- Itxura. Kindlen liburu guztiek berdinak dirudite, ez dute nortasunik. Zuk ikusiko duzun gauza bakarra da orrialde bat, besterik ez. Paperean, berriz, liburu bakoitzak bere nortasuna du, eta hor elementu askok parte hartzen dute: azala, tamaina, paper mota, kolorea, letratipoa, usaina…
- Atzera egitea. Nobela bat irakurtzen ari naizenean, sarri gertatzen zait atzera egin behar izatea, kontsultatzeko nor den halako edo bestelako pertsonaia, batez ere eleberriak pertsonaia asko dituenean. Hori di-da egiten dut, eta ez dit eteten irakurketa. Kindlen, aitzitik, ez dut lortu salto horiek patxadaz egitea. Beraz, aurrera egin behar izaten dut, baina ohi baino zalantza gehiagorekin, pertsonaien nortasunari dagokionez.
- Erreferentziak. Paperezko liburuan badakit non noan eta zenbat falta zaidan, paperezko markatzaileari esker. Kindlen, ostera, ematen du beti nagoela orrialde berean. Ikusten dut, bai, % zenbat irakurri dudan, baina ni ez nago ohituta horretara; esan liteke jakin beharra dudala zenbatgarren orrialdean noan, kalkulatzeko zenbat falta zaidan.
- Oharrak. Paperezko liburuan oso erraza da oharrak idaztea edo paragrafoak azpimarratzea. Kindlen, beharleku itzela.
Bestalde, ikusten ari naiz Gari Araolaza, adibidez, kriskitinak baino poziago dabilela bere Kindle erosi berriarekin. Zer gertatzen zait, doktore? Teknologia kontua da ala betiko geratu naiz lotuta Gutenberg aspaldikoaren galaxiari?

Erantzunak
Nork: Iñaki.2011/08/08 08:38:28.464 GMT+2
Alderik ilunena edukiari dagokiona dela uste dut, prezio altuegiak, euskaraz dagoen urritasuna erdarekin konparatuz gero... Nik, orain Kindle-ean, ingelesez irakurtzen dut, nagusiki, zertxobait gaztelaniaz eta ia ezer ez euskaraz.
Niretzat, abantaila handiena: Pisua, bai sofan irakurtzeko orduan (Lur bat haratago modukoak horrelako batean irakurtzea askoz erosoagoa da), baita bidaian joaterakoan hainbat liburu eramaterako orduan.
Nork: mikel.2011/08/08 19:23:43.950 GMT+2
http://hamahiru.org
Leteren kantuari segituz gero, ematen dik ez dagoela beste irteerarik: “…baina non biziko naiz, zugandik aparte…”.
Hori duk mezua? Papera nahiago izan arren, ez dagoela beste biderik irakurgailua baino? Fatalitate bat bezala bizi behar dugula irakurtzeko tresnen etorrera? Esaten dituan horiek guztiak egia izanda ere, ez ote dute alde onik irakurgailuek? Irakurleen artean zergatik ugaltzen dira, orduan, masokismoz?
Hik esandako horiek halaxe bizi dizkiat neuk ere, eta paperezko liburua diat nahiago oraindik, baina ezin uka abantailarik: liburudendetan sekula aurkituko ez nituzkeen liburuak lor ditzaket irakurgailurako, sekula erosiko ez nituzkeenei begirada bat bederen egin diezaieket, geure etxeko liburutegi fisiko osoa baino gehiago eduki dezaket tresnan sarturik, garraio errazekoa, edonoiz neurekin daramadana, mahai gainean utzi eta eskurik gabe eroso irakurtzeko modua, apur bat ohitutakoan apunteak hartzeko bikaina (Stanza)…
Hasi berria nauk, esaterako, asteburuetako egunkariak gailu batean irakurtzen (Kiosko delakotik), eta egundoko plazera duk…
Ulertzen diat esan nahi duana, eta bikain deskribatu duk, baina alde onak ere ez genizkiake ahantzi behar, arbola bat edo beste bizirik uzteaz gain, jakina.
Nork: H. Etxeberria.2011/08/08 19:51:10.327 GMT+2
http://zuzeu.com
Ez dut esperientziarik, ez behintzat liburu oso bat irakurtzeko lain Kindelarekin. Erabili dut, baina ez iritzia emateko beste. Gero eta txundituago naukana nire egunkaria da. Nik jarraitzen ditudan tuiterlariekin osatzen dena eta Flipboard-ekin bistaratua. Egunkari euskalduna gehien-gehienean, baina hainbat hizkuntzatarako erreferentzia pila batekin.
Twitter esperientziak asko irabazten du horrela irakurrita, letrez gain diseinua, itxura etab gustatzen zaigunondako, behinik behin. Argazkiekin, ondo diseinatua, bideoak ere bertan, loturetara ziztu baten, titular eran hainbat tuit... Zoragarria.
Baina hori bai, gaur ere ohiko formatuko liburu bat erosita etxera. Lehenengo aldiz supermerkatu batean liburua erosita.
Nork: Iban Arantzabal.2011/08/08 20:36:13.652 GMT+2
www.arantzabal.com
- Iñaki: badakit zuk izugarri gozatzen duzula zeure iPhone ederrean irakurtzen. Nik, egia esanda, ezingo nuke. iPad bat diferentea izango litzateke, baina hori beste tramankulu bat da, ez irakurgailu soila.
- Mikel: pozten naiz gustura zabiltzalako zure irakurgailuarekin. Egia da abantailak ere badituela. Segi gozatzen. Beste arazoak, joango dira konpontzen. Halaxe espero dut.
- Hasier: beste batzuetan idatzi izan dut irakurgailu digitalaren abantailez. Horregatik utzi nuen alde hori albo batera artikulu hau idazterakoan. Alde horiek ikusi ez banitu, ez nukeen erosiko irakurgailua. Onartzen ditut beronen abantailak, eta prest nago saltoa emateko. Hala ere, trantsizioa uste baino gogorragoa egiten ari zait, eta horren berri eman nahi nuen artikulu honetan. Beraz, fatalitaterik ez; frustrazio apur bat, bai, oraindik ez dudalako lortu irakurketa gozorik izatea, paperezkoarekin bezala.
- Iban: iPadik ez daukadan arren, ikusi dut zelan dabilen Flipboard, eta izugarri gustatzen zait. Hala ere, hori beste irakurketa mota bat da, ez Kindle eta beste irakurgailu digitalek eskaintzen dutena.
Ez pentsa Kindle alde batera utzi dudanik. Aurrerantzean ere asmoa daukat berau erabiltzeko. Hala ere, seguru nago bai Amazonek eta baita beste enpresa batzuek ere dezente hobetuko dutela irakurtzeko esperientzia gailu digitaletan. Bitartean, iturri bietatik edango dut: paperetik eta digitaletik. Besarkada bat denoi.Nork: Joxe Aranzabal.2011/08/09 21:14:48.375 GMT+2
Nork: Gari Araolaza.2011/08/13 11:39:33.501 GMT+2
http://eibar.org/blogak/teknosexua
"For most people, the Kindle solves a problem that didn’t exist".
http://moneyland.time.com/2011/06/28/should-you-buy-an-ebook-reader/
Nork: asier.2011/09/06 14:51:17.779 GMT+2
http://eibar.org/blogak/sarasua