Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/09/17 12:53:54.394 GMT+2

"Erruduna sentiaraztea zenuen lege..."

Memoria kolektiboan (telebistan agertzen diren irudiez osatua dagoena; 
 bestelakorik ez dagoela baitirudi) fresko ditugu, oraindik ere, Fórum   Filatélico eta  Afinsako aferaren irudiak. Azken egunean beste bi 
gehitu zaizkie, Lehman Brothers finantza enpresa erraldoiarenak eta 
espainiar epaitegi gorenak ANV-EAE legez kanporatzearenak.

Eta, honainoa heldu zaren irakurlea, leitzen segi eta jakingo duzu 
nola lotzen ditudan nik hiru horiek.

Posta-zigiluak diru trukean
Itxura oneko bulego batzuen kanpo aldea, forja eta guztiz jantzitako 
ate zabalak, metalezko plakak enpresaren izen disdiratsua agerian 
zutenak  eta, panoramika bat eginez, kontrapuntu gisa, inbertsio 
horietan kalteturik gertatu zirenak, pankarta ziztrin baten 
atzealdean, justizia eske (ikus El Paisek ateratako argazkia).

2006ko kontuak dira eta gogoan dut irudi horiezaz gain ikaragarri deigarria iruditu zitzaidala  
orduan  notizien testuaren sustratuan  ageri zen ikaskizuna: "dirua 
azkar egin nahi duen (klase ertaineko inbertsore hori) zekenkeriz 
jokatzen ari da". Milako batzuk inbertitu eta 
kale egiten duena "etorri berri" bat da. Miloiak  dituenak jakin badaki  "halakoak" ez direla fidagarriak. Klase kontua ere izaten da.
Notiziak  sekulako moralina  dosiaz jantzi zuten telebista- eta  
irrati-albistegietan.
Bide batez, orduan kartzeleratu zituzten exekutiboetatik zenbat daude gaur egun giltzapean?

Mahaia hustu behar izan  duten exekutiboak
Atzoko irudietan, AEBko Lehman Brothers finantzierak  
Londonen duen  bulegari eta  brokerrak ageri dira kartoizko kutxa 
txikietan beraien trastu guztiak sartuta, koadroren/argazkiren bat 
besapean eta harridura aurpegiaz espaloian oinez. Gazteak dira. 
Langabetuak gaurtik aurrera.  Atzo arte, pelikuletan agertzen 
zaizkigun bezalatsu imaginatzen ditugu, telefono bat belarrira 
pega-pega eginda  eta beste eskuarekin zenbaki batzuk markatuz, "buy,  buy" ahoskatzen duten bitartean.
Horiek kalean dira gaurtik aurrera eta, pentsatzen dut, beraiekin 
batera Iparramerikako hainbat inbertsore kontu-eske nora joan jakin 
ezean izango direla. Baina noski, horiek ere, dirua non inbertitu 
behar den  galdetzen ez dutenak dira. Zikoizkeri hutsez ari dira, esan 
gabe esaten dute albistegietan eta irratietako tertulietan.
Hedabideetako horiek orain  inbertsio asuntoetan jakitun hutsak dira, 
denek dakite munduko diruen gorabeheren zergatiak.
Beraien iradokitzen dutenez, "ikusten zen" halako zerbait gertatuko 
zela eta, nola ez, bete da   predikzioa.

Nekagarriak egiten zaizkit.



Agian, tonua eta jarrera  beste bat izango da hemengo kutxak, bankuak eta 
inbertsio fondoak, estatuko letrak eta enpresa txiki askotako akzioak 
pikutara joaten badira. Ez naiz  apokaliptiko jarriko, baina ondoko 
asteetako irratsaioetan eta albistegietan  seguru halakoak entzungo 
ditugula eta orduan ere klase ertainekoak, diru apur batzuk pilatu eta 
bankuetan gorde dutenak izango dute errua.

Izan ere, kexaka eta arduratuta ageri direnak ez dira bankuetako nagusiak 
izango, horiek dibertsifikatuta izango zituzten ordurako beraien 
diruak. "Jakina baita horrela egin behar dela", esango du 
inbertsio-aholkulari batek (mikroprograma bera  diruz babesten  duen  berbera).

"Oso guapo agertu zara, Josefran"
Agian hala esango zioten etxean prentsaurrekoa eman berri zuen espainiar  epaile nagusiari. Egia da kolore ona daukala Hernandok, udako  eguzki kolorea aurpegitik kendu barik. Azal motak izango du zerikusia.



Mikroz inguratuta ikusi dut, lasai samar garrantzi horretako agerraldi  bat egin behar duen batentzako. Baina, noski, hor ere, inbertsio  adituek eta tertulianoek ondo dakiten bezala, sententziaren nondik  norakoa izango zen ez da sorpresa izan. Oporretan joan aurretik ere,  eta askozaz lehenagotik ere, etxerako lanak ondo eginak zituzten.
Eta, hori oso  ondo zabaldu dute egunkari, irrati eta telebistek, 
sententziak "titiko ume batek bazekiena" esaten du:   errudunak 
direla. Errudunenak.

Harritzen nau Lehman Brothers, Fórum Filatélica eta Ike hurakanaren   errua ez leporatu izana.



P.S. Bat: Lehman Brothers-en webgunea zabalik dago hau idazten nabilen   honetan eta paradoxikoa  iruditu zait aurkezpen lerroetan esaten   duena: ?We actively participate in key fixed income markets worldwide   with a 24-hour securities trading presence and are uniquely suited to   meet the complex financing and investment needs of our clients?.

P.S. Bi: Noski, Ruper Ordorikaren kantu baten izenburutik atera dut   artikulu honena.


Nork: edorta.2008/09/17 12:53:54.394 GMT+2
Etiketak: brothers lehman telebista filatélica afinsa hernando eae-anv fórum irratia | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak