Atzo iluntzean, Teleberrin euskarazko berri bat sartu zitzaien, tupustean. Ezohikoa konpondu guran, bideoa bere horretan moztu eta aurkezleak aurreraxeago gaztelerazko bertsioa eskaini ahal izateko ahaleginak egingo zituztela adierazi zuen. Kasurako, berdin dio zein zen notizia, ez du garrantzirik albiste horretan jorratutako gaia Guantanamo ala etorkinen etorrera ote zen. Adierazgarria zena euskara entzun izana akats bat zela eta konpondu beharreko zerbait bezala jorratua izan zela.
“Aukerak” behin eta berriro aurkezten zaizkigula erakutsiz, handik minutu gutxira, berriro ere aurkezlearen sarrera eta gero, aipatutako bideo berbera sartu zen. Eta, temati, egoskor eta burugogor, bideoaren audioak euskaraz hitz egiten zuen. Ernia diskal bi eta faja ortopedikoa duen baten gerri malgutasunaz, berriro ere, notizia moztu eta euskaraz izateagatik barkamena eskatu zuen aurkezleak. ETB2ko albistegietan ez omen da onargarri euskara entzutea. Hori akats baten ondorio besterik ezin da izan!
Imaginatzen ditut albistegia emititzen ari zireneko kontrol-gelako tentsioak. Hango ¿qué hacemos?”, “otra vez el video en euskara!” eta, azkenik, aurkezlearekin komunikatzeko intercom-arekin erabakiaren berri ematea: “corta, corta”.
ETBko agintariek barneratzen ez badute, momentuan momentuko erabakiak hartu behar dituzten maila ertaineko arduradunek errutinak sortu eta gainontzeko langile guztiek ohiko lan-moduetan euskara sartzen ez badute, betikoan egongo gara. Alegia, kanalen arteko banaketa linguistiko dikotomiko eta eskluientearen dinamika errepikatuz, ad infinitum.
Erantzunak
Gales hegoaldian eon nitzan oain dala urte batzuk ta hango herritarrak bezela itia gomendatuko ziguten askok. Utzi hizkuntza zahar hori ta begiratu aurrea. Pikia bazakaten inglesakin, baina asimilatu in zuen beaien aurkariyan hizkuntza. Irabazliak beti hoixe esaten due: ahaztu iragana ta goazen danok hizkuntza berbera erabiltzea. Dolarra, alegiya.
Nork: Tarantino.2009/01/28 21:14:11.466 GMT+1
http://www.alkohola.bitacoras.com/