Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2011/10/15 08:00:57.430 GMT+2

Lasterka

Gure aitak miresmenez aipatzen zituen kirolarien artean —Bartali, Zarra, Zamora…— toki berezia izaten zuen Emil Zatopek lasterkari txekiarrak. Haren klasea eta oinaze itxurak azpimarratzen zituen sarri. Hori dela-eta, beti gorde izan dut harekiko estimua. Horrela, esku artean hartu nuenean Lasterka liburu atera berria, ikusita Emil Zatopeken bizitza nobelatua zekarrela, erosi egin nuen, zalantza izpi barik.

Liburuak ez dauka beste munduko ezer. Esan nahi dut, sinplea eta irakurterraza da. Baina gustura leitu dut. Akaso sinpletasun hori iradokitzailea gertatu zaidalako askotan. Kontua da di-da batean irakurri dudala, eta edozeini gomendatuko niokeela, batez ere atletismo zaleei, baina ez bakarrik eurei.

Ni jaio nintzen urtean, 1952an, egin zuen Emil Zatopekek balentriarik handiena, urte hartan hiru urrezko domina irabazi baitzituen Helsinkiko Olinpiar Jokoetan: 5.000 m., 10.000 m. eta maratoian. Baina txapeldun handiaren bizitzak izan zituen ertz gehiago, interesgarri askoak. Goiko bideoak erakusten du Adidasek haren omenez egindako iragarki bat, txukuna.

Nork: Joxe Aranzabal.2011/10/15 08:00:57.430 GMT+2
Etiketak: emil_zatopek lasterka echenoz | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Emile Zatopek eta Paavo Nurmi. Nire umetako mitoak. Ez nituen ezagutu, jakina, eta horrek are handiago egiten zituen! Gero Carl Lewis eta Said Aouita etorri ziren, jakina ;-)

Nork: Asier Sarasua.2011/10/15 09:12:31.183 GMT+2
http://eibar.org/blogak/sarasua

Arrazoia. Paavo Nurmi ere izugarria izan zen. Baita Lasse Viren finlandiarra ere. Eta hori ikusi genuen, bai horixe.

Nork: Joxe Aranzabal.2011/10/16 21:08:09.921 GMT+2

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak