Ez dugu elkar ezagutzen Xabi. Hala ere, joan den asteazkeneko finala ikusita eta zure ondorengo adierazpenak entzunda, animatu naiz gutun ireki hau idaztera, ez bainago bat ere ados azken aldi honetan jokatzen ari zaren rolarekin, zure taldearen indarkeria zuritzen, zurea barne.
Hasteko, esango dizut beti mirestu izan zaitudala, bai jokoagatik eta baita zelaitik kanpo erakutsi duzun portaeragatik. Liverpoolen zale egin nintzen zeu bertan ari zinenean, eta zuekin batera emozionatu nintzen Champions hura irabazi zenutenean, Milanen kontra. Poztu nintzen, halaber, Real Madrilek hartu zintuenean, ulertu bainuen zuretzat pauso bat gora zela. Jakizu, gainera, txikitan nik ere mirestu nuela Real Madril, Di Stefano handia eta Josetxo Arakistain atezain euskaldunaren garaian.
Gaurko garaietara itzulita, negargarria iruditzen zait iaz ezkero erakusten ari zareten portaera. Indarkeria erreibindikatzen duzue (“El futbol es para hombres” aldarrikatu zuen Mourinho misoginoak), eta biolentzia erabiltzen duzue jokoan, batez ere Barçaren kontra, gaur egun Real Madril baino hobea den taldea. Azken txapelketako hondar partidak eta Superkopakoak horren erakusgarri izan dira: muga-mugan jokatzen duzue (Khedirak Abidali buruan emandako ostikadak antz handia zuen De Jong-ek zuri Hego Afrikan bularrean emandakoarekin), presionatu egiten dituzue arbitroek zuen indarkeria normaltzat jo dezaten, eta ausartzen direnean zuetako bat zelaitik egozten, sekulakoak eta bost esaten dituzue.
Superkopa honetan —Pepe, Khedira eta Marcelo ez ezik—, zeu ere ikusi zaitut egurra ematen lotsa barik, eta indarkeria justifikatzen. Are gehiago, azken partidaren ostean erakutsi nahi izan zenuen talde bien errua izan zela gauzak gaizki amaitu izana. Bada sentitzen dut, baina ez. Marcelorena ez dago justifikatzerik. Ezta Mourinhoren erasoa ere. Eta arbitroak atera zituen txartel gorri guztiak ondo aterata egon ziren, nahiz eta, seguruenik, ez ziren nahikoak izan.
Kosta ahala kosta nahi duzue irabazi (bitartekoek justifikatzen dute helburua: tituluak; horixe da zuen mantra orain), eta galtzen baduzue, kosta ahala kosta saiatzen zarete bestearen garaipena zikintzen, batik bat aurkaria Barça baldin bada. Horregatik antolatu zenuten azken iskanbila eta ez zineten geratu zelaian, ikusteko txapeldunek zelan jasotzen zuten garaikurra. Shame on you!
Bide arriskutsua hartu duzue, Xabi, zuen jarrerak indarkeriaren eskalada baitakar. Eta hortik segituz gero, zerbait larria gerta daiteke. Pena sentitzen dut, ikusita zu ere Mourinhoren pretoriano bihurtu zarela. Madrilen inork ez dizu horrelakorik esango, edozer onartzeko prest baitaude titulu distiratsuren bat lortzearren, baina, nik, behintzat, horrela ikusten ditut gauzak.
Zaindu, gaizki esanak barkatu, eta ondo esanak kontuan hartu.
2011/08/19 08:00:42.322 GMT+2
Gutun irekia Xabi Alonsori
Nork: Joxe Aranzabal.2011/08/19 08:00:42.322 GMT+2
Etiketak:
xabi_alonso
barça
indarkeria
real_mardil
| Permalink
| Erantzunak (7)
| Errenferentziak: (1)
Errenferentziak:
...a href="http://www.gara.net/paperezkoa/20110820/285874/es/Refrendo-20-noviembre">Inaki Sebastian-Azaroak 20ko galdeketa Gutun irekia Xabi Alonsori Erreferentzia: Irakurketak 20110820 | Horrela bizi bagina beti! 2011/08/20 10:39:34.138 GMT+2

Erantzunak
Nork: Trintxerpe.2011/08/19 11:27:17.898 GMT+2
Nork: zalantzan.2011/08/19 11:54:11.323 GMT+2
Nork: borja.2011/08/19 17:03:28.910 GMT+2
Ados, zure iritziekin.
Mourinho Bartzelonan esan zuen "el futbol es para HOMBRES". Zer adierazi nahi izan zuen, Bartzelonako jokalariak ez zirela HOMBRES? Bartzelonako futbolariak ez direla benetako futbolariak? Munduko futbolaririk onena: Messi, eta munduko bederatzi txapeldunak ez direla ez gizonak ez eta futbolari onak ere?
Nork: efraingomez.2011/08/20 06:43:03.549 GMT+2
Nork: nbg.2011/08/20 16:38:32.217 GMT+2
Egia da Marcelok lehenago ikusi behar izan zuela aldagelako bidea eta mugako sarrera gehienak zuriek egin zituztela, baina Madrileko jokalari guztiak joko bortitzarekin nahastea ez da bidezkoa. Era berean, egia da Alves-ek esajeratzen duela, baina antzerkia denek egiten dute; adibidez, Di Maria-k kroketarena egin zuen Iniestak egindako sarreran. Bertzalde, Xabi Alonsori egiten ahal dizkiodan kritika bakarrak dira, alde batetik, adierazpen desegokiak eta, bertzetik, Espainiako selekzioan jokatu izana. Ez, bertzerik.
Nork: pello.2011/08/24 17:34:03.487 GMT+2
Nork: ARRI.2011/09/01 16:36:05.592 GMT+2
ZERGATIK