Dagoeneko bederatzi egun igaro dira Girora etorri ginenetik, eta gure egunerokoari ETBko saio Basetxea-ren antz gero eta handiagoa hartzen diot. Saio horretako ardatza bizikidetza eta biziraupena dira, eta hemen ere, antzera.
Girora etortzeko maletak ilusioz eta gauzak ondo egiteko gogoz betetzen ditugu ziklistok, eta saioko partaideek gauza bera egiten dute. Norberak bere burua gainditzeko duen gaitasuna muturreraino eramaten du kasu bietan, eta hemen ere, ondoko lagunarekin bizitzen jakin egin behar da –guk 21 egunez–.
Gurean ez dugu Julian Iantzirik, hori egia da, baina egunero-egunero izaten ditugu dueluak, eta irabazleak maillot arrosa janzten du, eta galtzaileak elastiko beltza. Hala, guk ere gosea, erorikoak, erredurak, egarria... denetik jasan behar izaten dugu. Bestalde, gutako baten urtebetetze eguna tokatzen bada, edo zer ospaturik badugu, tartatxo bat ekartzen digute. Eta sinetsi hau: telebistakoek bezala ematen diogu guk ere tartari egurra, grabatuko baligute...
Amaitzeko, Basetxea-ko saiokideek moduan, guk ere kilo batzuk gutxiagorekin astintzen dugu ikurriña, bidearen amaierara iristen garenean. Gure amaiera Milanen dago, eta nahiz eta irabazi ez, haraino iristea ez dago batere txarto. Basetxea-ko irabazleek munduan zehar bidaia irabazten dute. Gure kasuan, Milanera iristen garenerako gure izen-abizenak munduan zehar ibili dira.
Markel Irizar
2008/05/15 19:47:55.684 GMT+2
Gure Basetxea
Nork: Markel Irizar.2008/05/15 19:47:55.684 GMT+2
Etiketak:
basetxea
| Permalink
| Erantzunak (1)
| Errenferentziak: (0)
Erantzunak
epa txapeldun:
aittaittak esaten eben mouan egunen baten bizikletia ez baldin badau aldatu zeke bizikletia boligrafuatik. oso artikulo originala pentsau xaku, hi haiz artistia hi!!! txoritxo batek esan dozt gaurko etapia lasai hartu bihar zebela eta gero ihes indda ikusten du, segi hola!!!
jo eta ke irabazi arte!!!!!!!
Nork: naetatxus.2008/05/16 22:55:59.321 GMT+2