Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/09/12 18:22:18.228 GMT+2

Aurkezle nagusia

Abuztuaren erdialdean, Berrian irakurri nuen Jaime Otamendik iluntzeko Teleberri  albistegia aurkezteari ekingo ziola segidan. Gaur aldiz, egunkari berean diote Otamendi baja hartuta dagoela eta Vanessa Sanchezek jarraituko duela aurkezpen lanetan,  bakarlari gisa hemendik aurrera.

Baja hartu izanaren arrazoiak zeintzuk diren ez dakit. Hori bai, joan-etorriko notiziak, aitzakia eman dit albistegiei buruz bizpahiru ideia desordenatu eta garrantzia oso desberdinekoak bata bestearen segidan botatzeko.

Ondoko lerrotan doazen gehienak Otamendi aurkezlea izango zenekoan idatzitakoak dira, amaiera apur bat aldatu dut, ikusten den norabidean.

 

Informazioaz

 Aitortu beharra daukat ETBk ez duela bere albistegien bidez  nire informazio-behar eta gogoak asetzea lortzen. “Gidoiari” oso lotuak ikusten ditut. Espero daitekeenetik askatu ezinean bezala.

Talde bereko irratiek, eta bereziki euskarazkoa, askozaz ere gehiago irekitzen dizkio ateak iritzi desberdinei eta kontrasterako dinamikei. Eta, amaitzeko esango dut albistegietan baino (astindu serio baten beharrean daudela pentsatuta nago aspaldi!) irratiko magazinetan egin du aurrera nabarmen Euskadi Irratiak.

 

J.I.

Teleberri albistegiak Julio Ibarraren alde egin izanaren ondorioak dabil sufritzen, oraindik ere (audientzia, irudi publikoa, proiekzio mediatikoa…). Inor jainkotzeko asmorik gabe, benetan pentsatzen dut, gaztelerazko kanalean, albistegietako ikuspegi profesionala eta landua eduki izan duen gutxietako bat dela/zela.

 

ETB2k, “itxura aldaketaren” izenean, albistegietako aurkezle-lanetan, hasi berri batzuk (ez txarrera hartu: gazteak, hitz-jario errazekoak eta ekintzailetasuna adierazten duen irudidunak esan nahi dut) jarri zituen Ibarraren ostean. Aurkezle berri horiek erredakzioaren egituran pisu gutxi, profesionalki esperientzia mugatua eta  informazioaren tratamenduan efektismoa eta itxurakerian trebeak zirela erakutsi zuten. “Tira, aurkezleak baino ez ziren” esango du inork! “Bai eta ez”, erantzungo nioke. Aurkezlea  ez da aurpegi huts bat. Publikoki erakutsi nahi denaren adierazle nagusienetakoa ere bada. Dekoratua, albistegiaren egituraketa, hainbat baliabide tekniko eta notizien edukia bera bezain adierazgarri da aurkezlea (berba egiteko tonua, ahozkoak izan ala gabeko enfatizazio moduak, adina, sexua eta hizkuntzen  ezagutza).  Notizia zentzunez eta esanguraz osatzen duen elementua da.

 

J.O.

Jaime Otamendi Euskadi Irratian asko gustatzen zitzaidan (Goizean Behin izeneko magazina hemengo irratigintzan erreferente bat izan da). Esatari bat baino dexente gehiago zen.

Lotuago  ikusi izan dut ordea telebistaz.

Potoloxeago zegoen garai haietatik, korbataz jantzita ikustera eta keinukera urduria erakutsi duen aurkezpen lanetara ohitu barik nauka.

Onartu beaharra daukat, Galdezka bezalako elkarrizketa-saioa (Otamendi, Artola eta Reparaz aurkezle zorrotz paperean), hori, helburu oneko saiakera bat zela eta emaitzetan baino asmo berria izatean baloratu behar dela.

 

Otamendi Teleberriko anchorman (hala esaten diote ingelesez kameren aurrean informazio-saioan gidari lana  egiten duenari, eta oso adierazgarria egiten zait izena) izan aurretik ere, seguru nago, albistegi zerbitzuetako zuzendari modura makina bat lan badaukala gainera aurkezlearena gehitzeko. Baina niri ideia ona iruditu zitzaidan zeregin horretan jartzea. Barnetik datorren berrikuntzen itxura hartzen nion.

 

Agian, beharrezkoa ikusten dudalako  ETB2ko albistegiek  proiekzio publikoa duen aurkezle bat jartzea, ikuspegi profesional sendoa duena eta heldutasunak ematen duen patxada erakusteko gauza dena. Luzaroan, erantzunkizuna eta ardura editoriala urtuegi egon direla pentsatzen dut.  Sinistuta nago horri buelta emateko garai aproposa izan  zitekeela oraingo hau.

 

Gainera, maila profesionalean nagusiki euskaraz aritu dena, gazteleraz ikustea berrikuntza bat iruditzen zait (bere horretan ez ona ez  txarra, baina desberdina). Orain arte linguistikoki dikotomikoak ziruditen bi kanal eta ofizialak diren bi hizkuntzen arteko zubia eraiki gurari heltzen zitzaiola  uste izan dut. Euskaratik esportatu. “Gabon-buenas-noches” sasoiak pasa direlako-edo. Euskarak erdarazko albistegietan sarbide erraztua beharko luke, ondo aurkezten duten esatariak (toponimoak, ahoskera eta entonazio egokia…), euskarazko adierazpenak erabili, azpitituluak, laburpenak eta bestelako errekurtso tekniko eta espresiboak pantailaratu. Euskara bertakotu, baita gaztelera nagusi den albistegietan.

 

Eta, behin jarrita, albisteen tratamenduan, sakondu, erritmoan galdu barik gertatzen direnen arrazoiak eta ondorioak landu.      

 

Hasierara itzuli

Egunkarian irakurri dudanagatik, Otamendik ez du astelehenetik aurrerako  albistegiak aurkeztuko. Vanessa Sanchez mantenduko dute lan horretan.

Again, testuinguru politikoa, hauteskunde-ekaitzaren aurreko impassa eta indar-biltze taktikak  nagusitu egin  dira gaur egungo aginte-guneetan. Eta, akaso, ETBren informazio politikan beharrezkoa ikusten dugun aldaketa sakonagoa da eta epe luzeagoak  eskatzen ditu eta hasi bai, baina  ezin da aurkezlearen aldaketara mugatu. Ez da lagun bakarrarentzako lana.

 


Nork: edorta.2008/09/12 18:22:18.228 GMT+2
Etiketak: artola reparaz etb2 albistegiak jaime teleberri otamendi | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak