Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/12/11 07:52:52.479 GMT+1

Hiru liburu interesgarri

(Artikulu hau Jakin aldizkarian atera dut, 168. zenbakian)

Udako oporretan hiru liburu irakurri ditut, zein baino zein interesgarriagoa. Hirurek gaurkotasun handia dute, lotuta baitaude gaur egungo egoerarekin, batez ere teknologia berriak gure gizartean eragiten ari diren aldaketen inguruan. Ondo baderitzozue, aurkeztu egingo dizkizuet liburuok:

The world is flat
The world is flat da lehena, Thomas L. Friedman kazetariak idatzia. Gaztelaniaz ere aurki daiteke, La tierra es plana izenburuarekin, Planeta argitaletxean. Mundua laua dela dio egileak, eta horrekin esan nahi du konektatuta dagoela: hesi ekonomikoen eta politikoen jausteak ekarri du, iraultza digitalarekin batera, aukera paregabea negozioak egiteko milioika lagunekin munduan barrena. Hau ez da gertatu goizetik gauera, baina bai oharkabean askorentzat, guztion begiak irailaren 11n eta Irakeko gerran zeuden bitartean. Glozalizazioa 3.0, berak horrela deitzen baitio, ez da enpresa handiek bultzatua, baizik eta gizabanakoek eraginda: freelance eta enpresa hasi berriak mundu osoan, baina batez ere Indian eta Txinan, gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira, gai baitira lehendabizi soldata txikiko lanak bereganatzeko, baina baita goi mailako lan sofistikatuak ere.

Friedman-en iritziz, mendebaldarrok azti eta zuhur jokatu beharra dugu mundu lau honetan, mundu bat non indiarrak eta baita txinatarrak ere, nabarmentzen ari diren. Ikasi beharra dugu merkatu global batean lan egiten. Horrek arriskuak ekarriko dizkigu, orain lehen baino milioika lagun ari baitira beharrean, guk egiten ditugun lan asko guk bezain ondo eta merkeago egiteko prest. Baina, azti jokatuz gero, aukerak ere ikusten ditu egileak. Liburu mardula da, 660 orrialde, baina erraz irakurtzekoa, oso estilo bizian idatzita baitago.

The big switch
The big switch da bigarren liburua, (Aldaketa handia), Nicholas Carr idazleak egina. Azpititulua ere adierazgarria du: “mundua birkableatzen, Edisonengandik Googlera”. Dirudienean gaudela aurrekaririk bako iraultza teknologiko baten erdian, egileak dio iraultza digitalak antz handia duela, gero eta handiagoa, orain mende bat argindarrak ekarri zuenarekin. Informatika dagoeneko ez da pertsonala, Carr-en ustez, eta laster bihur daiteke zerbitzu publiko bat, zenbait enpresak eskainia, eta gobernuek gainbegiratua. Garai batean, enpresek eurek sortzen zuten argindarra, joan den aleko artikulu batean idatzi nuen bezala, harik eta zenbait enpresa agertu ziren arte, Iberdueroren tankerakoak, zerbitzu hori merkeago eskaintzen zutenak. Carr-en aburuz, antzeko iraultza baten erdian gaude, aurrerantzean gero eta zerbitzu informatiko gehiago hodei informatikoan aurkituko ditugu, hor nonbaiteko zerbitzarietan. Trantsizio horren ondorio sozialak eta ekonomikoak ilun samarrak izango dira, egilearen ustez. Aberastasuna gutxi batzuen esku finkatuko da, eta zenbait industria, prentsa idatzia bereziki, desagertzeko zorian izango da.

Don’t bother me mom
Hirugarren liburua da Don’t bother me mom —I’m learning, (Ez gogaitarazi ama —ikasten ari naiz), Marck Prensky-rena. Gure seme-alabek gero eta denbora gehiago igarotzen dute pantailaren aurrean, bideo edo ordenagailu jokoetan, eta horrek ika-mika ugari sortzen ditu gurasoon artean. Marc Prensky hezkuntza software garatzailea da, eta bideo jokoen alde dago. Haren ustez, “gazteak askoz ere gauza positiboagoak eta erabilgarriagoak ikasten ari dira bideo jokoetan eskolan baino”. Prensky saiatzen da gurasoon eta irakasleon beldurra uxatzen, eta azaltzen du gaztetxoek zelan ikasten duten jolastu bitartean. Tartean, informazio ugari ematen du bideo jokoen gainean, eta argibide ugari, zelan hurbildu gazte horiengana.

Hiru liburuak oso ondo idatzita daude, eta erraz irakurtzen dira. Hirurek, gainera, lan ona egiten dute gure inguruan gertatzen ari diren aldaketak hobeto ulertzen. Horregatik, hirurak dira gomendagarriak.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/12/11 07:52:52.479 GMT+1
Etiketak: liburuak | Permalink | Erantzunak (2) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Oso interesgarria hirugarrena (sekretutxo bat: Joxek pasatu egin dit, eta horrela irakurri dut).

Lehenari buruz (The World is Flat), anekdota. Akaso pentsa dezakegu berrienari eta etorkizunari zuzendutako lema hauek ateraldi novissimoak direla... baina, hara non aurkitu dudan lema hori, Mundua Laua Da, 1968ko film batean. Peter Sellers-en The Party zoragarrian, elefantea daramatenean etxera, muturrean du margotua lema hori elefanteak, The World Is Flat. Nola ez dudan liburua irakurri, agian han ere aipatuko da lema ez dela berria, film horretan ez bada, 1960ko hamarkadako eslogan kontrakulturala dela.

Beste lema moderno bat, Print Is Dead. Papera hilda dago. 1984ko film batean aurkitu dut hau, Ghostbusters-eko Egon Spengler doktoreak pronostikatu zuen.

Bien azpitituluak aurtengo Gabonetan euskaratu ditut, umeei erakusteko film zoragarri horiek, eta halaxe egin dut topo bi esaldiekin.

Euskaratutako azpitituluak, webgunetxo honetan.

Nork: Luistxo Fernandez.2009/01/01 10:47:07.344 GMT+1
http://www.manterola.org/azpitituluak

Pozten naiz, Luistxo, Prenskyren liburua interesgarri iruditu zaizulako. Eta a zelako lana egin duzun beste bien izenburuen genealogia bilatzeko. Zorionak!

Nork: Joxe Aranzabal.2009/01/03 00:09:56.481 GMT+1
http://goiena.net/blogak/faroa

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak