Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/20 15:20:54.418 GMT+2

Ez daki / Ez du erantzun


TDTa ikusten dudanetik, zailagoa egiten zait kanalak identifikatzea. Tele-hargailu zaharra nueneko TVE1, ETB2, Tele 5 eta GoiTB oso erraz ezagutzen nituen, mandoan jarrita neuzkaneko zenbakiaren arabera, identifikagarri gisa erabiltzen duten “euliagatik”, hizkuntzagatik eta promoengatik. Edukiak berak aspaldi utzi dio kanalen izaera identifikatzeko elementu gisa.

 

Digitalean jasotzen dudan uhinezko telebistan, tele-denda kanal ugari daude, ETBren lauak, eta Estatu mailan emititzen duten Antena 3, Tele 5 eta halakoen neba-aizpa digitalak: FDF, Telecinco 2, Antenaneox eta abarrak. 

Jaietan herriz herri ibiltzen diren saltzaileen pare, postu batetik bestera desberdintasun gutxi dago telebista kanal horien artean.

 

Kanal saltsa horretan zapeatzen nenbilela lehengo egunean, inkesten emaitzei buruz galderak egiten zuen lehiaketa batekin egin nuen topo. Formato ezaguna egin zitzaidan:  inkesta soziologikoetako datuak ia egiazkoak ziren ala ez  jakitean zegoen gakoa. Adibidez, ia "Valentziakoak ote diren Estatu espainiarrean sexu harreman gehien daukatenak". Lehiakideek galderan esandakoa “Egia”, “Gezurra” ala “Ez daki/Ez du erantzun” aukeratu beharra zeukaten eta asmatuz gero, puntuak gehitu. Gero dirutara  itzultzen ziren aipatutako puntuak.

 

Lehiaketa honek, telebistan asko ikusten diren “inkestak” ekarri dizkit burura eta, baita ere, lehengo egunean telefonoz neroni egin zidaten galdeketa bera ere.

Lehenetik hasiko naiz.

Albistegietan bereziki, baina bestelako programetan ere, jende artean zabalduen dagoen ustezko iritzia ilustratzeko erabiltzen dituzte inkestak. Eutanasia, arrazakeria, krisi ekonomikoa edota Osasunaren entrenatzailea izan daitezke galdegaiak.

Irakurketa soziologikoetarako baino, telebista kanalaren ildo editoriala zein den jakiteko izaten dira interesgarriak aipatutako “inkesta” horiek. Zein den kanal bakoitzak erreferente modura hartzen duen “gizartea” eta  bere entzuleei buruz daukan irudia nolakoa den erakusteko balio izaten dute kalean grabatutako ditxosozko bideoek.

 

Bada, bide batez, deigarria egiten zaidan beste gauza bat: zein erantzun errazak ematen zaizkien oso gai zailak  diren galderei. Gairik gaitzenari eta korapilotsuenari buruz ere telebistan agertzen zaigun jendeak zeresana izaten du. Beti dauka erantzuna prest.

 

Aipatu dudan bigarren gaiari helduko diot orain, telefonoz egin zidaten inkestari buruz hain zuzen ere. Kasualitateetan sinesten ez dutenen ildotik, kable bidezko telebista zen inkestaren gaia. Eta han, ezinezkoa zen “ez daki” ala “ez du erantzun” aukeratzea. Galdera guztiei zerotik bosterako puntuazioa eman beharra neukan. Eta larri ibili nintzen, ez baitaukat nik etxean ez Euskalteleko kablerik ezta ere Imageniorik ala Jazztelik. Hala esan nion inkestatzaileari baina hark "erantzule" bat behar zuen, nire adinekoa, sexukoa eta ogibidekoa.

Deseroso sentitu nintzen oso entzunez baino ezagutzen ez nituen plataformei buruz iritzia ematen. Programazioaren kalitatea, kontratuen prezioa, modernotasuna eta baliabide teknikoei buruzko galderak luzatu zizkidan eta han  ni, inkestatzaileari berari fabore bat egiten niola pentsatuz, 4, 3, 5 eta halakoak erantzuten.

Azkenean, galdetegia beteta, telebistan ikusten ditugun edozertarako iritzia emateko pronto dauden horietako bat naizela pentsatu nuen. Akaso ni ere “ez daki” “ez du erantzun” multzo horretan nire burua ikusteko bildur direnetakoa izango naiz. 

Nork: edorta.2008/10/20 15:20:54.418 GMT+2
Etiketak: digitala inkesta telebista | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak