu eman genion lehenengo aldiz jantzita neraman soinekoa jantzi dut gaur; soineko berdea, lore urdinez eta zuriz apaindua. Kolorete pixka bat jarri dut eta ezpainak gorriz pintatu ditut. Betidanik jantzi izan naiz “udaberri” samar; more eta arrosa koloreak, lore-estanpatuak eta zapi biziak itxura alaia emateko saiakeran beti izan ditut lagun. Baina arimaz, beti izan naiz “udazken” samarra; kolore marroi-horiz apaindutako paisai erromantikoa, askotan haize ez hotz-ez bero batez pixka bat astindua.

 

Zu nigana hurbildu zinenean, hostorik gabeko zuhaitz babesgabe bat nintzen, apurkorra. Hostoak galduak nituen denboraldi korapilatsu eta nahasien ondorioz, behin eta berriro haize bolada bortitzek astindutako zuhaixka banintz. Indar gutxi nituen hosto berde berriak sortzeko eta nazkatzen hasia nintzen albotik pasatzen zitzaizkidan txakurrek beren txiza-txorrotadatxoa nire oinetara botatzeaz. Usain txarra hartzen hasita nengoen nire “udazken-arimari”, txiza usaina izango zen agian…

 

Zu agertzeak ordea, uda amaierako berotasun eta indarraren pintzeladak eman zizkion nire udazkeneko paisaiari; loratzen hasteko behar nituen eguzki printzak ekarri zenizkidan opari. Horrela, lehenengo kimutxoak atera eta zergatik ez, neguari salto eginez, “udaberri- arima” piztu zenidan. Beldurrak uxatu eta mihise zuri batean, kolore alaiez beteriko paisaia berri bat margotzen hasteko prest nengoen! Prest geunden! Hasierako pintzelada finak, dei lotsatiak eta laztan goxoak ziren. Ondoren kolore biziagoen txanda; muxu amaigabeak eta besarkada indartsuak. Horrela, lorez eta hosto berdez bete zen nire “udaberri-arima” berria! Ilusioa, pasioa, jakin-mina… Bai, bazirudien negurik ez zela egongo, euria eta hotza giro epel batek ordezkatu baitzituen. Eta giro epel hartan, zure aurrean biluztu nintzen, gure paisaiako lamia banintz. Nire maitasuna eta konfiantza eskaini nizkizun, nik ere zureak jasoko nituelakoan. Zurekin partekatu nahi nuen guztia; pozak eta pozak ez

zirenak, ilargi beteko gauak, txokolate tableta, dutxatik irtetean toalla, nire ezpainak eta zureak.

 

Baina udaberrian ere izaten dira euri-zaparradak, ezustean harrapatzen gaituzten horietakoak! Askotan, hotza ere ekartzen dute, eta haize boladak! Bat-batean giroa nahasi zen eta hodei ilunak sartu ziren gure paisaian, ekaitza datorrenean agertu ohi den argitasun more-ilun hori eraginez. Orduan iritsi ziren trumoiak, haserrealdiak eta urruntzea; hotza, hotzikarak. Lore itxurako ilusio guztiak zapaldu zenizkidan eta hasierako garaietan kimu izandako hosto berdeak tiraka kentzen zenizkidala sentitu nuen. Hostoekin batera, amets eta gogo guztiak ere joaten ikusi nituen haizeak eramanda. Mina sentitu nuen, bihozmina eta bihotzeko mina. Azkenean, behartutako negua iritsi zitzaigun; ezin urtarorik indartsuena engainatu.

 

Ez dakit zer iritsiko den orain.

 

Elkarri muxu eman genion lehenengo aldiz jantzita neraman soinekoa jantzi dut gaur, gogoratzen duzu zuk? Kolorete pixka bat jarri dut eta ezpainak gorriz pintatu ditut. Polita iruditu zait kaixo esan nizun modu beretsuan, gero arte esatea; ezin baitut “negu-arima” honetan harrapatuta denbora gehiago eman. Orri zuri bat hartu eta margoen kaxa zabaldu dut, paisaia berrien esperoan.

 

Muxu gorri bat.

 

Lorea

 

P.D: Lerro hauekin gure istorioaren amaiera baino, hasiera da gogoratu nahi izan dizudana (eta gogoratu nahi izan dudana), ilargi betearen babesean hasi zen istorio bitxia. Horren ilustrazioak zure baitan irudikatzera animatzen zaitut, paisaia eta urtaro propioak sor ditzazun. Baina mesede bat egin: irribarre batekin irudikatu nazazu, zuretzat beti izango baitut bat!

 

 

Nork: jardun.2011/02/15 12:16:40.445 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak