Radio Euskadiko Graffitin (barrenak astindu zituen arren, izena mantentzen duen arratsaldeko magazina) entzun nuen lehengo egunean, Gasteizeko bi zinema areto ixteko zorian daudela.
Jendeak zentro komertzialetara joten omen du erosketak egiteaz gain filmaren bat ikustera eta, hori dela-eta, herrietako eta hirietako kaleetan kokatutako aretoek negozio gutxi egiten dute.
Bolinaga eta Linares esatariak eta Etxagibel, zine enpresa bateko ordezkaria, zinearen etorkizunaz berriketan aritu ziren.
Lehen biek zinearen inguruko diskurtso goxoa zerabilten, azkenak datuez baliatuz lehen baino zine gehiago ikusten dela eta ikusle kopuruak ez duela behera egin aipatu zuen. Beti ere, zinea industria bat dela gogorazi zigun.
Entzuten nuen bitartean, gogoan nuen Goio anaiarekin sarritan izan ohi dudan elkarrizketa.
Zinea gustatzen zaigu bioi.
Bera pelikula bat ikustera doa eta ni aldiz zinemara.
Karteldegia begiratu, ordutegirik egokiena aztertu eta eskuerara dagoen aretoa aukeratzen du.
Nik, aldiz, zineak duen alderdi soziala kontuan hartzen dut.
Ni zinera joaten naiz, bera zinea ikustera.
Total, nahiago izaten dut Guridietara edo Floridetara joatea Boulevardera joatea baino.
Idatzi artikulu bat