Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/11/14 22:54:14.284 GMT+1

Localiak lekua utzi

Aspaldiko kontua ei zen bankarrotan zegoela baina gaur arte ez da zabaldu Localiak ateako krisketeari bi buelta eman eta itxiko dituela Estatu espainiarrean dituen telebistak. Honez gero, Iruñeako Canal 4 nor erosiko zain dago. EAEn akzioduna den gainontzekoetan ere, hau da Localia Gipuzkoa, Txingudi Telebista, Canal Bizkaia eta Canal Gasteizen igarriko zuten kolpea. Eta, hemendik aurrera ikusi beharko dugu nolakoa den “telebista lokalak” deiturikoen merkatuan zelako eragina izango duen.

 

Canal +ek irekian estatu mailako telebista lizentziarik ez zuen bitartean, logika enpresarial eta politikorik bazuen Localia bezalako sarea montatzea. Tokiz-toki kokatzen hasi ziren kanal horien bidez, batzuetan espreski sortuta, besteetan lehendik zeundenen jabe eginez (Canal 4ren kasua) edota, akziodun modura sartuz (gure artean gehien erabili izan duten sistema), zeharka legea gainditu zuen. Jokaldi ona zirudien Localiarenak.

Kontuak beste modura ikusten hasi ziren Cuatro emititzeari ekin zioenean. Orduz gero, Localiaren sare paraleloa astunegia suertatzen zitzaien. Gainera, bien bitartean, hainbat komunitate autonomoetan tokiko telebistak arautzeko legedia onartua izan zen (2006ko azkenetan dekretua kaleratu zuela Jaurlaritzak eta lehenago baina akorduan ez dudan urtean Nafarroako gobernuak gauza bera egin zuen). Arauketa horien ondorioz ordura arteko “merkatu libreari” amaiera aurreikusten zioten hainbat telebista katek. Izan ere, legediak barne-ekoizpenari ordu kopurua, hizkuntza propioen presentziari portzentaiak eta gertuko edukiei pisu batzuk markatzen zizkien. Ez dakit baldintza horiek beteko dituzten, baina Localiakoek bezala Vocentok eta :Local Mediak ohitura modura zuten lan sistemari mugak jartzea zen. Ez zeuden horretara ohituta.

 

Gaur zabaldu da berria: Localia itxiko dute aurki.

 

Gure artean nolako eragina izango duen zaila da jakiten. Babesten zituzten kanaletan akziodun nagusiak ez izan arren, ez da gauza bera Localiarena bezalako indarra somatzea atzetik ala ez. Baina, tira, agian orain arte eduki izan dugun “tokiko” telebista atrofiko, alegal eta sustrai gabetuan gauzak zuzendu egingo dira. Ez dut uste bertako kanalentzako notizia txarra izango denik.

 

Kanalen lekua

 

Tokikotasuna da, zalantza barik kanalek landu beharreko osagarri bat. Gertu-gertukoen kasuan gehiago. Baina, edukietan bezala badago beste leku bat telebista-kanalek irabazi behar dutena: eguneroko prentsan telebista programazioari buruzko orrialdeetan agertzea.

Ezin izan ditut gurean argitaratzen diren egunkari guztiak aztertu baina, Iruñean eta Gasteizen argitaratzen direnaz aparte, besteak begiratu ditut eta gauza politak somatzen dira.Gainera, bide batez ETB3ren programazioa aipatzen ote duten fijatu naiz, kolpe berean.

Esaterako, Deiak estatu mailako kanalen parean Canal Bizkaia eta Euskaltel jartzen dituen moduan, letra eta leku txikiz aipatzen ditu ETB3, ETB Sat, Canal+, Telebilbao eta Tele 7. Tamainaren bidez bereizketak eginez, baina tokiko kanalei eta sortu berria den ETBren hirugarrenari lekua egiten dio.

Garak Estatu espainiarrekoez gain frantziakoen programazioa agertzen duen orrialdeetan lokalen aipamenik ez du eta ETB3ri ezikusiarena egiten dio. Arrraroa, ezta?

Berriak, bere aldetik, ETB1, ETB2 eta ETB3ren programazioa segidan eskaintzen du. Estatu bietako publikoak eta hainbat pribatu aipatzen dituen orrialde beretsuetan.

Noticias de Gipuzkoak, ETB3rik ez eta bai aldiz, txikian, Frantziako TF1, France 2 eta 3. Gainera Localiaren eta Euskaltelen programazioa zabaltzen du.

Diario Vascok bere aldetik, tipikoez gain, Teledonosti eta Euskaltel eta, txikian, mugaz bestaldetik datozen hiruri buruzko informazioa argitaratzen du. ETB3korik ez da ageri.

Aurrekoaren familikoa den  El Correorentzat (Gipuzkoako edizioan) ETB3 ez da existitzen eta bai ordea betikoez gain Bilbovisión eta Euskaltel.

El Mundo del País Vascon eta El País del ídem-en, ETB3rik ez da publizitatzen, bai ordea letra txikiagoan ETB 1 eta ETB2.

 

Total, errepasu arinenak ere erakusten du, tokiko telebisten aipamen urria eta selektiboa egiten dela. Eta noski, aipatzen diren tokiko kanalek egunkaria argitaratzen duen enpresarekin harremanen bat izatea nahiko normala da: País-Localia, Deia-Canal Bizkaia edo Vocento-Teledonosti-Bilbovisión.

 

Bestalde, oso gutxi dira urriaren 10etik emititzen ari den ETB3ren programazioari lekua egiten dioten egunkariak: Deia eta Berria.

 

Akasko, Localia desagertzeak telebistaren panorama aldatzeko balio izango du, baita egunkarietan kokatzen dituzten programazioetan ere.

Nork: edorta.2008/11/14 22:54:14.284 GMT+1
Etiketak: localia tokiko-telebistak etb1 etb3 etb2 | Permalink | Erantzunak (1) | Errenferentziak: (1)

Erantzunak

Goiko artikuluari segida emanez, Localiaren partehartzea dauzkaten hemengo telebista lokalek emititzen jarraitzeko asmoa daukatela dio berri honek.
Irakurri gura baduzu, hemen daukazu: http://cybereuskadi.com/cierre-localia

Nork: Zoka luzea.2008/11/19 10:01:49.033 GMT+1

Errenferentziak:

...ehar dugu euskarazko telebistendako Ba ez, localiak ez du negoziorik egin (ez dirutan, eta politikan eragiteko ez da beharrezko, antza) eta lekua utzi  du. Edorta Arana EHUko maisuri kasurik egingo badiogu: agian orain arte...

Erreferentzia: Merkatua behar dugu euskarazko telebistendako - etxebarri 2008/11/16 19:27:53.284 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak