Edizio bakarreko Goienkaria handiagoa izango da. Esan nahi dut orri gehiagokoa izango dela. Izan ere, gutxienez, 56 orrialde jasoko dituzte irakurleek eskualdeko herri guztietan. Gaur egun, 40 orrikoa jasotzen dute Bergara, Oñati, Antzuola eta Elgetan, eta 48 orrikoa Leintz aldeko herrietan.
Egia da herriei eskainiko zaien tartea orain eskaintzen zaiena baino txikiagoa izango dela (herri guztiak batuta, guztira 25 orrialde), baina, egia da era berean, herri guztien berri jasoko dutela irakurleek. Gainera, herriei propio eskainiko zaien tartetik aparteko orrietan ere, herri guztietako informazioa jasoko da: erreportajean, Debagoienari eskainitako tartean, kulturan, kirolean, hezkuntzan, ekonomian, aisialdian, agendan
Herrietako informazioa asko estimatzen dute irakurleek, baina guztioi komunak zaizkigun arazo edo kontuen gainean, gero eta interes handiagoa daukagu, eskualde osoan.
Zelan banatu?
Edizio bakarrekoa edo herri guztietarako berdina izango den Goienkaria diseinatzerakoan sortu zaigun lehenengoetako kezka izan da edukia zelan banatu. Modu bat baino gehiagotara egin daiteke hori.
Bata izan daiteke 56 orriak ibarreko 9 herrien artean banatzea: handienetik hasi eta txikienera, biztanle kopuruaren arabera bakoitzari horrenbeste orri eskainiz. Uste dugu, hala ere, hori ez litzatekeela izango denondako interesgarriena edo erakargarriena; izan ere, gehienek irakurriko lukete beren herriko tartea eta beste orriak ez lituzkete begiratu ere egingo.
Gure ustez egokiagoa da formula misto bat erabiltzea: tarte zabal bat eskaini herriko informazioari eta beste bat guztiondako interesekoak izan daitezkeen kontuei (tarte honetan ere herrietako berriak edo herritarrak agertuko dira, Debagoiena herriek eta herritarrek egiten baitute).
PD: Oñatik ez ditu bere orri propioak edukiko gainerako herriek bezala. Izan ere, Oñatiko Udalak ez du herriko informazioa finantziatu nahi. Horretarako Kontzejupetik badaukala dio Oñatiko Udalak.
Erantzunak
Aupa, Eneko! Eskertuko nizuke bi zalantza argitzea:
Eskerrik asko.
Nork: Joxe Aranzabal.2005/11/30 23:14:38.097 GMT+1
Aupa, Joxe:
Goienaren sorreratik, "Oñatiko Udalari":http://www.oinati.org/pub/eusk/index.php interesatu zaio gehiago telebista diruz laguntzea eta gutxiago Goienako prentsa atala. Horregatik, 2001eko urrian, herri aldizkariak Goienkariara batu, eta ibarreko herri guztiendako orri propioak eta edizio bereziak sortu zirenean, Oñatirako ez ziren sortu. Oñatin Goienkaria komuna (24 orrikoa) banatzen jarraitu genuen, Oñatiko Udalak hori bakarrik diruz lagundu nahi zuelako. Ez zuen nahi izan Kontzejupetik Goienkariara batzerik, gainerako herri aldizkariek egin zuten moduan.
Gertatzen da, aurtengo apirilean, hiru edizio lokaletik pasatu ginela bira. Horietako bat da Bergaran, Oñatin, Antzuolan eta Elgetan banatzen dena. Edizio lokal hau 16 orrikoa da eta Oñatiri orrialde bat eskaintzen zaio. Esan behar da edizio lokal hau Bergarako, Antzuolako eta Elgetako Udalek diruz laguntzen dutela; Oñatikoak ez. Aldaketa egin genuenean, aukera bat izan zen Oñatiri orri propiorik ez eskaintzea, baina Bergara, Antzuola eta Elgetako informazio lokala jaso behar zutenez Oñatin, honi ere tarte bat eskaintzea erabaki genuen.
Edizio bakarreko Goienkariarako trantsizio bezala planteatu zen aurtengo apirilean hasitako bi edizioko bidea eta Goienan uste genuen Goienkaria berrian Oñatiko Udalak bere orri propioak diruz lagunduko zituela. Baina, ez. Orain dela gutxi erabaki du ezetz. Informazio lokalerako, nahikoa daukala hilean behin argitaratzen duten Kontzejupetik-ekin.
Hori horrela, oraingoz erabaki duguna da Goienkaria berria Oñatin ere banatzea (Udalak diruz lagunduko duelako informazio komuna), baina Oñatiri informazio lokalerako tarte propiorik ez eskaintzea.
Nork: Eneko Azkarate.2005/12/01 09:37:05.923 GMT+1
Eskerrik asko azalpenarengatik, Eneko. Uste dut oñatiarrek galduko dutela beraien udalaren jarreragatik. Baina zer egingo diogu. Merezi ditugun agintariak ditugu. Ondo segi.
Nork: Joxe Aranzabal.2005/12/01 20:20:18.042 GMT+1
Zergatik du Oñatiko Udalak informazio gordetzeko edo bakarrik kontrolpean duena emateko obsesio hau?
Informazioa jasotzeko aukera izan eta hartu ez? Nola izan daiteke hain itxia?
KONTZEJUPETIKeko informazioarekin nahikoa dugula? Nork erabakitzen du hori? Eta nahikoa ez dugunok zer? Hilean behineko aldizkaria eta nahikoa dugula??!!
Hauek dira merezi dugun agintariak? Alderdi politiko guztiak berdin pentsatzen dute?
Nork dio beldurra informazioari Oñatin?
Nork: Joseba.2005/12/02 11:44:12.914 GMT+1