Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/05/13 23:43:11.638 GMT+2

Egunek bi etapa dituzte

Atzoko kolpea eta gero gaur lehiatzeko moduan egon naiz, eta atzo ez nuen horrelakorik espero. Nire lehenengo zutabetxoan egunean zehar izaten ditugun bi etapen gainean egingo dizuet berba, izan ere, buruhausteak ez ditugu lasterketan bakarrik izaten, baita ondoren ere. Atzo, esaterako, 23:15ean iritsi nintzen hotelera. Erorikoa izan eta gero ospitalera eraman ninduten; 21:00etan irten nintzen handik, eta 22:00etan hartu genuen hotelera eraman behar gintuen itsasontzia. Justu-justu afaldu, eta ohera.

Gaur, berriz, lasterketa amaitu eta autobusean bertan dutxatu eta pasta apur bat jan eta gero 190 kilometro egin behar izan ditugu hotelera iristeko. Horregatik izenburuaren zergatia, lasterketa amaitzerakoan bigarren etapa hasten dugulako, hotelerako bidaia, hain zuzen. Baina, arazo hau ez daukagu Euskaltelekook bakarrik, tropel osoa dabil antzera. Denak ere haserre samar gabiltza, hori izan da gaurko egunean gehien komentatu den kontua, baina txirrindulari italiarrak ez daude protesta egiteko gertu, ez dute zaratarik atera gura, etxean daude-eta korritzen.

Atzo, esaterako, gaurko ihesaldiko protagonista Verbrugghek oso txarto egin zuen itsasontzian bidaia. Erabat zorabiatuta, botaka batean ibili zen. Protesta egin zuen, eta italiarren jarrera ikusita, haserre joan zen ohera. Amorratuta, gaur mendekua hartu du, haren ihesaldiaren kontura italiarrek gogotik egin behar izan dute-eta lan.

Neuri dagokidanez, ea eskua geroago eta hobeto daukadan, eta etaparen batean aurrean ibil naitekeen; hori nahiko nuke.

Iban Velasco

Nork: Iban Velasco.2008/05/13 23:43:11.638 GMT+2
Etiketak: | Permalink | Erantzunak (3) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Hurrengo lau etapak be polittek izengo die, eta bukaerak aldats gora. Gaurko etapako azkeneko hiru kilometruek gogorrak die, eta %9ko maldie be topauko daue. Hortan, Ricco, Di Luca, Pellizotti, Purito Rodriguez, Rebellin, Bettini eta konpañia ibilliko die aurrien.

Eta bixer 265 kilometro eta bukaerie aldats gora!!!

Nork: VDB.2008/05/14 11:36:03.400 GMT+2

Galdera bat: taldekuen artian zela eitten dozue berba? Euskaraz? edo españolez? Noizbait erabili dozue euskeria kontrarixuen aurkako 'arma' bezala?

 

Animo!

Nork: Ibantxo.2008/05/14 18:39:50.050 GMT+2

Giroko seigarren etapa, biharkoa, laburragoa egitea erabaki dute antolatzaileek, "txirrindularien neke eta estresagatik", Angelo Zomegnan zuzendariaren esanetan. Hala, Potenza eta Peschici artean 265 kilometroko etapa egin beharrean –harrapazak–, etapak 33 kilometro gutxiago izango ditu.

Gaur Pavel Brutt errusiarrak (Tinkoff) ezustea eman du. Franco Pellizottik (Liquigas) jarraitzen du mailot larrosarekin


Nork: x.u..2008/05/14 19:07:03.672 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak