Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/05/02 15:08:36.228 GMT+2

Déjà vu

Lehengo astean, Goienkarian telebistari dedikaturiko zutabean,  Leire Kortabarriak idatzi zuen “Gabilondo news” artikuluaren aitzakian, albistegien kontura arituko naiz ni ere. Izan ere, azpimarratu gurako nuke zein interesgarria izaten den notizia bera  albistegi desberdinetan nola jorratzen duten ikustea. Kanalaren ideologia, beste saioetan baino garbiago soma daiteke-eta albistegietan. Eta kanalen arteko konparaketa eginez, askoz errazago. Beno, akaso “euskal arazoa” deitzen duten horren salbuespenarekin, hor diktadupean aritzen direla dirudi. Gai horretan ez dute ikuspegi, testuinguru eta bereizketarik egin gura izaten. Bestela, Arrasate Mondragón bilakatu zen martxoko egun tristeak gogoratu besterik ez dago.

Oraingoan, ordea, ETBko bi kanalen artean ematen den beste efektu desatsegin bat aipatuko dut: euskarazko albistegia ikusi duenak, gauza bera irentsi behar izatea ETB2n. Eta, are eta deigarriagoa egiten da eguerdiko bideo berberak gauera pasatzen dituztenean. Hor, errepikatua eta moztu/itsatsi betelan hutsaren inpresioa biderkatu egiten da.

(Probatan: artikulu honen bertsio irakurria)

Nork: edorta.2008/05/02 15:08:36.228 GMT+2
Etiketak: arrasate mondragon etb albistegiak telebista gabilondo | Permalink | Erantzunak (5) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Arrazoi guztia duzu esaten duzunean efektu desatsegina egiten duela, izan ere irrikitan zaude euskara hutsean egindako albistegiak ikusteko eta aukerak murritzak izanik oraindik gehiago murrizten dizkigute albiste berdinak emanez nola eguerdian hala gauean. Lotsa piska bat eman behar lieke gaueko saioan gauza berak aipatuz ordu oso bat betetzea! Nik nahiz eta euskaraz entzutea gustoko izan, azkenean katez aldatzen dut baina nere gurasoek zeintzuk euskarako katea baino ez duten gustoko ez al dute eskubidea berri gehiago euskaraz entzuteko eta ez eguerdiko berdinak?

Nork: Mamen.2008/05/06 12:09:57.797 GMT+2
psikota.blogspot.com

Menpekotasun hori ez da irratian gertatzen. Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik albistegi ezberdinak dituzte (ekonomiaren gururen bati kontrakoa otu arte, behintzat) eta edukiak eta horien tratamendua ezberdinak izaten dira. Entzuleak ere ezberdinak diren legez. Horren zergatia, nire ustean, lan-talde ezberdinak izatean datza. Euskal Telebistak kazetari lan-talde ezberdinak izan beharko lituzke, euskarazko eta gaztelaniazko albistegietarako. Gotik hasita ezberdin: albistegiaren edukia zehazten duen talde bat baterako, beste talde bat birako. Garestiagoa litzateke, jakina, baina bestelako programazioan -batean umeentzakoa, kirola, musika, dantza sueltoa eta goenkale; bian denetarik, salbu umeentzakorik (eskerrak!), kirolik, musikarik, dantza sueltorik eta goenkalerik- aurrezten dutenarekin orekatuko litzateke, ezta?

Eta sakonagoa den arazo bat ere eragiten du jarduera horrek: euskaraz eta gaztelaniaz albiste berberak jorratzen direnez, kazetariak korte bi grabatzen ditu, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz. Hori posible ez denean, gaztelaniaz baino ez da egiten. Ondorioz, euskarazko telebistan gaztelaniazko korteak sartzen dira, baina gaztelaniazkoan ez da euskarazkorik sartzen. Eta ETBk bultzatzen dituela euskaldunak gaztelaniaz berba egitera. (Jarduera hori zuzentzen hasiak dira, Radio Euskadiko arratsaldeko albistegian behintzat; ea bide horri jarraitzen dioten besteek ere).

Nork: Mikel Basabe.2008/05/06 13:32:58.666 GMT+2

Beste kontu batek ere kezkatuta nauka ni aspaldi honetan: gero eta ohikoagoa da ETB 1eko aurkezle euskalduna halako batean ETB 2an erdaraz ikustea; alderantziz, ordea, sekula ez. Alegia, "transbaseak" beti alde batera funtzionatzen duela. 

Nork: Maddalen.2008/05/06 14:00:57.065 GMT+2

Efektu desatsegina sortzen du, egia, baina ez dakit zergatik "Gaur Egun" ikusi duenak hori amaitu eta segituan hasten den "Teleberri" zergatik ikusten duen, jakinda iritzi ildo bereko albistegiak direla. Buruz ikasti behar dituztela dirudi. Beste kontu bat da normalean "Gaur Egun" militantziagatik eta "Teleberri" informatzeagatik ikusten dituen jendea,. ETB1eko albistegiak laburragoak izan ohi dira, sarri gaiak ez dituzte behar beste jorratzen, programa amaitzeko presaz balebiltza bezala. ETB2 ematen duen inpresioa kontrakoa da, txukuntasunez egindakoa, patxadaz ikusteko modukoa, behar diren azalpen guztiekin...Hori EITBko arduradunen utzikeria iruditzen zait, zerbait bultzatzekotan euskarazkoa bultzatu behar litzatekeela iruditzen zait eta.

Irratiari dagokionez arazo berbera nabari dut. Albistegi propioak izango dituzte, ondo, baina argi dago EI-RE lehian nor ateratzen den garaile. Imajinatzen al duzue Radio Euskadik egin asmo duen Forum famatu hori Euskadi Irratiak egingo balu? Nork parte hartuko luke bertan? Betikoek. Eta ez luke Radio Euskadirenak duen propagandaren ehunena ere izango. Azken finean, inor gutxi konturatuko litzateke.

Nork: ikuslea.2008/05/07 15:33:15.022 GMT+2

Arrazoiz beteak idatzi dituzue, nire Déjà vu-aren aitzakian.

Mameni, nongoa den ez dakidanez, gauza bat jakin gurako nuke: zure gurasoek Herri Irratia entzuten dute? Baiezkoa balitz erantzuna, zer irizten diote bertan egiten den euskararen eta gazteleraren erabilerari?

Mikel, aspaldiko!

Hurrengo batean, EITBko administrazio kontseiluak eta zuzendaritzak gaztelera nagusi den ETB2n eta Radio Euskadin euskararen erabaileraz onartu berri duten komentatuko dut. Idatzi horretan ez da zuzendaritza bi, lan-talde bi eta halakoen aipamenik egiten baina bai bi kanalen arteko zubi-lana egingo ditzaketen hizkuntza-errekurtsoak erabiltzeaz. Tartetxo bat ateratzen dudanean idatziko dut

Maddalen, luzeago egin beharko genuke berba, baina nik esango nuke transbaseak beharrezkoak direla. Euskararen mundutik gaztelera hutsez aritzen direnengana heltzeko.

“Ikuslea”, entzun duzu Radio Euskadiren 25. urteurrenaren aitzakian egin duen kanpaina.? Buruz nabil baina esango nuke “Radio Euskadi, 25 años a favor del euskara” dioela leloak.

Nik, aukeran, eta “pakearen” izenean, 25 urte hauen balantzea nolakoa den aztertu barik, hemendik aurrera hartu beharko luketen bideaz kezkatuko nintzateke. Atzera begira baino, positibotasunaren izenean aurrera.

Lauroi eskerrik asko.Abiapuntuko artikulutxoan baino “erantzunetan” gauza interesgarriagoak irakurtzea bada ba!!!!

Nork: Edorta .2008/05/11 17:25:53.219 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak