Lopez lehendakari izendatzeak nolabaiteko bertigoa sortzen zidala aitortu nien nire lagunei. Hizkuntza eskubideen eta euskararen normalizazioaren gaiek kezkatzen ninduten gehien.
Orain arte PSEk erakutsi duen kontrakotasuna dela-eta, beldurra ematen zizkidatenak hauek ziren, besteak beste: tokiko telebistetan hizkuntza bietako kuotak ez betetzea, herri zein eskualdetako prentsa idatziari diru-laguntza publikoak ukatzea eta, orokorrean, gutxitua izan den hizkuntza bati babesik ez eskaintzea.
Desberdintasunak ikusten nituelako EAJ eta PSEren artean, esku aldaketak zirraratxoa sortzen zidan.
Maila zabalagoan ere, naziotasunaren inguruan desberdintasunak ikusten nituelako bi alderdien artean, emango diren aldaketak txarrerako izango zirela pentsatzen nuen.
Gauzak beste modu batera ikusten hasi naiz Urkullu, EAJko nagusia, SERen entzun nuenetik, ostiralean.
“Hoy por hoy” magazinak asko harritu nau kanpaina osoan zehar, PSEren aldeko agertu delako, inongo lotsa barik. Ez bakarrik alde,baizik eta alderdi horren ildoa markatu guran. Franzine alderdi sozialistaren aktibo bat izan da, dudarik gabe.
Baina, lehengora bueltatuta, ostiralean Urkullu elkarrizketatu zuten eta D3Mk aurkezterik izan ez duen hauteskunde baten legitimotasunaz erantzun zituenak errealitatean jarri ninduten. “Egun on/Buenos días” prototipikoa den Urkulluk, bere ahots sendo eta gizontiarraz garbi utzi zuen bere iritzia: legeak markatzen duenaren araberako hauteskundeak izan dira eta marko horretan egiten den dena demokratikoa da.
Franzinok gutxiagorik ez zuela espero aitortuz, agintari jeltzalearen esanak bedeinkatu egin zituen eta “pakea orain eta gero gloria”.
Irratsaioa entzunaz bapatean eta kolpez desagertu ziren nire bildurrak eta bertigoak.
PSE lehendakaritzara igota ere, EAJn agintzen dutenengandik (eta horretarako legitimotasun espainiarra beharrezkoa dutenengandik) oso urruti ez dira egongo.
Azken egunotan asko erabiltzen duten hizkera erabiliz, EBBk EAJn “kolpea” jo du eta horren berri emanez Urkullu dabil, hauteskunde gauean bozeramale lanetan lehenengo eta irratietan harrez gero.
Idatzi artikulu bat