Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/22 08:26:06.383 GMT+2

Opari ekonomia

Artikulu hau ere Jakin aldizkarirako idatzi nuen, 167. alean ateratzeko.

Sei urtean lehen aldiz, Sustatu lanean izan da abuztuko oporretan. Hasier Etxeberriak horrela eskatuta (“Zer egin ez badakizue, antolatu lehiaketa bat, edo kontratatu beltzen bat orriari jira eta bira emateko noizean behin. Nahi duzuena, baina egin zerbait, orain artekoaz desberdina dena. Jaungoikoaren izenean”.), Sustatuk egokitu egin zuen blogaren azala —“Jamaika ikusteko…” atalari toki nagusia emanda—, eta aukera eman zien irakurleei eurek betetzeko atal hori, horretarako del.icio.us eta bildu.net aplikazioak erabilita.

Kontua da Sustatuko arduradunak oporretara joan zirela, baina Sustatuk egunean bizpahiru albiste jaso zituela, denen pozerako. Arduradunek egitura ipini zuten eta irakurleek edukia, musu truk.

The gift economy
Fenomeno horri the gift economy deitzen zaio, opari ekonomia, eta sutautsa bezala zabaltzen ari da informazioaren aroan. YouTubek, adibidez, xemeikorik ere ez die ordaintzen beren bideoak webgune horretan eskegitzen dituztenei. Horien produkzio kostuak erabiltzaileen bizkar doaz; eurak dira zuzendariak, ekoizleak, idazleak eta aktoreak. Bideo horiek igotzen dituztenean YouTubera, oparitu egiten diete beren lana webguneko jabeei. Horregatik, 2006ko urriaren 9an, Googlek erosi zuenean YouTube 1.650 milioi dolar ordainduta, webguneko sortzaileek eskerrak eman zizkieten erabiltzaileei, propio grabatutako bideo batean, haiek egin baitzituzten aberats.

2005ean, bestalde, Yahook erosi zuenean Flickr argazki zerbitzua, horrek 10 lagun baino ez zituen nominan, baina milioika erabiltzaile edukiak igotzen etengabe, berauek antolatzen eta zabaltzen.

Zabaldu.com ere modu horretan dabil. Pertsona bat arduratzen da mantentze zerbitzuaz, baina gero erabiltzaileek aukeratzen dituzte albisteak, interesaren arabera. Eta hori ere musu truk egiten dute, nahi dutelako.

Bedeinkazio ala maldizio?
Opari ekonomia bedeinkazio bat izan daiteke sareko hedabideentzat, baina arazo handi bat da hedabide tradizionalentzat. Zertarako ordaindu profesional bati, amateur bat pozik izango bada lan hori doan egiten?

Sustatu eta Zabaldu.com-en egitura ezin txikiagoa da, eta bertan egindako publizitateak aise ordain litzake gastuak. Berria egunkariak, ostera, ezingo lioke erantzun Hasier Etxeberriaren eskariari, ez behintzat paperezko edizioan.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/10/22 08:26:06.383 GMT+2
Etiketak: jakin sustatu zabaldu com | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak