Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2012/04/17 17:07:05.214 GMT+2

MAIATZAREN 4EAN BUAH TXABAL ANTZERKIA BERGARAN

Jardun Euskara Elkarteak Unai Iturriagak egindako eta Jon Zubiagak antzetutako “Buah txabal” antzerkia antolatu du maiatzaren 4rako (ostirala). Antzerkia Zabalotegi aretoan arratsaldeko 19:00etan izango da doan.

Eguna: Maiatzak 4, ostirala

Prezioa:  Doan

 Lekua: Bergarako Zabalotegi aretoan 

Ordua: arratsaldeko 19:00etan

Antolatzailea: JARDUN EUSKARA ELKARTEA

Garikoitz Kortabitarte “Beti”, 20 urte bueltako gazte bat da. Gatxizena beti lokalean sartuta egotetik datorkio. Bart, salbuespen moduan, herrira atera da parrandara eta tragedia bat gertatu zaio: mugikorra galdu du. Zergatik da, ordea, mugikorra galtzea halako tragedia? Garikoitzek horren zergatia kontatzen digun bitartean, gazte horrek euskararekin duen harreman gatazkatsua, bere izaera xelebrea eta lokaletako gazteen gaineko topikoen parodia estremo baten lekuko egingo gaitu

 Egilea: Unai Iturriaga

Aktoreak: Jon Zubiaga

 Hori dela eta zuen interesekoa izan daitekeelakoan Jardunek bertara joateko gonbitea luzatzen dizue. 

 

 

Nork: jardun.2012/04/17 17:07:05.214 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/04/04 09:15:58.278 GMT+2

MAIATZEAN MAKILLAJE IKASTAROA BERGARAN

Jardun Euskara Elkarteak Ihintza Orbegozorekin (Igaro) makillaje ikastaroa antolatu du maiatzerako. Ikastaroa larunbatetan izango da eta ordu eta erdiko 2 saio izango dira maiatzaren 5 eta 12an. Izen ematea zabalik egongo da apirilaren 16tik 26ra bitartean Jardun Euskara Elkartean (errotalde jauregia z/g), 943763661 telefono zenbakian edo jardunkultura@topagunea.com -en.

Egunak: Maiatzak 5 eta 12 (larunbata)

Prezioa:  8 € Jarduneko bazkideak

                    10 € gainontzekoak

 Lekua: Bergarako Kultur etxean 

Ordua: 10:30etatik -  12:00etara

Antolatzailea: JARDUN EUSKARA ELKARTEA

 

Nork: jardun.2012/04/04 09:15:58.278 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/03/26 11:21:54.427 GMT+2

MARTXOAREN 28AN JULIAN IANTZIREN HITZALDIA BERGARAKO IRIZAR JAUREGIAN

JARDUN EUSKARA ELKARTEAK martxoaren 28rako, asteazkena, JULIAN IANTZI lesakarraren "Euskararen erabilpena sustatzeko hitzaldia” antolatu du Bergarako irizar jauregian.

 

“Garbi dago euskararen ezagutza handitu egin dela baina, tamalez, ez erabilpena. Adibide hau gazteen artean ikus dezakegu nabarmen gazteleraz aritzeko joera-ohitura dutelako. Euskara eskolarekin lotzen dute bakarrik baina eskolan ere gazteleraz aritzen dira askotan, beraz, egoera aldatzeko zerbait egin behar da. Nik, pertsonai publikoa izateak ematen didan posiziotik, euskarak duen garrantziaz kontzientziatzeko hitzaldiak ematen ditut. Nik euskararekin izandako harremanaz, gorabeheraz,..arituko natzaie. Euskararegatik aurkezle naizela, munduari bira eman diodala, jende asko ezagutu, gai asko ikasi,.....eta dena gure hizkuntzari esker....baina ibilbide horretan gauzak gertatu zaizkit eta beste batzuen artean euskara ere erdi galdu egin nuela (gazteleraz aritzeko ohituran erori nintzalako). Modu horretan gazteen parean jartzen naiz, bere egoera berean nintzela (ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak),...eta nik egoerari buelta emateko zer eta nola egin nuen azalduko diet. Horri esker iritsi naiz iritsi naizen lekuraino...eta nik egin baldin badut...beraiek ere egin dezakete... “

 

Nork: jardun.2012/03/26 11:21:54.427 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/03/07 15:40:02.885 GMT+1

MARTXOAREN 23AN KANTU JIRA ETA KANTU AFARIA BERGARAN

Datorren martxoaren 23, ostirala, JARDUN euskara elkarteak antolatu duen KANTU AFARIAren berri emateko hurbiltzen gara zuengana. Urtero bezala bertan izango ditugu kantu liburuxkak, trikitilariak, ...

 Dagoeneko txartelak eskuragarri daude Arrano, Ariznoa eta Jardun euskara elkartean.

 Txartelak 12 € balio du Jarduneko bazkideeentzat eta 15 € gainontzekoentzat.

 Kantu afariaren helburu nagusia giro alaian Euskal kantuak bultzatu eta euren transmisioa ziurtatzea da. Euskal abestiak ezagutu, ikasi eta kantatzea. Euskal kantutegia ezagutzera eman eta abesti hauen letra eta mezuen bidez euskararen aldeko jarrerak sendotu eta motibazioan eragitea.

EGUNA: Martxoak 23, ostirala

ORDUA:

20:00 kantu jira San martin plazatik abiatuta.

21:30ean afaria Artatse elkartean.

 Animatu eta parte hartu!!!


Nork: jardun.2012/03/07 15:40:02.885 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/03/06 17:45:00 GMT+1

MARTXOAREN 21EAN LABURBIRA - Film laburren zirkuitua - BERGARAN

Urtero bezala, Laburbira, film laburren zirkuitua martxan jarri da. Aurten, zirkuituaren bederatzigarren edizioa izango da. Bergaran, JARDUN EUSKARA ELKARTEAK martxoaren 21erako, asteazkena,  antolatu du ikuskizuna.

Lekua: Bergarako Zabalotegi aretoan

Ordua: arratsaldeko 20:30etan

Antolatzailea: JARDUN

Aurten, zortzi film erakutsiko dira emanaldi bakoitzean. 87 minutu inguruko iraupena izango du.

            

Nork: jardun.2012/03/06 17:45:00 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/03/06 17:39:44.381 GMT+1

MARTXOAREN 30, OSTIRALA, 21:00ETAN IRIZAR JAUREGIKO LORATEGIAN ASTRONOMIA BEHAKETA

Bergarako Jardun euskara elkarteak eta Ilatargi Astronomia Taldeak antolatu duen ASTRONOMIA BEHAKETA ren berri eman nahi dizuegu.

 EGUNA: martxoak 30, 21:00etatik 23:00etara

LEKUA: Irizar Jauregiko Lorategian

                 Bertan Ilatargi Astronomia Taldeko kideen eskutik izarrak, planeta... ezagutu eta ikusteko aukera paregabea izango dugu Irizar jauregiko lorategian.



Nork: jardun.2012/03/06 17:39:44.381 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/02/29 11:33:18.597 GMT+1

MARTXOAREN 6TIK 10ERA "EUSKARAZ BIZI NAHI DUT" ASTEA BERGARAN

  

                     

 Euskal Herrian euskaraz, Jardun Euskara Elkarteak eta ikasle abertzaleak elkarlanean antolatuta, martxoaren 6tik 10era euskaraz bizi nahi dut astea ospatuko da Bergaran. Egitarau oparoa antolatu da aste honetarako eta martxoaren 17an Donostian ospatuko den euskaraz bizi nahi dut egunerako motorrak berotzea eta herritarrak  bertan parte hartzera animatzea izango da helburu nagusia.

 

EGITARAUA

 

Martxoak 6, asteartea:  Izan, egin, eragin EHEren dokumentalaren emanaldia 19:00etan Gaztetxean.

                     

 

Martxoak 7, asteazkena: Iñaki Martinez de Lunaren “Euskaraz bizi nahi dut, baina…” hitzaldia, arratsaldeko 19:30ean kultur etxean

                

Martxoak 9, ostirala: Bertso afaria Jon Maia eta Agin Rezola bertsolariekin Agorrosin Tabernak antolatuta

 

Martxoak 10, larunbata:

        16:30ean haurrentzat tailerrak eta jolasak Simon Arrietan

        19:00etan euskaraz bizi nahi dut kalejira plazatik abiatuta

        23:00etan Kontzertuak gaztetxean

                 


 

EUSKARAZ BIZI NAHI DUT OIHALAK

 

Euskaraz bizi nahi dut aldarrikapena egiteko herritarrei balkoietan oihalak jartzeko deia egiten da. Oihalak salgai egongo dira Jardunen 3 euroren truke.

                          

 

MARTXOAREN 17AN DENOK DONOSTIARA

 

Etxarri-Aranaz eta Gernika-Lumoren ostean lehen aldiz hiriburu batean ospatuko da euskaraz bizi eguna.  Euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna izatea nahi da. Herri euskaldunaren eta euskararen alde egotetik harago, horren alde egiteko prest gaudela adierazteko eguna izatea nahi da.

 

Jai eta aldarrikapena uztartuz, euskaltzale andana batu nahi da Donostian. Eguna jai giroan pasatzeko erakusketak, kale animazioa, haurrentzako ikuskizunak, puzgarriak, tailerrak, euskalgintzaren azoka, herri bazkaria, dantzaldi eta kantaldiak, txarangak eta gauez kontzertuak egongo dira.

 

Baina aldarrikapenak tarte nabarmena izango du egitarauan, euskalduna naiz eta harro nago! Lelopean Nazio Manifestazioa egingo da bulebarretik abiatuta. Ez da nolanahiko manifestazioa izango, musikak, koloreek eta euskalduna izatearen harrotasuna adierazteko ikurrek eta batez ere harrotasun hori sentitzen duten parte hartzaileek protagonismo berezia izango dute.

 

Nork: jardun.2012/02/29 11:33:18.597 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/02/28 18:15:54.561 GMT+1

HIKA LAGUN EGITASMOA BERGARAN

           


Zuetako batzuk ezagutuko duzue jadanik Bergarako mintzalagun programa; Berriketan izenekoa. Bertan herriko hainbat jende elkartzen da euren euskararen erabilera handitu nahian; hau da, euskara ikasi arren erabiltzeko ohitura edo aukerarik ez daukan jendeari, esparru hori zabaltzeko modua ematea da proiektu honen helburu garrantzitsuenetakoa.

 

Egitasmo honetan parte hartzen duen jendea astean ordu batez taldeka elkartzen da: binaka, hirunaka, launaka… Euskaraz berba egiten duten bitartean honako ekintza hauek egiten dituzte: paseatu, kafea hartu, herrian dauden erakusketetara joan… Hau taldearen gustuen araberakoa izaten da. Honetaz gain, talde desberdinetako jendea elkartzeko asmoarekin, asteburuetarako ekintza osagarri batzuk ere antolatzen ditugu: mendi irteerak, kobazuloak ikustera, sagardotegira, gazta egitera… Dena den, asteburuetako hauetara nahi edo ahal dutenak joaten dira, jakina.

 

Berbalagun egitasmoaz gain, gure asmoa hika talde bat sortzea da, hitanoaren  erabilera areagotzeko; hau da, “Hika lagun” izeneko proiektua berriz martxan jartzea nahi litzateke.

 

Gaur egun Bergaran hika erabiltzea oso zaila egiten zaigu, zailtasun hauek gainditu eta hau aurrera eramateko aukerak ematea da gure asmoa. Astean ordu batez, hitanoa erabiltzea.

 

BERRIKETANen eta HIKA- LAGUNen parte hartzera animatzen zaituztegu!! Apuntatu edo informazio gehiago nahi izanez gero, deitu Jardunera. 943763661.

Nork: jardun.2012/02/28 18:15:54.561 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/02/23 12:04:14.876 GMT+1

MARTXOAK 28, ASTEAZKENA: JULIAN IANTZIREN HITZALDIA

                       

 

JARDUN EUSKARA ELKARTEAK martxoaren 28rako, asteazkena, JULIAN IANTZI lesakarraren "Euskararen erabilpena sustatzeko hitzaldia” antolatu du Bergarako irizar jauregian.

 

“Garbi dago euskararen ezagutza handitu egin dela baina, tamalez, ez erabilpena. Adibide hau gazteen artean ikus dezakegu nabarmen gazteleraz aritzeko joera-ohitura dutelako. Euskara eskolarekin lotzen dute bakarrik baina eskolan ere gazteleraz aritzen dira askotan, beraz, egoera aldatzeko zerbait egin behar da. Nik, pertsonai publikoa izateak ematen didan posiziotik, euskarak duen garrantziaz kontzientziatzeko hitzaldiak ematen ditut. Nik euskararekin izandako harremanaz, gorabeheraz,..arituko natzaie. Euskararegatik aurkezle naizela, munduari bira eman diodala, jende asko ezagutu, gai asko ikasi,.....eta dena gure hizkuntzari esker....baina ibilbide horretan gauzak gertatu zaizkit eta beste batzuen artean euskara ere erdi galdu egin nuela (gazteleraz aritzeko ohituran erori nintzalako). Modu horretan gazteen parean jartzen naiz, bere egoera berean nintzela (ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak),...eta nik egoerari buelta emateko zer eta nola egin nuen azalduko diet. Horri esker iritsi naiz iritsi naizen lekuraino...eta nik egin baldin badut...beraiek ere egin dezakete... “

 

Iraupena: 60´eta galderak

Nork: jardun.2012/02/23 12:04:14.876 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

2012/02/15 11:03:04.852 GMT+1

AMODIOZKO GUTUNEN LEHIAKETAKO SARI BANAKETA

                      

 ·       Partaidetza:  65 gutun. (2334) gutun 20  ediziotan)

 ·       Epaimahai nagusia:

Pello Añorga idazlea, Oihane Perea bertsolaria, Andoni Tolosa musikari eta kantaria eta Idoia Galan iazko irabazlea.

 ·       Irabazleak:

 

1.      SARIA (500 euro)  

 EKHIÑE EGIGUREN AZKUNE (Donostia)       34 urte

 

                          

 

                                       Estokolmo, 2012ko urtarrilaren 2ean.

Ingrid maitea;

            Aspaldian gogoan zaitudalako idazten dizut gauaren izkina honetatik, hitzak hausten dizkidan dardaraz, esaldi erdian zure ezpain labainak gogoratuz. Estokolmo hegoaldeko hilerritik ari natzaizu, idazten dut Skogskyrkogärden parkean, Asplund-ek diseinatu zelaietan, hiriaren birika den mikropaisaian. Iluna da lorategia estaltzen duen gaua eta isiltasunak koadernoaren orrietaraino egin du irrist, kale-argi bakanen gerizpean ikus dezaket nola. 

            Une hauetan, idaztea besterik ez zait gelditzen. Arnasa bera ere hozten dit bakardadeak: barne basamortua da elurra. Eta halere, gutun hau idazten ari naizela, zure oinotsak entzuten ditudala esango nuke, edo akaso gomuta besterik ez da, bidexka hauetan barrena eskua estrainekoz heldu zenidan neguko arrats hura oroituz. Urratsak izotz gainetan egindako soinu hura ere badatorkit, Ingrid, orriok esku artean zimurtuko banitu halako zerbait litzateke. Aurreko gutunekin  amore eman eta elurretara bota ditudalako dakit entzuten den hots-mina.

            Zelai izoztua iluntzearekin batera, zure azala hatz artean lehen aldiz sumatu nuen unea oroitzen dut. Hauskor, labain, zuri. Eta gero, malutak zure masailetan, elurra, zure begien distira. Memoriak paisaiaren antzera zuri-beztu duen oroitzapena.

            Hotz egiten du. Baina ez da elurra bakarrik, ez da negua; hotza zure absentzia da erraietaraino bidea eginaz, hurrupaka. Ibiltzen ditut zurekin ezagutu bide berak, bidezidorrak, parkearen orbain eta haran ezkutuak. Baina besterik da paisaia hemen ez bazaude. Eta ez zaude zure eskuak laztandu eta begietara begira, irrikaz espero zintudala esateko moduan. Aurrean dudan hiri elurtua denborak ezerezten duen bitartean, egunak zenbatu nahi nituzke, zenbat falta den jakin berriro ere zure oinotsak entzuteko. Baina nola zenbatu denbora atzetik aurrera? Nola jakin luze edo motz joango ote den negua? Makurtzera egin duen larrosa zuria da, bizitza bera bere azkenetan. Eta parke honetan hotzak ez du elurra ere ikusten uzten, edo agian iluna da, edo bakardadea.

            Ilundu aurretik haurrak izan dira parkean, elurrarekin jolasean.

Elkarrekin etortzen ginenean ere hala izaten zen; zelai amaigabeak dira hauek jolas eta korrika egiteko. Gustuko dute Aingeruen Kapera izeneko eraikin ttipia, hain gogoko zenuen hura. Arbelezko teilatu zorrotza du lau uretara eta egurrezko barne egitura. Sabaiko habe laminatuei begira egon ohi ginen askotan eta eraikuntzaren bizkarrezurra zirela esaten zenidan zuk. Sarrerako kolomadia, berriz, aterpea, natura eta kaperaren arteko iragaite gunea. Akordatzen?

            Hantxe nengoela ikusi ditut haurrak hurbiltzen. Kapera alboko zelai ttipian ibili dira jauzika eta lasterka, barrez, kantari. Bertatik ikusi ditut eskuetan elurra batu eta elkar busti nahian, harrapa ezinean. Gauza ederra da paisaia elurtua egun argitan eta hala haurtzaroa ilundu ez duenean ere. Lasterketen nekea sumatu bezain laster elur pilaketan hasi dira bi umeak, hartxintxorrak eta zuhaitz-adarrak ere jaso dituzte. Haseran ez dut asmatu, baina berehala pilaketak hartu du gizatankera; elurretako panpina egin nahian zebiltzan. Piskanaka enborra, besoak, burua... handik gutxira eskuak, sudurra, begiak, ... bat-batean “Nikolai! Nikolai!” oihua entzun den arte.

            Agure bat ikusi da urrunean ume haietako baten galdezka. Haurrak, deia aditu ahala, agudo alde egin du, laguna agurtzeko ere astirik hartu gabe. Bidean txano gorria erori zaio elur gainera, kolore bizia kontrastean paisaiaren zuriarekin. Bakarrik gelditu denak kotoizko oihala jaso du, eskuen artean laztandu, inoiz gehiago ikusiko ez duen adiskidea balitz bezala. Amaitzear den elur panpinari buruan jarri dio gero, goibel, gezurrezko konpainia berriari begira.

            Nik ere halako zerbait sentitu nuela esango nuke. Halako zerbait dela negua.  

            Bakarrik geratu den haurrak lagunaren izena idatzi du gero elurretan, elur panpinaren oinetara “Nikolai” hizki larriaz. Niri ere halako zerbait gertatzen zait; niri ere, une hauetan, idaztea besterik ez zait gelditzen. Arnasa bera ere hozten dit bakardadeak: barne basamortua da elurra. Eta gutun hau idaztearekin batera, zure oinotsak entzuten ditudala esango nuke, edo akaso gomuta besterik ez da, bidexka hauetan barrena eskua estrainekoz heldu zenidan neguko arrats hura oroituz.

            Gutun honetan dituzu elur gainean hainbatetan idatzi dizkizudan hitzak. Itzultzen zarenerako, Ingrid, elur zapaldu gabean bide berriak elkarrekin marraz ditzagun.

            Hemen izango nauzu, Skogskyrkogärden parkean zeure zain.

                Muxu bat,

                                                  Birgitta


2.      SARIA (250 euro)

 

IVAN POYATO DEL RIO (Barakaldo)   25 urte


Oraindik daramat ezpainetan josita arima epeldu zidan lehen muxu hura. Arnasak gure mutur bien artean egin zuen alde, emeki, erlojuari orratzak geldiarazteko azken aukera eman nahian. Aurrerago, ohe barruko amaraunean, laztanez beteriko etorkizuna promestu zenidan. “Ez gara kriminalak, maittia”. Begiak itxi eta berehalakoan agertzen zaidan une magikoa izan zen orduko hura, zentzurik gabeko gauzen mundutik atera eta errealitateari aurkeztu zeniona. Hortaz geroztik, hamaika muxu banatu nuen, hain merke, zeurearen ordezko...

Kontserbatorioko goizak. Zelan ahaztu gurutzatzen genituen begirada bihurriak... Goiko solairuko gela ilunean erraz nabarmentzen ziren, zure atzamarren xarmari amore emanez, pianoak isuritako nota jolastiak. Musika egiten ikastera hurbiltzen zirenek laster sumatu zuten gu bion arteko erakarpena, ezer susmatu ezinik. Nola ote? Txiki-txikitatik ibili ginen elkarrekin, eta elkarri esker ikasi genuen sekretuak babesten, gure sentimenduak musikaz janztera ohituta baikeuden.

Beranduago irteten ohi zinen klaseetatik, eta hantxe ninduzun, karpeta besopean, partiturekin gora eta behera biontzako ametsak eraikitzen, harmoniaren gailurrera eramango gintuen irudizko bidea marrazten. Oztopoen gainetik, maitasun zintzoari dedikatutako sinfonia bukatuko genuen pausoz pauso, akordez akorde. Ez nuen inondik espero melodiaren aurretiazko amaiera dramatikoa. Bizitzaren pentagramari eutsi ezinik, zure irribarrearen doinu goxorik gabe utzi ninduzun, noraezean.

Hemen naukazu baina, euritan blai, hilerriko horma itzaltsuak lekuko. Familiari zor diodan errespetuaren truke, inoren aurrean esango ez ditudan hitz xume hauexek paperera ekartzen ari natzaizu. Nirekin etorri da osaba Xabier. Alboan daukat, burumakur, inguruak zaintzen dituzten nekosta hitsei so. Tristura darie bere begiei, ez du txintik ere esan. Badakizu, ez da inoiz izan kanposantura sartzea errez egiten zaien horietakoa. Nik barru-barruan bilatu behar izan dut zuri idazteko kemena, paper busti hau zugandik ahalik eta hurbilen egon dadin. Jakin dezazun ez zaitudala sekula inoiz ahaztuko.

Hemen eta orain, gaur eta beti.

Maite zaitut, lehengusu Pello.

Aintzane

 

BERGARAR ONENA   (150 euro)  

 ANA MOÑUX TXINTXURRETA  (Bergara)  24 urte

                        

Ana Moñux Irlandan dagoenez gutuna Jone Fernandezek irakurri zuen.

 2011ko Urriaren 27a

 Zuri:

Ikusi zaitut gaur ere unibertsitateko kafetegian eserita, beti bezala  liburua  eskuan, irakurri bitartean bururatzen zitzaizkizunak zigarroaren ketan disolbatu nahiko bazenitu bezala. Pentsatzea neketsua omen, baina zu hain erakargarri ikusten zaitut lengoaiaren labirintoetan…  zeinen alboan eseri eta konpartitzeko gogoa pizten zaidan! Nahi duzunaz hitz egingo genukeen; hezkuntzaz, politikaz edo zalantza existentzialez.  Batzuetan, elkarrizketa luze eta sakona edukiko genukeela pentsatzen dut, baina bestetan ez naiz zutaz fio. Ziur aski hizketaldiak aspertuko bazintu, edo besterik gabe, zure horretan lasai egoteko gogoa bazenu, ez zenukeela inongo erreparorik izango gorputza bere lekutik mugitu, eta ni lotsaren lotsaz buru makur uzteko.

 Bai.  Bakartia dirudizu, aukera propioz barrurakoa. Eta aitortzen dut bakardade aura horrek ere izaera propioa ematen dizula.  Ez pentsa  idealizazio txolin baten biktima hutsa zarela, edo ni ekoizle soila,  nerabe bat banintz bezala. Ea aurrerago garbi azaldu ahal dizudan.

Ohartu ez bazara ere, sarritan saiatu naiz irakurtzen dituzun liburuen izenburuak edo egilea urrunetik antzematen; korrika liburutegira joan eta berberak eskatzeko, konpartitzearen hasiera bat bortxatuz. Horrela behintzat zertxobait gehiago ezagutuko zaitudalakoan,  egurrezko mahaian zure parean eserita nagoela fantaseatuz;  zure gogo eta afizioekin larrutan. Eta hein batean zurekin. Zure baimenik gabe. Fantasian dena baita libre, baimen  eta debekurik gabeko munduan.

Filosofia ikasten duzula badakit, ezagutzen dut zure gelakoren bat. Baina hain da maitasun sekretua, ez naizela zutaz galdetzen ausartu ere egin. Nahiago zaitut niretzat bakarrik gorde. Eta ez pentsa tentazioa izan ez dudanik, baina zin egin nion nire buruari noizbait zurekiko sentimenduak helaraziko banitu,  hauek entzuten lehenengoa eta bakarra zu izango zinela … Horregatik gaurko eskutitza.

Zuri ez al zaizu iruditzen orokorrean ez dakigula gure isiltasunak errespetatzen? Nekez besteenak ere; baina batez ere norberarenak kostatzen dira. Mina, edo esan ezin denen bat ezkutatzen duten horiek. Eta horrela pasatzen ditugu urteak, isiltasunak disimulatzen;   oihuka bada ere. Baina iristen da momentu bat zeinetan distira berezia duen norbait parez- pare ipintzen zaizun; bere isiltasunak zu isilaraztea lortuz, bertan eroso eta ulertua sentituz.  Juxtu orduan jabetzen zara, zure isiltasunaren oihurik sakonenean  begiratu ahal zaituzten pertsonak badirela munduan. Begiratu, eta gainera ikusi egiten zaituztenak, besarkadaz  ondo estutuz.

Hau zara zu niretzat. Publiko egin gabeko egiazko maitasunaren dastamena. Eta ez du zerikusirik ezkutatzearekin,  nire baitan aski errekonozitua baitzaude. Norbere esparru intimoenaz ari naiz. Norbere oasiez; zeinetan erraiak prostituitzeak zentzu oro galtzen duen. Zirrikitu-amildegi-bertigo.

 Sinetsi nahi dut gaur dela eguna  hilabete askoren ondoren, nire esparru kuttun hori, nire isiltasuna, hitz bihurtzeko nahikoa helduta dagoena.

Badakit zertara arriskatzen ari naizen. Zorotzat har nazakezu, obsesibotzat edo bizitzaz ezer ez dakien heldugabeko inozotzat. Soilik nik dakit ez zarela edozein ezezagun; distantziarik gabeko biluztasuna eskaini eta jaso diezadakedan ezezaguna zarela. Isiltasuna gorpuztu dezakeena.

Eta horrelako norbait gurutzatzen zaizunean, ezinezkoa da beste aldera begiratzea. Munduak berak, buelta erdi ematen baitu … dena hankaz gora jarriz.

Beti pasatzen den bezala, idatzitako hitzak ez dira inoiz ahoskatu ezin dudan horretara iristen, ez dira aski; justu hitz izan ezin direlako. Hala ere nahiko gustura gelditzen naiz hasierako orri zuriaren bilakaerarekin. Orain, berriz eraldatzea tokatzen zaio zure irakurketarekin. Ea fabore zaidan… Bestela ere,  ausarta izanaren harrotasunarekin haziko naiz bederen. 

Ez pentsa;  hasieran zalantzak nituen konfesioak izan beharko lukeen formaz. Pentsatu nuen errazago, edo behintzat “normalago” izango zitekeela eskutitz erdi-erotiko bat idatziko banizu. Azken finean sexuak denon   barrua asaldatzen baitu , eta sentitzen dudan desioaren aitormen bero bat zaila litzaizuke ahazten. Idatzitakoa ondo landuko banu,  zure zakila gogortu eta  gau horretan nirekin amets egin zenezan ere  lortuko nuen ziurrenik.

Baina tira, nire bisitak berdin harrituko zaitu, dena delakoaz jardunda ere. Eta aukeran, nahiago nire buruarekin zintzoa izatea. Beldurrak alde batera utzi  eta nire egia idaztea. Orduan bai, orduan bai irristatu zaidala boligrafoa eskuetatik… hasi eta inoiz ez bukatzeraino idatzi ahalko banu bezala.

Konpromisoz bada, ez erantzutea nahiago dudala esango nizuke. Baina gezur galanta litzateke.

Jauzi honen ostean, erantzunen baten beharra dut; hain ridikulua sentidu ez nadin. Ezeren truke gehiegi emateaz  ez damutzeko. Edo hobe esanda  arriskatzeaz ez damutzeko, zeren ematearen balioa kasu honetan, arriskuaren araberakoa da .Beraz,  ez izan lapurra! Egizu nigatik. Ezezagun honengatik.

 

 

EPAIMAHAI GAZTEA:

Epaimahai gaztearen iritzia (Bergarako ikasleak): ):

Maitane Mujika, Laura Axpe, Maialen Marauri eta Irantzu Casanellas.

 IRAKURLE GAZTEEK 26 URTETIK BEHERAKO ONENEI  EMANDAKO SARIAK   (150 €)  

IRATI MAJUELO ITOIZ (Iruñea)    18  urte

                        
 

Iruñean,2011ko abenduaren 30ean

Maitea,

haserre egongo zara akaso, edo agian ez zaizu jadanik axolako, baina hau ez da nire ausentzia autojustifikatzeko gutun bat. Badakit gure artekoa ezinezkoa dela, haustear dagoen soka bati tiraka egitea bezalakoa dela, baina azkenengo hitz hauek idatzi nahi nizkizun, sentitzen dudana uler dezazun.

Ongi azaltzen du abestiak: “nire bizitza laburra baina zein desberdina izan den, zu ezagutu baino lehen eta zuk muxu eman ondoren...” Lehen ezerezean ezerez baino ez nintzen, bizitzaren naufrago, puntu ikusezina unibertsoan. Dastatu zintudan baina, eta askatasunaren ateak ireki zenizkidan, nire kaleko tabernez gaindi, mundura.  Zuk erakutsi zenidan ezerezaren bidezidorretatik ibiltzen, sirena bilakatu ninduzun bizitzaren naufragioan, unibertsoa puntu ikusezin bihurtzeraino. Hasieran ez nizun kasurik egiten, ez nuen zure besoetan erori nahi, errazegia iruditzen zitzaidan. Eta zutaz baliatzen nintzen, erabiltzen zintudan. Gustuko nuen zurekin metaforetan ibiltzea, zurekin jolastea. Baina, ez nuen ulertzen paradisua eskain zenidakeela, utopia erreal bat.

Eta orain, nire ezpainak bustitzen ez dituzularik, bilatzen zaitut, behar baitut zugandik edan, nire gorputzean zabiltzala sentitu, zure beroak erre diezadan eztarria. Eta behar zaitut etsipenezko gauetan, beste ezerk asetzen ez nauenean; eta behar zaitut goizetan, oraindik erdi lo nagoela pentsatzen zaitudanean. Azala dardarka hasten zait, zuritu, lurrikara batek eraitsitako hirien gisan, eta ezin dut zure egarria ekidin. Ez dut nahi ere. Izen exotiko guztiak biltzen baitituzu zure baitan, morboaren bidaia txartela.

Paradisua eskaini zenidan behin, eta orain ezin dut gabe bizi. Beste mundu bat sortu zenuen niretzat, eta nirea izaten jarraitzea besterik ez dut nahi. Ez zen mundu paralelo bat, baizik eta niretzat perfektuki eginikoa: ahantzi zenituen gezurrak, etsipena, norberaren guduak... Horregatik nahi dut nik zure munduan ito, bertan betirako bizi; zertarako bizi bestela. Nahiago ustekabean erori, oreka mantentzen egotea baino. Horrela bizi dira kasualitateak.

 

 

Baina zugandik urrundu ninduten, bereizi. Kendu ziguten genuen guztia, denbora. Eta orain, nigandik ezkutatzen zaituzte, nire familiak, lagunek, ez didate zugana hurbiltzen uzten. Baina nik maite ditut oharkabean sortzen dizkidazun begizuloak, zure gorputz kristaldua eta gonapean arrailtzen dizkidazun mediak. Ez dut ulertzen, zerk egiten gaitu ezberdin? Harresi bat eraiki nahi izan dute gure artean, Gazan harriak existituko ez balira lez. Izan gaitezen arrakala, eta muxu emango dizut hiri eraitsietako errauts zurietan.

Ez dut ulertzen zergatik zarratzen duten gure desioa lau horma zuriren artean, nik zure hats izoztua arnastu nahi dut eta ez ospitaleetako txori-jan usaia. Izan daiteke maitasuna gaitza? Lehertzear ditut zainak. Nik ezin dezaket hauta nor maite, baina inork ezin du erabaki nor maite behar dudan. Estereotipoen festa, aurreiritzien gizartearen egunerokoan; hala ere hemen denok omen gara oso “pro”, oso modernoak. Mugak baino ez daude gure baitan, begirada arrotzak, erbesteraturiko sentimenduak. Zer da askatasuna, ez bada alkohol putzu bat. Gezurraren itzaletan bizi da mundua.

Baina nik zure espiralean erori nahi dut berriz, errealitatearen ispilu sinesgaitza hautsi ekintza terrorista batean. Nire ametsetan azaltzen zara eta ezin diet ihes egin, antsietatez esnatzen dira goizak. Bizitza komun-zulotik behera botako nuke egun horietan. Eta askotan pentsatzen dut urrundu beharko nintzatekeela, ostendu; edo zure izatea kristalezko botiletan sartu beharko nukeela eta itsasora bota. Eta, hondar artean nagoelarik, uste izaten dut ahaztu zaitudala, ez naizela oroitzen non utzi zintudan. Baina horrek zu bilatzera narama atzera, espiralaren hasierara. 

 

Orduan, nire ametsak abordatzen dituzu berriz;

“eta sentitzen zaitut. Ura bazina bezala nire gorputzean zehar irristatzen zara eta nik ezin diot dantza egiteari utzi, zuri dantza egiteari. Zure usaina dario hiri osoari, kalekantoi guztiei, eta erotzen naiz. Egarri naiz. Nire barrenean zaudenean nire larrua erretzera doan basamortua bihurtzen da, zure ahoa oasi bakar delarik. Eta zugandik edan behar dut, nire barrenean zaude, edan, behar zaitut, ezin naiz ase, eta gehiago behar dut, gehiago... 

Buruak eztanda egin eta ezinean amaitu arte. Izkina batetik begiratzen dizut orduan, begi gorriz, eta “hurrengorarte“ esaten diogu elkarri.”

 Ametsak dira horiek ordea. Nik azken dantza bat baizik ez dut eskatzen, zurekin burua galtzea azkenengo aldiz. Gauaren aterpeetan hastea gure abentura, eta inoiz ez jakitea non amaituko dugun, amaituko dugun ere.

Adio izara zuriei, adio harilkaturiko loturei eta teilatuetako katuen aharrausiei. Iritsi da eguna, oraingoan ez da amets bat. Gaur pastilla artean dantzatuko dugu gaua Vodka maitea, ahantzezina izango da. Azkenengo dantza izango da.

Zugan betirako,

                                                                                  Ines

 

Nork: jardun.2012/02/15 11:03:04.852 GMT+1
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)


Estatistikak