Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/21 07:56:01.028 GMT+2

Noiz arte IT departamenduak enpresetan?

Hona hemen artikulu bat,  Jakin aldizkariaren 167. zenbakirako idatzi nuena:

Geminis, Elorrion
2008ko otsailaren 12an, Eroskik inauguratu zuen Elorrion Euskal Herriko gunerik handiena datuak prozesatzeko. Eraikin bat da 2.500 metro koadrokoa, Geminis izenekoa, eta bertan dago areto bat, 850 metro koadrokoa, ekipo informatikoz beteta, zerbitzatzeko Eroskiren 3.000 denda, neurri guztietakoak. El Correo egunkariak biharamunean zioenez, Geminis kostatu zitzaion Eroskiri zortzi milioi euro, eta bertan lanean ari dira 10 eta 15 pertsona artean.

Banaketa enpresa bat izanda, zer dela-eta xahutu ditu Eroskik zortzi milioi euro berea ez den negozio batean, informatikan? Bere esku izan nahi duelako bere 3.000 dendek uneoro sortzen duten informazioa: salerosketak, eskariak… Eta, oraingoz, beste inork eskaintzen ez diolako zerbitzu hori.

UCEM, Oñatin
Mende bat lehenago, elektrizitatea zabaldu zenean gure enpresetara, Unión Cerrajera de Mondragón (UCEM) enpresak antzeko zerbait egin zuen: bere esku hartu argindarra sortzea, ziurtatzeko Mondragoeko eta Bergarako lantegiak ez zirela geldituko, eta urtegi sare bat antolatu zuen Oñati inguruko mendietan, Aitzgain, Jaturabe eta Aloña inguruan, eta urtegi horietatik ura batzen hasi zen Olateko indarretxean.

UCEMen negozioa ez zen argindarra, baina garai hartan ez zuen beste erremediorik izan, munduko beste enpresa gehienek bezala, bere lantegiek behar zuten argindarra sortzea baino, horiek zekartzan gastu guztiekin. Harik eta enpresa batzuk agertu ziren arte argindarra modu fidagarrian eta nahi adina eskaintzen zutenak. Orduan, hasierako beldurrak uxatu (zelan utziko dugu argindarra beste enpresa baten esku, hori denean gure jardueraren motor ezinbestekoa?), Olateko indarretxea Oñatiko Udalari saldu eta argindarra zuzenean erosten hasi zitzaion Iberduero konpainiari.

Argindarra, zerbitzu publiko
Hori baina, gertatu zen Iberduero bezalako konpainiak hasi zirenean argindarra sortzen, kopuru izugarrietan eta inork baino merkeago, halako eran non enpresa bakoitzak ezin zuen berdindu. Gaur egun, inori ez zaio bururatzen enpresa barruan departamendu oso bat antolatzea argindarra sortzeko.

Teknologia berriekin, ostera, ez dugu berdin jokatzen. Eroskik bezala, munduko enpresa handi guztiek dute departamendu bat, askotan oso garestia, teknologia berriak kudeatzeko.

Softwarea, zerbitzu publiko
Baina gauzak aldatzen hasi dira. Sortu dira zenbait enpresa (Google, Amazon, Salesforce.com…) softwarea eta soluzio informatikoak neurrira eskaintzen dituztenak… sarean, nork bere aplikazioak erosten eta eguneratzen ibili beharrik barik. Urte gutxi barru, sareko eskaintza hobetzen denean eta gure enpresek beldurra galtzen dutenean (zelan utziko diogu beste enpresa bati gure informazioa erabiltzen?) Eroskik saretik erosiko ditu behar dituen informatika zerbitzuak, aplikazioak eta sareak. Eta hori egiten duenean, akaso Elorrioko Udalari saldu nahi izango dio Geminis erraldoia.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/10/21 07:56:01.028 GMT+2
Etiketak: eroski jakin it ucem | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak