Pelikula iparamerikarretan, lana utzi egiten dutenean (erretreta hartuta, promozionatuta ala kaleratuta), azken agurraren liturgian, kartoizko kutxetan sartzen dituzte bulegoko mahai gainean dituzten gauza “pertsonalak”.
Zerrenda erraza bezain errepikakorra izaten da: emaztea (jakina: pelikula gehienen protagonista gizakumea) eta seme-alaba WASP irriparretsuak erakusten duen argazkia, beisboleko eskularrua, lizentziaturako orla eta paper sortatxo bat. Libururik ez. Parazetamolen kutxa ezta. Eta, are eta gutxiago ere, hortzetako eskuila.
Edozelan ere, gauza gutxi, nire irudikoz.
AEBko hauteskundeen “ostian” (“hauteskunde
ostiak” eta “demokratek hartutako ostia)
Nolakoa zatekeen, atzo, telebista kamerak aurrean zirela Donald Rumsfeldek prestatu behar izango zuen kutxa. George Bushek oparitutako argazki autografiatua, bilobak eginiko marrazkia eta arrantza trofeoren bat. Ala: Abu Graib-eko argazki-bilduma osoa (“ikusi gabeko argazkiak” barne), Sadam Hussein agintean zeneko eskultura baten buru anputatua, beste estatu batzuk erasotzerakoan edo inbaditzerakoan erabili beharreko izen apokaliptikoen gida-liburua, …

Nork daki. Baina, pelikuletan ageri izaten direnak baino gauza gehiago edukiko zituen kutxetan sartzeko, ezkutatzeko.
Eskuko poltsa (lehengo eskuko ekipajea)
Agerikoagoa izango da hemendik aurrera abioietan sartzen utziko dituzten/dizkiguten trastuak. Diotenez, plastikozko poltsa gardenetan paratu beharko dira eskuko-ekipajean eraman beharrekoak. Dena agerian. Lotsa kentzeko terapia.
Opari gisa erositako pitxi-pitxia, barruko arropa
ordezko bat, amuleto aitorezina, barrenak lasaitzeko zerbait, dokumentazioa,
liburutxo bat…Plastikozko horretan sartzen dena (eta erakusteko modukoa dena)
eta kitto, besterik ez. Gainontzekoa ala eraman ez ala fakturatu maletan.
Eroskiko poltsa (lotsa)
Urte bete pasa da Eroskik poltsa gardenagatik ordezkatu zituela lehengo zuriak? Akaso bai. Orduan indiskreto samarrak iruditu zitzaizkidan eta gaur ere antzera pentsatzen dut.
Supermerkatutik atera eta kotxeraino joateko, tira, baina hortik aurrera poltsan daukazun guztia ikusteko moduan egotea arraroa egien zait. Ez gauza bereziak erosten ditugulako baizik eta gure alde pertsonala, intimoa eta ilunari buruzko informazio asko ematen duelako bakoitzaren erosketa-zerrendak.
Eta hortik aurrera, erosketak hustu eta poltsak beste zerbaiterako erabiltzen ditugunean (ez al da hori benetako birziklajea?), den-dena ikusteko moduan egoten da. Zuk jakingo duzu zertarako erabiltzen dituzun, baina niri behintzat joko handia ematen didate, bueno zidaten, orain, gardentasunak mugak jartzera behartu nau.
Hurrengoan, abioia hartzera joaten banaiz,
Eroskiko poltsetan eramango dut eskuko ekipajea. Kia, ekipaje osoa plastikozko
poltsa gardenetan (Txantxilo gogoan zaitugu). Total, ezkutatzeko gauza gutxi
dut nik.
Ezingo luke gauza bera esan Rumsfeldek.


Idatzi artikulu bat