Athleticek irabazi izanaren giroan, ETBko kazetari bati eginiko keinukera iraingarriak eta Antonio Basagoiti lehendakarigaiak elkarrizketan esanikoak tonu bera dute.
Lehenak, alkoholaren eragin nabarmena du. Parrandazale matxito autoktonoak, bere tankerakoez inguraturik dagoela jakitun, kazetariari atzetik ematen diola antzesten du. Barregarri izatetik daukan guztia desagertu egiten da imaginatzean ez lukeela gauza bera egingo, esaterako, kazetaria gizonezkoa balitz. Seguru bere kuadrilakoek esango zutela horiek marikoikeriak direla. Elastiko zuri-gorridunari neska ikusi eta beste ezer ez zaio okurritzen, larrutarako direnekin, zer bestela!
Eta, telebistaz zuzenean ikusi zutenek harridura eta haserrea sentitu bazuten ere, ez zen bakarrik izan hooligan sarkoiaren jarreragatik. Baizik eta, ezertaz konturatu ez zen kazetariaren ostean agertu zirenek ez zutelako ezer esan. Agian, zur eta lur geratu zirelako kirol saioaren aurkezlea, tertuliakideak eta errealizatzailea, baina garbi dagoena da ez zutela erreakzionatzeko erreflejorik izan. Eta ulergarria ere bada, hogei segundokoa izan zelako espontaneoaren sketcha. Bapatekori aurrea egiten ez asmatu izana da daukan azalpenik normalena. Ez luke justifikaziorik izango ordea, “badakizu” sindromearen eraginpean gertatu izan balitz. “Badakizu” sindromearen aplikazioa, kasu honetan, “futbolzalea izatea”, “gizonezkoen testosterona borborkadak”, “gure taldeak irabazi izanaren ospakizuna”, “jai giroko txiste bat besterik ez zela”, “alkoholak eragiten dituen txorakeriak”, “pozoi gabekoa zela”…eta abarraz justifikatu gura izana mutu geratzea.
Bigarren bideoak, berdinetik du asko. Basagoiti PPkoa, hauteskunde osteko giroan eroso dabilela agerian uzten du. ETB2ko El Punton eginiko elkarrizketan aritu zen jakinik egungo politikaren joko-arauak eta arbitroa beti bere alde izango dituela. Zumosoleko lehengusua nahi dituenetarako daukanaren erosotasuna. Iritzi publikatuaren lurrin gozotan, patxadaz. Bere burua eta iritzi berbera dutenen onarpen keinuetara ohitua. Diskurtso errazera egina. Hizkera herrikoia erabiltzen duen jauntxoa (“la cancha dada a ETA” eta “aquí (ETB) se da bola…”).
Motoserraz ebakuntzak egin gura dituen medikuaren fintasunaz, Basagoiti.
Kontra egiteko bere neurrira inor jarriko ez dela jabetuta aritu zen ETBn.
“Ez kondenatzetik”, “justifikatzera” pausua eman zuen bere diskurtsoan. Hortik “defendatzera” eta, azkenik, “terrorismoan dagoenari protagonismoa ematen ziotela” salatu zuen.
Alperrikakoak izan ziren kazetariak, diskurtsoaren gordintasuna ikusita agian, “no es cierto” eta “acusación muy seria…” bezalakoak jaurtiz. ETBren aurkako diskurtsoa neutralizatu eta desbideratu guran aritu zen, arrakasta gehiegirik gabe, dena esan behar bada. Ez zen erraza, noski. Gainera, eremu likitsuan sartu zitekeen ia konturatu barik. Izan ere, ETBren ildo editoriala, norberaren gustukoa izan ala ez, defenda ezina baita ez bada aitortzen aldi berean hauteskundeetara aurkezteko eta botoa emateko eskubidea mugatua dagoela herri honetan.
Idatzi artikulu bat