Aurrekoan esan genizuen Goienkaria berria izango dela 56 orrikoa eta edizio bakarrekoa. Zelakoa izan da, baina, orain arte?
Hemen, astekariaren bilakaera, aroka:
1. 24 orriko edizio bakarrekoa
Goienkaria jaio zen 2000ko abenduaren 1ean. Laster beteko ditu, hortaz, bost urte.

Lehen aldi hartan, Debagoieneko herri aldizkariekin batera banatzen zen: astekariak zeuden tokian, hauekin batera (Arrasate Press eta Berrigara); astekaririk ez zegoen herrietan, bakarrik; eta, hamabostekari edo hilabetekariekin bat egiten zuenean (Oñatiko Kontzejupetik, Aretxabaletako Aretxagazeta, Eskoriatzako Ze Barri, eta Elgetako Goibekokale), haiekin batera.
2. 'Goienkaria'-k eta herri aldizkariek bat
2001eko urriaren 19an, Debagoieneko herri aldizkari guztiek formatua aldatu zuten eta Din A4 formatutik pasa ziren Din A3 formatura (egunkari itxurakoa). Hori horrela, Goienkaria-rekin bat egin zuten, honen barruko eranskin moduan.

Formatua bateratzeaz bat, denak astero martxan jarri ziren eta aldizkaririk ez zegoen herrietan sortu egin zen, herri bakoitzak berea izan zezan.
Aldizkariak hiru multzotan batu ziren:
- Arrasate Press eta Aramaioko Tixirritola.
- Berrigara, Antzuolako Kontuola eta Elgetako Goibekokale.
- Aretxagazeta eta Eskoriatza eta Leintz Gatzagako Ze Barri
Oñatiko Kontzejupetik ez zen Goienkaria-ra batu. Kontzejupetik Oñatiko Udalak argitaratzen du eta honek ez zuen nahi izan egitasmoarekin bat egin. Ondorioz, Kontzejupetik aldizkariak bere bidea jarraitu zuen, hilean behin argitaratuz.
Hiru multzo horiek hiru edizio ezberdin osatu zuten eta herri bakoitzean jasotzen zuten norbere herriko edizioa, ibarreko herri guztiendako komuna zen Goienkaria-rekin batera. Salbuespena zen Oñatin, han Goienkaria bakarrik jasotzen zuten-eta.
3. Bi edizioko Goienkaria
2005eko apirilaren 8an, herrietako edizioak birmoldatu eta bi ediziotara pasa ziren:

- Batean integratu ziren: Arrasate Press, Aretxagazeta, Ze Barri, Txirritola eta Leintz Gatzagako Urlatik.
- Bestean, Berrigara, Kontuola, Goibekokale eta Oñatiri eskainitako orrialde bat, *Oñati* izenekoa.
Aldaketa honekin, datorren urte hasieran abiatuko dugun Goienkaria berrirako lehen urratsa eman genuen, hau da, edizio bakarrerako urratsa.
4. Edizio bakarrekoa
Otsailaren 3an abiatuko dugu Goienkaria berria, orain prestatze prozesuan gabiltzana.
2003ko abenduaren 22an, Arrasateko Santamas egunean, Asteleheneko Goienkaria-ren zero zenbakia argitaratu genuen eta 2004ko otsailaren 19an lehenengo zenbakia.

Harrezkero, astelehenero argitaratzen dugu, ostiralekoaren osagarri. Batik bat, asteburuan geurean gertatutakoaren berri ematen du 32 orriko edizio bakarreko honek.
Idatzi artikulu bat