Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/25 18:47:54.453 GMT+2

Bakoitiak

Telebistari eskaintzen diogun  denbora beste zeregin batzuei kentzen diogu. Diotenez, irakurketa da galera gehien sentitzen duenetarikoa. Ez dakit hori guztiz egia den baina, gainera, ez zait asko gustatzen horren inguruan sortzen den moralina. Zabor-liburu asko dago eta telebista programa zoragarri dexente ezagutzen ditut.

 

Aisialdiaren erabileraren inguruko ezbaian, non kokatzen dira literaturari buruzko telebista programak? Sortzen dute Sautrela lakoxeek irakurtzeko gogoa?

Literatura irakurtzeko da soilik (bakarkako plazerra, bestalde) ala telebistaren kasuan bezala hizketarako gaia?

 

Lehengo astelehenean, Hasier Etxebarria gainetik kendu ezinean ibili nintzen, goizetik gauera. Hasteko, Sustatun agertu zen notiziaren haritik tiraka denbora pila bat eman nuen Begoña Ameztoy delako batek DVn idatzitakoak irakurtzen. Gero etorri ziren ETBko Hasierren erantzunak egunkarian bertan eta bere blogean. Lerroz lerro irakurri nituen  batek zein besteak esandakoak eta, egia aitortuz, lasaitu ederra hartu nuen Etxebarriak amaiera eman zionean usteltzeko bidea hartuz zihoan harremanari. Epistola gero eta pozoitsuagoak ziren elkarri igorritakoak.

Ez naiz beraz luzatuko gutunen tonuaz, handiagoak nork botako ote dituen lehia horretan beti neurria galtzeko arriskua dago-eta. Baina, tira gauza bat gustatu zait, aspaldiko partez, euskarazko telebista bat (kasu honetan ETB3 jaio berria) ikusezintasunetik atera da eta plazan mintzagai suertatu zaigu. Ez al zen Julio Iglesias izan  “que se hable de mí aunque sea bien” esan zuena. Eskandalu apur bat ez zaio agian gaizki etorriko ETB3ri Vocenton leku bat eskuratzeko.

 

Esandakoa, goizeko zati on bat horretan eman nuen Ameztoy versus Etxebarria pressing catch borrokaldiaren gain irakurtzen.

 

Gauean aldiz, ETBko kanal berria aukeratu nuen digitalean daukagun katalogo zabalean. Eta, ikusi nituen bi programak oso gustukoak izan nituen. Prime-timea zen eta orduan egokitu ziren “Sautrela” literatura saioa lehenengo eta “Haratago” (ez dakit nola kokatu tematikoki; bakarra ikusi dut eta ez dakit hemendik aurreakoetan sukaldariak erabiliko ote dituzten bizitzaz hitzegiteko) delakoa gero.

 

Sautrela

ETB1en eduki izan duen ordutegia dela-eta (zapatuko bazkalordua), ez dut askotan programa  hau ikusi eta aitortu beharra daukat ez dakidala asko saio honen orain arteko ibilibideaz. Egunkarian irakurritakotik edan izan dut gehiago programa bera ikustetik baino.

Baina, lehengo egunekoa ikusita, telebistako saio batek irakurzaletasuna bultza dezakeela  pentsatzera eraman nau. Esaten direnaz gain, iradokitzen dituztenak jakingura eta istorio berriak irakurtzeko gogoa eman ahal du-eta.

Paul Auster zen gonbidatua. Elkarrizketaren tonua, jorratutako gaiak eta telebista produktu gisa oso ekoizpen ona izan zela iruditu zitzaidan. Autoreaz ez dakit asko eta programan entzundakoaz gain ezingo nuke gehitzeko ezer berririk esan. Hori bai, sekulako gogoa sortu zidan bere libururen bat irakurtzeko, bakardadeaz eta bizitzaren ikuspegiaz idatzi  dituenak leitzeko. Bakarrik bizi garela zioen betaurrekobeltzak kendu barik eta frantsesez hitzegiten zuen iparamerikar idazleak. Enigmatikoa zen eta erakargarria.

Bakoitia eta literaturara azken denboraldian zaletu den neroni programak lehio interesgarri batzuk zabaldu zizkion.

Eta literatura programa bati hori baino gehiago eskatzea zaila egiten zait.

 

Baina tira, horrezaz gain, oso polita iruditu zitzaizkidan elkarrizketa egiteko kokalekua, erabilitako planuak, argiztaketa, irudiaren testura. Agian Sautrelan oso ohikoa izango da, baina niretzako deskubrimendu bat izan zen telebista programa horrek duen faktura estetikoa.

 

Haratago

Edukia eta osagarri formalak bereiztea oso zailak izaten dira telebistan. Izan ere, irudiak eta soinuak zein planotan mugitzen dira, edukiarenean ala formarenean?

Hilario Arbelaitz izan zen lehengo eguneko programa gorpuztu zuen pertsonaia. Bere ogibidea aldiz, bizitzaz eta munduaz duen ikuspegiaz gehiago jakiteko aitzakia. Interesgarria oso.

Lehengo zalantzara itzulita, Arbelaitzen hitzak eta offean entzuten zen Hasier Etxebarriaren kontakizunak programaren ildo argumentala, nolabaiteko mamia osatzen bazuen, non kokatu beharko genituzke gozatu ahal izan genituen irudien eta audioaren erabilera?

Izan ere, niri programaren erritmoa, erabilitako kamera kokapenak eta angulazioak, planoak (luzeran eta zabaleran) eta zuzeneko audioaren presentzia oso deigarria egin zitzaizkidan.

Ahaztuta neuzkan ETBk ekoitzitako programetan halako kariñoaz eginiko planoak, angularraren erabilera neurtuak, mikro-travellinak eta dokumentalik gaurkoenek erabiltzen dituzten dramatizazio puntualak eta errekreazioak. Oso zaindua. Audioak ere sekulako indarra zeukan, irudien gainetik testurak sortuz.

Orokorrean, sumatzen da sekulako produkzio lana dagoela Haratago bezalako programa baten atzetik.Erreferentziala.

 

Scheduling

Agian, Sautrelari eta Haratagori buruz sortzen zaidan zalantza bakarra programen hurrenkerarena da. “Urrezko ordutegian” aurkezle eta esatari bera duten bi saio programa segidan jartzea ez  zait programatzeko aukerarik errentagarriena iruditzen.

Nork: edorta.2008/10/25 18:47:54.453 GMT+2
Etiketak: hasier literatura telebista-saioak haratago ameztoy begoña telebista sautrela etxebarria | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Idatzi goiko irudiko hizkiak beheko kutxan. Spamari aurre egiteko Captchas.net zerbitzuari esker




Estatistikak