Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2007/07/13 11:41:34.919 GMT+2

Legeak eta logoak

Kataluniako irrati-telebista autonomikoaren legea berritzeko eztabaidetan hasiak dira bertako legebiltzarrean. Urtarriletik hona ugari dira egin dituzten tramiteak: ponentziarako jendea izendatu, eztabaidei ekin, testua idatzi, konparezentzien egitaraua erabaki eta abar. Luze jo du gaiak eta ematen duenez  hala egingo du hemendik aurrera ere.

Desadostasun ugari azaleratu omen dira Kataluniako legebiltzarrean, guzti-guztiek garrantzi handikotzat duten lege berriaren tramitazioan.

Orain artekotik, eta legearen muinean sartu barik, atentzioa deitu didan azalekoa dirudien elementu bat izen aldaketarena da. Lege berriaren eskutik, hango EITBk Corporació Catalana de Mitjans Audiovisuals izena hartuko du. Eta ez da txantxetako aldaketa. Izan ere, dagoeneko, “irrati-telebista” etiketak bere zereginaren zati bat besterik ez du bere baitan hartzen. Aspaldi irratiaren eta telebistaren mugak zabaltzen hasiak ziren eta zaila zen, zaila da, internetek eta teknologia  berriek ahalbidetzen dituen ikus-entzunezko zerbitzu eta ikuspegi berriak izendatzea.

Gurean ere, deitura aldaketetan sartu aurretik ere, irrati-telebistagintzaren inguruko eztabaida sakon baten beharrean gaudela dirudi. Katalunian ez bezala, hemen ikus-entzunezko zerbitzu publikoaren eta, berez,  kultur industria honen zutabe nagusienak jarri gabe ditugu.

EAEn, Ikus-entzunezko Legearena bideratu gabe dago. Gainera, Nafarroan, Katalunian edo Estatu frantziarrean ez bezala Ikus-entzunezko Kontseilurik ez daukagu. Eta orokorrean, ikus-entzunezkoaren egitura osoaren definizioa egin gabe dago, itxura guztien arabera.

Horregatik, Gasteizko legebiltzarrean, EITBren legearen artikuluren batzuk gaurkotu  behar zirela esatetik, lege osoa aldatu gura izatera egin dute salto, berri pozgarria da. Baina, aukera hori aprobetxa daiteke haratago joateko, eta ikus-entzunezkoen inguruko hausnarketa sakona egiteko.

Dagoenaren kudeaketa eta bideragarritasun planak egitea baino komenigarriagoa iruditzen zait etorkizunean nahi denaren diseinua egiten hastea. EITBri izena aldatzea baino, interesgarriagoa iruditzen zait kultur-industria honen oinarriak, egoera eta geroa eztabaidatzen hastea.

Ezinezkoa da beste 25 urterako irrati-telebista publikoa arautuko duen lege bat onartzea, ate joka ditugun berrikuntza teknologiko, sozial eta kulturalak kontuan hartu barik.  Eta hor, beharrezkoa zaigu malgua, freskoa, integratzailea eta ausarta izango den ikus-entzunezko hedabideak bultzatuko dituen agente publikoa, lehengo EITB.


Nork: edorta.2007/07/13 11:41:34.919 GMT+2
Etiketak: eitb ccrtv ccma legea | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak