Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/01/21 07:50:35.758 GMT+1

Twitter eta Obamaren kargu hartzea

Atzo arratsaldeko 18:00etan Twitter Search bilatzailean sartu, eta saiatu nintzen jarraitzen Barack Obamaren kargu hartzea AEBetako lehendakari moduan. #inaug09 etiketa idatzi nuen, baina Twitter Search oso mantso zebilen artean. Une hartan, Aretha Franklin omen zebilen kantatzen; jendea, behintzat horretaz idazten ari zen. Baina harrigarria: hamabost bat segundu igarota, baziren zain beste 1.800 bat tweet edo mezu labur. Jendea ari zen eroen pare idazten, bere lekukotasuna uzten Twitteren. Gehienak, pozik, aro berri bat irekitzen zelako AEBetan; beste batzuk, kezkatuta ekitaldi zibil hartan ere erlijio kontuak nahasten zirelako; zenbait, telebista kateen jarraipena egiten; iruzkinak Michele Obamaren jantziaz; txisteak Hillary Clintonen gainean...

Ikusita Twitter Search oso motel zebilela, CNN telebistara pasatu nintzen, beti Interneten, eta han ikusi nituen Obamaren zin egite aurreko hainbat momentu. Jendetza izugarria ikusten zen inguruetan, beltzak batez ere. Nire Twitter-en, berriz, gauza askorik ez Obamaren inguruan. Bi mezuk eman zidaten atentzioa: "Parece que anda un tal Obama por ahí", zioen lehenak. Bigarrenak, berriz, "fuck usa" amaitzen zuen, Obamaz aspertuta. Biak euskaldunek idatziak.

Iluntzean, Internet bidez ikusi genituen Obamaren kargu hartzea eta hitzaldia, CBS telebistan, sarean. Beti bezala, neurtua eta inspiratzailea. Geroago, CNNn ostera, baina Interneten, zuzenean ikusi genuen  presidente berria eta bere emaztea oinez Pennsilvania etorbidean, jendea agurtzen.

Ordurako Twitter Search arinago zebilen, eta mezu emaria ere askoz ere apalagoa zuen: hamabost segunduero 80 bat mezu sartzen ziren bertan. Arratsaldeko 18:00etan baino dezente gutxiago, baina, hala ere, asko. Atzoko irabazletako bat, dudarik gabe: Twitter.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/01/21 07:50:35.758 GMT+1
Etiketak: cnn cbs twitter search obama | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak