Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2008/10/23 08:11:31.394 GMT+2

Guraso bat ikasgelan

Atzo bestelako esperientzia bat izan nuen, irakaskuntzan hasi nintzenetik: ikasle baten ama eta ahizpa izan nituen ikasgelan, guk eskola eman bitartean. Ordu batzuk lehenago, Saskia Kamphuis ikasle herberehetarrak, zeina Erasmus egonaldi bat egiten ari baita gure artean, mezu bat bidali zidan, galdetuz ea bere ama eta ahizpa etor zitezkeen eskolara, egun hauetan bisitan baitaude Euskal Herrian, Saskia bera bisitatzen. Erantzun aurretik zenbait lankideri galdetu nien, baina inork ez zuen horrelako aurrekaririk: batzuk alde zeuden, beste batzuk ez, eta zenbaitek ez zekien zer erantzun. Azkenean, kontuan hartuta Carla eta Patty urrutitik etorriak zirela, eta aukera hori balia zezaketela hurbilagotik ikusteko zelako giroan ari den beren senitartea mugitzen, bada erabaki nuen baietz, haiek gonbidatzea ikasgelara.

Eskola berezia izan zen, neurri batean gonbidatuei esker. Gure hemengo ikasleek ondo hartu zituzten etorri berriak, eta, seguruenik horregatik ere, ohi baino adiago eta partehartzaileago aritu ziren, daukaten onena erakutsiz, gure eskolak ingelesez ematen ditugu-eta. Noiz edo behin, Carlak ere parte hartu zuen gure arteko eztabaida eta hausnarketetan, batez ere aztertu genuenean gure haurtzaroan zelako telebista saioak ikusten genituen, eta alderatzerakoan Herberehetan ikusitako saioak Euskal Herrian ikusitakoekin. Bukaeran, patxada handiagoarekin hitz egin genuen, eta pozik agurtu genuen elkar. Esperientzia erabat ona izan zen.

Nork: Joxe Aranzabal.2008/10/23 08:11:31.394 GMT+2
Etiketak: erasmus carla patty | Permalink | Erantzunak (0) | Errenferentziak: (0)

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak