Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/24 07:49:41.685 GMT+2

Hodei informatikoa

Artikulu hau ere Jakin aldizkariaren 167. zenbakian argitaratu dut.

Aspaldian izan dut gogoan Sun Microsystems enpresako buru batek  90. hamarraldian esana, alegia, “sarea dela ordenagailua”, baina entzun nuenetik pentsatu izan dut oraindik goizegi zela horretarako. Ordea, uda honetan sartu nintzenean Apple enpresaren webgunean ikusteko zer zen MobileMe zerbitzua, bideoa ikusiaz batera, pentsatu nuen gure artean dela cloud computing delakoa, hodei informatikoa.

MobileMe hodei informatikoaren bertsio bat da, Applen produktuetara moldatua. Bertan, posta elektronikoa, agenda eta egutegia sinkronizatzen dira erabiltzaileak dituen aparailuetan (kasu horretan mac bat, PC bat eta iPhone bat), Applek nonbait, hodei batean, dituen zerbitzariei esker.

Hala ere, hodei informatikoa hori baino gehiago da, zeren ordenagailu bat osatzen duten zatiak —disko gogorra informazioa gordetzeko, mikrotxipak informazioa prozesatzeko, aplikazioak informazioa manipulatzeko— sakabanatuta egon daitezke munduan zehar, baina integratuta Interneti esker, eta nahi dutenen artean partekatuta.

Gmail edo Hotmail irekitzen ditugunean gure posta elektronikoa kudeatzeko, hodei informatikoa erabiltzen ari gara, aplikazio horiek gure ordenagailuetatik kanpo daudelako. Flickr edo Picasa aukeratzen ditugunean gure argazkiak antolatzeko, hodei informatikoa erabiltzen ari gara, aplikazio horiek ere hodei batean daudelako, auskalo zer zerbitzaritan ostatu hartuta. Bloglines edo Google Reader hautatzen ditugunean gure sareko irakurgaiak irakurtzeko, hodei informatikoa ari gara erabiltzen, informazio batzaile horiek ere gure ordenagailuen mugetatik harago daudelako, zerbitzari batzuetan. Eta berdin gertatzen da irekitzen dugunean bloga, Skype, Tagzania, Google Maps, Twitter edo Web 2.0 osatzen duten milaka aplikazioak, Web 2.0 bera oinarrituta baitago hodei informatikoan.

Eric Schmidt Googleko lehendakaria eta garai batean Sun enpresako kideak deitzen dio “ordenagailua hodeian”, eta horrekin esan nahi du gure jarduera digitala Interneten gertatzen dela, edozein gailu darabilgula ere, dela ordenagailu bat, dela Blackberry bat, dela kontsola bat edo dela sakelako telefono bat. Izan ere, horixe baita azken urteotako aldaketarik handienetako bat: ordenagailua uztartu egin da beste gailu horiekin, Interneti esker.

Aldaketa hori ez da gertatu gauetik goizera, gu lotan geundela, baizik eta etorri da oharkabean, gu lanean ari ginela. Izana duen guztiak izena behar-eta, orain badakigu hodei informatikoa gure artean dela, eta hobetu besterik ez dela egingo datozen urteetan.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/10/24 07:49:41.685 GMT+2
Etiketak: hodei_informatikoa cloud_computing | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Kaixo Joxe, UOCen egiten ari naizen enpresaritza ikasketetan gai honi buruzko lan bat aurkeztu behar dut. Zure artikulua gorde eta aipatuko dut.

Ondo segi

Nork: birasuegi.2008/10/24 09:42:36.275 GMT+2

Arazorik ez, Birasuegi. Asko ikasi ikastaro horretan.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/10/24 16:32:19.776 GMT+2
http://www.goiena.net/blogak/leihoa

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak