Hauteskundeak deitu eta berehala, alderdi eta koalizio desberdinak lanean hasten dira berain hautagaien zerrendak osatzeko, zabalduko dituzten mezuak diseinatzeko eta kanpainarako erabiliko dituzten tresnak erabakitzeko.
Oraingo hauek, udal hauteskundeak izanik (batera datozen arren biltzar nagusietakoak eta Nafarroako legebiltzarrekoak), badituzte aipatu beharreko berezitasun batzuk.
Seguruenik, nagusiena desafekzio politikoa. Bereiziki alderdi handien kasuan. Horietan, gainera, neketsua izan da oso tokian tokiko izen-abizenak lortzea, jakin badakitelako laster hauteskunde orokorrak datozela eta Madrilen gobernu aldaketa iragartzen dutela. PNVk manejatzen dituen prebisioetan bestalde, kolore guztietako bozkak egongo direlako aspaldiko partez, udal mapa politikoan aldaketa sakonak izango dira. Panorama horretan hautagai jeltzaleen papera zaildu egiten da. Beste arrazoi batzuk medio, Bildu da zerrendak gehien odol berritu dituen koalizioa.
Kanpainetarako mezuak definitzea ere ez da txantxetako kontua izan. Herri eta hirietako arazoen kudeaketan arituko diren emakumeak eta gizonak aukeratzea izanik ere helburua, ur handietako politikak giroa nahastu egiten du. Kostako zaie hautagai desberdinei azpiegiturak, zerbitzu sozialak, langabeziaren aurkako politikak eta parte hartzea bultzatu nahi dituztela aldarrikatzea, mahai gainean bakegintza eta eskubide politiko eta sozialak daudenean. Herri guztietan ez daude Basagoiti ala Egibarrek daukaten etorria eta hedabideetarako titularrak “eginak” entregatzeko abilezia.
Gauzak bere horretan, hauteskunde kanpainaren planifikazioa ez da zereginik errazena. Esan esaten duten arren, ez dirudi hedabide konbentzionaletik haratago salto egingo dutenik oraingo honetan. Neurri handi batean ez dakitelako nola erabili eta zenbaterainoko eragina daukaten hedabide elektronikoek eta, bereziki, sare sozialek. Papera eta irrati-telebista nagusituko dira, berriro ere. Ordaintzeko gaitasuna eta agintzeko aukera dutenen onerako. Zirkuitu itxiko mitinak eta telebista saioak berriro ere, mezu estereotipatu eta errepikakorrak zabaltzeko. Mamia baino azala.
Idatzi artikulu bat