Bi horiek, boterea, letra larriz, eta botere mediatikoa gauza bera direla uste dutenak ere ez dira gutxi.
Bakarra ala bata bestearen adar bat izanik, prentsa-arrosa generoko programek boterea eta gizabanakoaren arteko erlazioa nolakoa “behar duen izan” markatzen dute, argiro. Esaterako, eta beste askoren artean, intimitatea eta norberaren irudiaren eskubidea nola jorratzen dira oso gai mamitsuak iruditzen zaizkit.
Botere politikoak mugatua du gizabanakoen “etxe barruko” eremuan sartzea, esparru hori arautzeko tradizioa dago eta, orokorrean, jendeak ez du eragin nahi zaion kontrol mota hori erraz onartu gura izaten. Beraz, zuzenean egin ezin dena, zeharka egiteari ekin beharko. Helburu horrekin, medioek famatuak (aldez aurretik hedabideetan agertzeko adinako ospea eskuratua zutenak ala aldizkari eta pantailetan ikusi ditugulako ezagunak zaizkigunak) erabiltzen dituzte kontrol sozial hori legitimatzeko. Intimitatearen kolonizazio lanean, prentsa-arrosa programetan agertzen diren famatu horiek zikiratu egiten dituzte. Lehenengo, haiei egindakoak, telebista-audientzia ikaragarriena lekukotza eta onarpenarekin, gainontzekoei aplikatzeko bidea erraztu egiten da. Emaitzak dagoeneko guztiongan ikus daitezke: norberaren irudiari legez gorde behar zaion errespetua erabat bortxatua dago, eremu pribatua inbaditua izan da (irudiak eta elkarrizketak grabatuz), frogarik gabeko salaketak irrati-telebistaz aireratua izaten dira eta “alarma soziala” etiketapean edozein motatako errepresiboa zabaldu egin da.
Zenbat kontu-korronte, mediku-txosten edota idatzi pribatu ikusi ditugu horretarako baimenik ez duten telebista kanaletan eta argitalpenetan?. Eta, esan bezala, “famatuak” diren horien eskubideak urratzen diren neurri berean, gureak pikutara doaz, poliki-poliki.
Hedabideek, eta bereziki telebistek, “onargarria” denaren eta ez denaren arteko aldea zein den esaten laguntzen dute. Eta, honez gero, mila aldiz ikusi ditugunean “famatu naskante” modura sailkatzen ditugun horien inguruan egiten diren epaiketa mediatikoak nola bada saiatu zuri ala niri buruzko aipamenetan polizien eta jujeen informazio itukinei, frogarik gabeko salaketei eta irainei eta makro-talde mediatikoen jazarpenei mugak jartzen.
Idatzi artikulu bat