Goiena.net Blog Komunitatea

Eskatu zure bloga   Sar zaitez blogera

2009/11/24 08:00:02.160 GMT+1

Golaren ondorengo erritualak

Partida amaitzear dago. Baloia, aurkariaren area txikian. Han, etxeko jokalari batek buruz bidali du sarera. Goooooool! Golegilearen ondoan, taldeko beste jokalari bati irribarrea loratu zaio aurpegian, eta taldekidea besarkatzera abiatu da. Honek baina, astindu egin du lagunaren besoa, eta arineketan urrundu da beste norabaitera, orro eta imintzioka. Halako batean, gelditu egin da, harmailetara begiratu du, besoak astindu, eta orduan bai, utzi die taldekideei bera besarkatzen. Oihuka segitu du, hala ere, haserre balego bezala.

Hainbat aldiz ikusi ditut antzeko egoerak futbolean, eta azkena joan den igandean, gure inguruan jokatutako partida batean. Badirudi jadanik ez dela nahikoa poza partekatzea taldekideekin. Haserre puntua erakutsi beharra dago, ahal bada keinu oldarkorrez lagunduta, gorilak nola, irabazitako borrokaren ondoren.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/11/24 08:00:02.160 GMT+1
Etiketak: gola futbola | Permalink | Erantzunak (6) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Eta, ez dakit harritzekoa den, baina gaztetxoek ere horrelakoak ondo baino hobeto ikasten dituzte, edota trikimailuak, behar bezalako jokaldiak imitatzen saiatu ordez.

Nork: Iñaki Murua.2009/11/25 00:45:52.195 GMT+1
http://imurua-botxotik.blogspot.com/


Futbolean jokatzen nuenean ez nintzen ni gol asko sartzen zituenetakoa. Baina egia da gola egin eta elkartzen zirela hainbat sentsazio esplikatzen samurrak ez direnak: norbera, taldea, zaleak, amorrua (zerbaiti ostikoa jo beharra)... Azkenengo minutuan bazen eta partida irabazteko balio bazuen...

Egia da gola egin, kolapso momentu hori bizi eta antzerkirako tartean ez daudela hainbeste segundu. Gaztetxoetan ere egongo da hori, edo horren zati bat.

Nork: oxel.2009/11/25 13:39:50.890 GMT+1

Beharbada hau guztiau ez da berria, eta ni hemen, gurpila asmatu banu moduan… Azken batean gorilak eta gizakiok ez gara, bada, senitartekoak? ;-) Eskerrik asko zuen erantzunengatik.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/11/25 22:18:11.773 GMT+1

Golak ospatzen gero eta barregarriago geratzen dira hainbat futbolari gaur. Telebistaren eragina izango ote? Protagonismo guztia bereganatu nahi izate hori? Zentzu horretan behintzat telebista kamerak kaltegarri izan dira futbolerako. Niri Satrusen ospatzeko modua gustatzen zitzaidan, batez ere Realaren aldeko golak zirelako... Edo Dennis Law, Alan Shearer edo antzeko jokalari dotoreen keinuak... Besoa altxa, korrika hasi eta ezer gutxi gehiago. Pailazokeriak, zertarako?

Nork: edu.2009/11/26 19:02:40.613 GMT+1
http://goiena.net/blogak/edu

Niri sekula ez zaizkit gustatu golak ospatzeko era modernoak. Noizean behin golen bat sartuz gero Satrus eta halakoen moduan egiten dut, salto gora!

Golak ospatzea dela eta... zein polita Jesus Mari Zamorak Gijonen sartu zuenean ospatzeko era hura.

Nork: Mikel Liz..2009/12/02 08:44:47.172 GMT+1
http://eibar.org/blogak/lizarralde

Ados. Gauza bat da poza erakustea, erabat normala eta logikoa. Beste bat antzerki hiper egolatra.

Nork: Joxe Aranzabal.2009/12/02 17:14:16.925 GMT+1

Idatzi artikulu bat





Erantzun galdera honi erantzuna argitaratzeko:
Zenbat dira lau eta bi? (zenbakitan)




Estatistikak