Joxe Aranzabal naiz. Mondragoen jaio nintzen 1952an, azaroaren 8an.
Hamaika urterekin, seminariora joan nintzen, eta bertan zazpi urte egin
nituen, lehendabizi Saturraranen eta gero Donostian. Azken hiri
honetan, Batxillergoa egin nuen Peñaflorida Institutuan. Ondoren, Gaur
Egungo Historia ikasi nuen Deustuko Unibertsitatean, eta bertan
lizentziatu nintzen 1976an.
Lana
Ikasketak amaitu bezain laster, Garaia
aldizkarian egin nuen lan, Donostian, bost bat hilabetean. 1977ko
otsailean astebete egin nuen Martuteneko espetxean, artikulu bat
argitaratzeagatik Garaian. Handik irtenda, beste astebete egin behar
izan nuen, arrazoi beragatik, etxean atxilotuta. 1977tik 1981era Eskola
Politeknikoan aritu nintzen, Arrasaten, eta han lau bat ikasgai
irakatsi nituen, tartean euskara eta euskal kultura. 1981etik 1985era
umezain eta etxezain egin nuen lan Boisen (AEB), Vancouverren eta
Ottawan, Kanadan, ingelesa ikasten nuen bitartean, neska lagunarekin
batera. Ondoren, Imanol Berriatuari jarraika, sei hilabete egin
genituen Israelen, Mishmar Hanegev kibutzean, egun erdiz lanean eta
beste egun erdiz hebraiera ikasten, bertako ulpanean. 1986tik 1989ra
Bergarako Udal Euskaltegian egin nuen lan, euskara irakasten. 1988tik
1991ra bitartean Arrasate Press eta Arrasate Telebista sortu genuen,
eta neu izan nintzen lehen zuzendaria bietan. 1991tik 1997ra freelance moduan egin nuen lan, etxean, eta berripaper argitaratzaile bihurtu nintzen. Garai hartan atera nituen berripaper hauek: Euskararen Berripapera (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), Asmoz ta Jakitez (Eusko Ikaskuntza), Pas de Basque (Ikerfolk) eta Herri.KO (Arrasate Komunikabideak). 1994tik 1996ra Hitzaro eta Lengua Viva
saioak zuzendu nituen Euskal Telebistan, Hizkuntza Politikarako
Sailburuordetzaren enkarguz. 1997tik 2000ra aritu nintzen Arrasate
Press, Arrasate Telebista eta Goiena Telebistan. 2001a ezkero Mondragon Unibertsitatean
nabil, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean, Eskoriatzan.
Bertan Komunikazio arduraduna naiz, Web 2.0 eta Digital Journalism
irakasten ditut, eta kudeatzen ditut fakultatearen webgunea zein Euskal
Kulturgintzaren Transmisioa izeneko aditu tituluarena.
Internet
Goiena
taldea utzi nuenetik, Internetera bideratu ditut nire ahaleginak,
Internetek eman dit-eta aukera ahotsa izateko elkarrizketa globalean.
2001ean Sustatun hasi nintzen
kolaboratzen, lehen blog taldekakoa euskaraz, eta bertan ikasi nuen,
Luistxo Fernandez eta lagun eibartarren eskutik, zer diren blogak eta
zelan komunikatzen den Interneten. 2004a ezkero, Faroan idazten dut,
nire blog pertsonala. Poliki-poliki, gainera, joan naiz nortasun bat
lantzen Interneten, eta kontuak ditut Flickr, Blogger, Blogak.com,
Tumblr, Twitter, Facebook eta antzeko zerbitzuetan.
Minbizia
2002ko
irailaren 11n minbizia aurkitu zidaten, linfoma folikularra, minbizi
mota bat odolean eragiten duena. Hori zela-eta, bi urte egon nintzen
tratamenduan: kimioterapia eman zidaten, eta horren ostean,
hezur-muinaren transplantea egin Valdecillako Ospitalean, Santanderren.
Jakin bezain laster minbizia nuela, hasi nintzen Sustatun idazten nire esperientziaren berri. Bi urte luzatu zen kontakizuna, eta gero liburu batean argitaratu zen: “Medikuak esan dit minbizia dudala”,
Elkar argitaletxean. Lau urte eta erdi egin ditut prednisona hartzen,
erretxazoaren arazoak saihesteko, baina 2009ko urtarrila ezkero ez naiz
ezer hartzen ari, eta bizimodu normala egiten dut.
Kolaborazioak
2007-2008 ikasturtean Euskadi Irratian eta Jakin aldizkarian kolaboratu nuen. Euskadi Irratian “8. probintzia”
egin nuen igande goizetan, “Amarauna” saioaren barruan, eta bertan
blogak eta teknologia berriak izan nituen hizpide. Jakin aldizkarian,
berriz, “Telepolis” sailean idatzi nuen, “Egunen gurpilean” atalaren
barruan, hor ere teknologia berrien gainean. Hitzaldiei dagokienez,
deitzen didatenean izaten da hitz egiteko teknologia berriez edo
minbiziaz.
Erlijioa
Erlijio katolikoan bataiatu
ninduten, eta 11 urterekin seminariora joan nintzen. Gaur egun, ostera,
konforme bizi naiz jainko barik. Errespetatzen ditut sinistunak,
edozein erlijiotan, baina gizarte laikoa dut gustuko. Hala ere,
oraindik egokitzen zait elizara joatea, lagun edo ezagunen bat hiltzen
denean, familiari atxikimendua adierazteko. Niretzat, berriz, hileta
laikoa nahiago.
Politika
Hamazortzi bat urterekin
abertzaletu nintzen, eta Euskal Sozialisten Biltzarrea (ESB) alderdian
ibili nintzen, 1980a arte. Han bukatu zen nire militantzia politikoa.
Harrezkero, abstentziora jo izan dut behin edo behin, baina bozkatu
dudanean, batez ere ezker abertzaleari eman izan diot botoa, noiz edo
noiz EAri eta EAJri, eta azken aldiotan Aralarri. Hala ere, garbi
daukat nire botoa neurea dela, ez alderdi batena edo besterena.
Horregatik, oraindik ez dakit nori emango diodan botoa hurrengo
hauteskundeetan. Abertzalea naiz, baina uste dut abertzaleok
birformulatu beharra dugula abertzaletasuna. Euskal Herria maite dut,
eta munduko hiritar sentitzen naiz. Euskara maite dut, baina gaztelania
eta ingelesa ere neureak ditut.
2008/05/05 12:12:29.835 GMT+2
Nor naizen
Nork: Joxe.2008/05/05 12:12:29.835 GMT+2
Etiketak:
nor
aurkezpena
| Permalink
