Atzo Luistxo Fernandez izan genuen HUHEZIn, Mondragon
Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Beste blog batean idatzi dut hark esandakoaren gainean. Hona, berriz, ekarriko dut ikasleei
esan nizkien hitzak Luistxo aurkezteko.
Luistxo
Eibarren jaio zen orain 40 urte eta Donostian bizi
da, emaztea eta bi seme-alabarekin. Ikasketaz kazetaria da, eta nik horrela
ezagutu nuen Durangoko Azokan, Euskaldunon Egunkariak lehen Estilo Liburua
argitaratu eta aurkeztu zuenean, berak ere parte hartu baitzuen lan hartan.
Gogoan dut nola eskatu nion sinatzea erosi berria nuen Estilo
Liburuan.
Orain ez dizuet kontatuko Luistxoren bizitza, nahiz eta oso interesgarria izan. Bakarrik esango dizuet, hainbat arlotan utzi duela arrastoa Luistxok, eta arrasto sakona:
Kazetari gisa, paperean. Argian, Euskaldunon Egunkarian eta Arrasate Pressen egin du lan batez ere, eta horren emaitza ikusi ahal duzue Tetris liburuan, 1995ean argitaratua. Eta baita Espainiako Gerra Zibila Euskal Herrian liburuan.
Idazle moduan ere egin ditu pinitoak, adibidez lan honekin, Kontaktua, bere garaian nahiko oihartzun izan zuen narrazioa.
Teknofilo bezala. Luistxo aurreratu bat izan da, eta, beste lagun batzuekin batera, eibartarrak posta zerrenda sortu zuen orain zortzi bat urte, Euskal Herriko posta zerrendarik erabiliena euskaraz. Lagun bertsuekin Aurki.com sortu zuen, bilatzaile bat, euskaldunoi musu-truk etorri zitzaiguna Eusko Jaurlaritza milioiak eta milioiak gastatzen ari zenean Microsofti dirua ematen, Word eta antzeko programak euskaratu eta kadukatutakoan irits zitezen euskaldunongana.
Enpresari moduan, CodeSyntax sortu du, beste lagun batzuekin batera, gure arteko enpresarik interesgarrienetako bat gaur egun Internet kontuetan.
Teknologo legez, ere sortu du, Josu Azpillagarekin batera, Euskal Herriak Web 2.0 esparruari eman dion aplikaziorik arrakastatsuarena: Tagzania.
Irakasle bezala, uste dut lan aparta egiten duela. Sustatu sortu zuenean, zeren Luistxok sortu baitzuen Sustatu.com, berak bazekien zer nahi zuen, zelakoa gura zuen Sustatu, eta posta zerrenda bat sortu eta hor erakutsi zigun zelan idatzi, zertaz, etab., etab. Nik uste dut bera dela euskal blogosferaren aita.
Polemista zorrotza izan daiteke, nahi duenean. Egun hauetan, adibidez, askoren ahotan dabil Maite Artolarekin izan duen ika-mika, Mezularia irratsaioak ez dielako ematen euskarazko blogei beste informazio iturriei ematen dien trataera.
Editore gisa, zorrotza da Luistxo, eta hori ikusi da Sustatun bost urte hauetan: dedikazioa, begi zorrotza, kazetari sena… denetik du, eta igarri egiten da.
Blogari ere bada. Sustatun hasi zen idazten, baina gero beste bi blog sortu ditu: Ingelesen Hilerria, hiru hizkuntzatan egina, eta El Mapamovil, gaztelaniaz.

Idatzi artikulu bat