Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/03/03 07:30:57.863 GMT+1

Twitterlari gorra

Jende gehienak erabiltzen du Twitter sareko elkarrizketan parte hartzeko: batzuetan hitz egiten eta bestetan entzuten. Baina bada Twitter erabiltzen duenik bakarrik hitz egiteko, beste inori entzun barik. Horixe da Berria egunkariaren kasua.

Begiratzen baduzue bere Twitter kontuan, eskuineko zutabearen goi aldean, Berriak 107 jarraitzaile ditu Twitter-en, baina bera ez zaio inori jarraitzen, antza ez zaio-eta interesatzen besteek zer dioten. Ez dakit zerk bultzatuta jokatzen duen horrela Berriak, baina niri estrategia okerra iruditzen zait, hedabide batentzat batez ere.

Twitter horrela erabilita, Berriak kamustu egin du komunikazioa, eta bide bakarreko informazio bihurtu du. Hori arriskutsua izan daiteke beretzat: zenbaitek harrokeriatzat har dezake jarrera ("nik diodana da inportantea, zuk esana ez zait interesatzen"), aintzat hartuta, gainera, Twitterren bertan badirela beste hedabide batzuk Berriaren antzeko informazioa eskaintzen dutenak. Horrela jokatuta, gainera, Berriak uko egiten dio feedback-ari, irakurleek bueltan ematen duten informazioari.

Beste ezeren gainetik, Twitter elkarrizketa da. Elkarrizketa polifonikoa: batzuk mugatzen dira esatera non dauden edo zer egiten ari diren une horretan, beste batzuek partekatu nahi dute pentsamendu bat, zenbaitek jakinarazi nahi du artikulu edo bideo interesgarria aurkitu duela, hainbatek galdera egiten du, eta beste hainbatek erantzun, urliak bere bloga sustatzeko darabil Twitter, halako fakultatek bere kontuen berri emateko... Hain zaila da entzutea?

Nork: Joxe Aranzabal.2009/03/03 07:30:57.863 GMT+1
Etiketak: twitter berria | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Twitterlari eskasen sorta hau, Dans, Berria... ez dut ondoegi ulertzen. Zergatik dago Twitter erabiltzeko modu zuzen bat? Zergatik ez da balekoa utilitarismo pertsonala, nahi den erakoa?

Nork: Luistxo, twitterlari eskasa.2009/03/03 16:37:13.221 GMT+1
http://twitter.com/luistxo

Arrazoi duzu, Luistxo: ez dago Twitter erabiltzeko modu zuzen bat. Kasu hauetan esan nahi nuen niri ez zaizkidala interesatzen twitteatzeko modu horiek, baina badirudi ez dudala asmatu ez adjektiboetan ez eta esateko moduan ere. Edozelan ere, eskerrik asko zure iritziarengatik.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/03/03 20:00:38.773 GMT+1
http://goiena.net/blogak/faroa

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak