Istorioak kontatzerakoan euskarri desberdinak erabiltzea eta digitalizazioak ekarri dituen bapatekotasuna eta interakzioa daude transmedia izaeraren oinarrian.
Boladan dagoen hitza da. Han eta hemen artikuluak, webguneak, jardunaldiak eta ikerketak ugaritzen ari dira transmediaren aitzakian.
Metraje luzekoa, telesaila, bideojokoa, kromo bilduma, liburuak eta kamisetak izan daitezke istorio bat garatzeko orduan aukeran dauden euskarrietako batzuk eta horiek eta gehiago erabili izan dira “Star wars”, “Lost”, “Sophia’s diary” ala “Harry Potter” bezalako produkzioetan (ikus Henry Jenkins-en aurkezpena).
Hedabide ala plataforma bakoitzak dituen
berezitasunak kudeatuz, kontakizunak itxuraketa propioa hartzen du eta beti
ere, medio bakoitzak dituen berezitasunak aprobetxatzen dira. Kontakizun
beraren orbitan mugitzen diren medioak
dira telebista, zinea, webgunea, sare sozialak. Eta gero eta gehiagotan,
gidoilariek istorioak artikulatzen dituztenean arkitektuen jarrera hartzen
dute, jakinik, kontakizunak osagarri, egitura eta elementu desberdinak izango
dituela. Non hasi eta noraino garatu istorioa medio bakoitzaren gidoilariaren
kontua izango da.

Donostiako zinemaldiaren magalean, eta hirugarren urtez antolatu duten III. Foro Digitalean ere transmediatasunak eztabaidaren muinean egon da. Bi egunez, transmedia produktuen narratiba, gidoiaren eraketa, teknologia berrien eragina eta interaktibitatea egon dira aztergai.
Javier Naharrok, “El Barco” eta “Aguila Roja” ekoizten aritu den Play Television profesionalak zioen bezala, ezinezkoa da gaur egun telebistarako programa bat eratu nahi izatea, bere webpisodioak ala twittersodioak kontuan hartu barik. Oraindik ere nagusi den telebista pantailaren ondoan, sare sozialen erabilera, ikus-entzuleen parte hartzea eta aportazioak ere bideratzen jakin behar da eta produktua beraren garapenean elementu oso garrantzitsuak suertatzen ari dira.
Arte telebista kanal franko-germaniarraren webgunerako produkzioak zuzentzen dituen Alexander Kneting-ek ere gauzak antzera ikusten ditu.
Gero eta gehiago dira ohiko telebista kanalaz gain sarerako bakarrik bideratzen diren kontakizun. Baita fikziotik haratago. “Gaza Sderot”, “Prison Valley” ala “Bar code” dira horietariko batzuk.
Modu berean, EITBk gero eta produktu transmedia gehiago ditu eta horren artean daude “El conquistador…”, “Nick dut nik” ala albistegiak beraiek. Horietariko bakoitzean kontatzen diren istoriak telebista tradizionalaz gain beste plataforma batzuk erabiltzen dituzte edukia zabaldu eta jendearekiko harremana estutzeko.
Idatzi artikulu bat