Hemendik urte batzuetara, Aznar, Bush, Garzón eta tankerako batzuk (gaurkoagoen edo gertuagokoen izenik ez dut aipatuko) zuri-beltzean bezalaxe agertuko zaizkigu memorian. Antzinako pertsonaje, giro eta bizipenen irudi hutsak izango dira.
Gure aurrekoek gerra denborako pasadizuen parekoak izango ditugu, etorkizunean, oraingo kontuak presente.
Eta akaso, hemendik urte mordoxka batera, 2007ko hasieran gazte batzuen atxiloketen irudiak berrikusi ahal izango ditugu, minik sentitu barik. Legez kanpoko gazte taldeetako kideak izatera kondenatu eta nola eraman zituzten. Haietarikoak ziren Amaia eta Igor izeneko bi, eskuak lotuta, laubiderlau berdetan sartu zituztenean. Gogoan izango dugu, ETBko aurkezleari entzun barik ere, bikote hark aste gutxiko titi-umea zain zuela etxean.
Hemendik urte batzuetara, Ilargi izeneko neskatila jaio berri hari, albistegiaren irudiak erakutsi, eta behin eta berriro esan ahal izango diogu bere gurasoen adorea eta xamurtasunak hunkitu egin gintuela.
Idatzi artikulu bat